Estilo aldaketa, ekonomiaren indartzea eta kudeaketa eraginkorra nabarmendu ditu Markel Olanok, legealdi honetako ezaugarri gisa. EAJ-PNVren taldean lan egiteko gaitasuna aldarrikatu du Egibarrek, eta alderdiari bidea emateko eskatu du herrietan, Gipuzkoan eta Europan.
Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen garrantzian jarri du azpimarra, eta herritarrei gogorazi die bi aukera dituztela: “Aukeratu egin behar dute, edo geldialdira eta liskar amaigabeetara itzuli, edo EAJ-PNVrekin elkar-ulertzetik aurrera egin”. Ideia honetan sakonduz, azaldu du jokoan dagoena dela “gatazka soziala ezaugarri zuten garaitera itzuli” edota “etorkizunera egin, herritarrak entzuten dituzten, ekonomia lehenesten duten eta era egokian kudeatuta dauden erakundeekin”.
Olanok gaur Azpeitian egin den mitin politikoan hartu du parte. Ekitaldi berean hartu dute hitza, baita ere, EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek; Europako Legebiltzarrerako hautagai den Izaskun Bilbaok; eta Azpeitiko alkategai den Amaia Etxeberriak. Mitinean eskualdeko dozenaka alderdikide eta EAJ-PNVren jarraitzaile elkartu dira, tartean datozen hauteskundetan alderdi jeltzalea ordezkatu duten hainbat hautagai.
Bere hitzaldian, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaik esan du Gipuzkoa orain duela lau urte baino “sendoago” dagoela alor sozial eta ekonomikoetan, baina batez ere elkarbizitzaren esparrua azpimarratuz. “Elkarbizitzak nabarmen egin du hobera, alde batetik, indarkeriaren zikloa gainditzea lortu dugulako; baina, bestetik, atzean utzi digulako aurreko legealdian Gipuzkoaren ezaugarri izan zen polemika, etengabeko eztabaida eta liskar giroa”, adierazi du Olanok.
Honela, hautagai jeltzaleak Aldundian, EAJ-PNVren eskutik, eman den politika egiteko estilo aldaketari egotzi dio hobekuntza hau. “Gurea eredu ezberdina da, aurreratuagoa, gizarteari era aktiboan entzutea eta denontzako gobernatzea ezaugarri dituena”, nabarmendu du. Elementu honekin batera, Olanok beste bi aldaketetan ere jarri du azpimarra: “Alde batetik, lehentasun osoa eman diogu ekonomiari. Hau da, gure enpresen alde egin du, euren lehiakortasuna hobetzearen alde, kalitatez enplegua sortu eta gizarte ezberdintasunak murriztearen alde. Bestetik, gurea kudeatzeko era eraginkorra da, arduratsua eta zorrotza, eta lau urte hauetan berriro ere demostratu dugu”, adierazi du.
Euskal izarra Europan
Egibarrek, bere hitzaldian, EAJ-PNV eta ezker abertzalearen ibilbideak konparatu ditu berriro ere: “Orain diote ez dela horretaz hitz egin behar, ezker abertzalearekin sartzen naizela PPren botoak lortzeko… Hori dena baino askoz serioagoa da hau guztia”. Honela, arduradun jeltzaleak esan du alderdiak 1977an hartu zuen erabakia, “bide demokratiko eta politikoak bakarrik erabiltzearena”, erabaki “estrategikoa” izan zela. “Besteek beste bide batzuk hartu zituzten, eta orain gutxi arte horretan ibili dira. Horregatik, orain normala da herri honi azalpen bat edo beste zor izatea. Zeren eta, estrategia horretan, zeuden tokitik bide demokratikoetara pasatzea ez da zapata aldaketa soil bat”, aldeztu du.
Europara begira jarrita, Egibar esan du Europa eraiki nahi bada, “estatuak sortu aurretik europar orubean geunden herri eta nazioek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagu, eta kontinenteko errealitatean nola txertatzen aztertzeko. “Herri honek berei izarra izan dezan gainerako estatu eta nazioarekin batera, eta euskal orubean Herri hau eraikitzeko eskubidea daukagulako”, gehitu du. Honela, EAJ-PNVren “lidergo argi baten” alde egin du bai Gipuzkoan, Markel Olanorekin; bai Azpeitin, Amaia Etxeberriarekin; bai eskualdez eskualde; eta baita Europan ere, Izaskun Bilbaorekin. “Indartsuak gara taldean lan egiten, eta horregatik eskatzen dugu gure proiekturi bide emateko”, amaitu du.
Uriaren oroitzapena
Bere aldetik, Izaskun Bilbao europarlamentariak Inaxio Uria gogoratuz hasi du bere hitzaldia. Bere aldeko txaloak eskatu ditu, “ekintzailea izateagatik, Euskadi Europarekin lotzeagatik eta garraiobide garbiagoak sustatzeagatik galdu genuen pertsona. Eta, hau guztia, enplegua sortzen zuen bitartean”. Gertaera honek, Bilbaoren ustetan, ze pentsatua eman behar lieke honela kausa bat defendatzea edota Herria eraikitzea posible zela uste zutenei.
Ondoren, Gipuzkoaren espiritu berritzailean jarri du azpimarra, ezagutzan oinarritutako Europako garapen ereduarekin duen loturagatik, eta baita lurraldeak duen bokazio sozialean ere. Horretarako hainbat adibide erabili ditu, duela 30 urte hasi zen epe luzeko politika bati lotu dituenak. Gogoratu duenez, EAJ-PNVk gidatu zuen prozesu hura, eta denen lanari esker irten zen aurrera. “Hori da kanpotik ikusten den errealitatea eta Europan Euskadiren, bere erakundeen eta EAJ-PNVren izen ona hobetu duena”, azaldu du.
Amaitzeko, esan du argi geratu behar duela zer dagoen aurrez aurre hauteskunde hauetan: “EAJ-PNVren ereduak ideia modernoak ditu, garapen ekonomikoa eta soziala uztartzen ditu, eta ibilbide guztiz demokratikoa eta Europarekin lotura indartsuak dauzka. Beste txokoan, berriz, pentsatzeko eta egiteko bestelako moduak dituzte. Ia, ez, baina, ez dakit, ez dut uste, horrela edo batez eta nik esaten dudalako esaten dutenak dira. Zalantzak eta konplexuak dituztenak. Beraien ibilbideari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu beharrezkoa dela gutxienez azalpen bat eta, sinesgarriak izateko, barkamena eskatzea. Hau iraintzat har dezaketen bakarrak kontzientzia guztiz garbi ez daukatenak dira”, itxi du.
Azpeitia berpiztu
Azkenik, Azpeitiko alkategai den Amaia Etxeberriak esan du herriak “bultzada berritzaile eta eraginkorra” behar duela, azken urtetan bizi izan duen geldialdia gainditzeko. “Indarra eta lan egiteko gogoa Azpeitiaren ezaugarriak dira. Iraganean, egon zen garai bat non Udalak, EAJ-PNVrekin, asmatu zuen energia hori guztia kanalizatu eta Azpeitia alor askotan eredugarri izan zedin lortzen”, azaldu du. Hala ere, Etxeberriaren ustetan, azkenaldian udalerria “geldo” dago, eta ez du lortzen aurrera egiterik.
Bere ustetan, egoera honen erantzulea da EH Bildu, aurreko udal Gobernuen “errentetatik bizitzen egon delako”. Orain, ordea, “errenten poltsa hori hustu denean, gaur egungo udal Gobernuaren ezintasuna agerian geratu da”. Honela, esan du bera buru den hautagaitzak programa “sendoa” aurkezten duela, hortik hasita berriro ere “indartsua” izango den Azpeitia eraikitzeko. Industria, gizarte justizia, pertsona erdigunean jartzen duen hirigintza politika, elkarbizitza eta kultura dira Etxeberriak aldeztu dituen bost apustu nagusiak, horietatik hasita “Azpeitiak berriro ere galduena berreskuratu dezan”.