Gizarte alokairua gazteentzat, haurrentzako espazio egokiak, Adinberri egoitza eta lan aukera berriak sortzea, EAJren helburu nagusiak

Berdintasuna eta nortasuna zehar-lerro modura lantzeko konpromisoa ere hartu dute jeltzaleek, nortasun pasaitarra indarrean jarri eta Pasaia parekideagoa, euskaldunagoa eta biziagoa eraikitzeko eta pasaitarrei arlo ezberdinetan aukera berriak eskaintzeko asmoz.

Gizarte alokairua gazteentzat, haurrentzako espazio egokiak, Adinberri egoitza eta lan aukera berriak sortzea, EAJren helburu nagusiak 15Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 15 |
Oarsoaldea

PARTEKATU

Datozen urteei begira hainbat proiektu garatu ditu Nahikari Otermin alkategaiak bere hautagaitza talde berriarekin elkarlanean, baina horien artean herritarren benetako behar eta eskariei erantzuteko helburuarekin zenbait lehenetsi ditu.

“Programa osatzeko eta herritarren kezka nagusiak ezagutzeko inkesta bat banatu genuen etxe guztietara. Enplegua, etxebizitza aukerak, zahartzaroa…dira herritarren kezka nagusiak eta hasieratik esan dugu, herritarren kezkak gure egin eta horiei erantzuteko lan egingo genuela proiektu berriak garatuz eta landuz. Lanketa horren emaitza da osatu dugun hauteskunde programa, eta bertan ere jaso ditugu herritarrek egindako eskari eta proposamenak” azaldu du Nahikari Oterminek, Pasaiako alkatetzarako hautagaiak. 

Lehenetsitako proiektuak:

• Alokairu soziala gazteentzat:Adinberri egoitza eraikitzean San Pedroko babespeko pisuak gazteen eskura jarriko ditugu etxebizitza sarbidea erraztu eta aukera berriak eskaintzeko. Gainerako barrutietan ere alokairu sozialeko etxebizitzak sustatuko ditugu

• Haurrentzako eremu egokiak:haur eta gazteak dira gure etorkizuna, horregatik garrantzitsua da beren beharrei egokitutako eremu eta zerbitzuak eskaintzea eta beren partaidetza udalgintzan sustatzea. Ludoteka zein gaztelekuen azterketa sakona egingo dugu eskainitako zerbitzuak areagotzeko eta haur jolastokiak estaltzeko aukera ere aztertuko dugu.

• Enplegu aukera berriak:Adinberriri lotuta puntako berrikuntza gune berria sortuko da Pasaian eta horrek enpresak erakarriko ditu gurera lanpostu berriak sortuz. Enpresa parkea ere eraikiko da lan aukera berriak sortzeko eta langabezian dauden pertsonei formazioa eskaintzeko ere Enplegu Plana indartuko da. Azkenik, turismo jasangarria aukera modura ere bultzatuko da, bertako ostalaritzan eta merkataritzan ere eragin positiboa izan dezan.

• Zahartzaroa:etorkizuneko erronkarik handienetarikoa da eta beraz, behar berriei erantzun eta aurre hartu behar diegu. Horretarako, Hospitalillon, pertsonak ardatz hartzen dituen erreferentziazko zentro eta ikerketarako gunea, Adinberri, eraikiko da adineko pertsonen ongizate, zaintza eta bizi kalitatea hobetzeko eta zahartzaro aktibo eta osasuntsua bermatzeko. Guztira, 120 plaza, 25 apartamentu babestu eta eguneko zentroa eraikiko dira; parean plaza handi bat izango du egoitzak eta lur-azpian aparkalekua eraikiko da.

Pasaia parekidea, bizia eta euskalduna:

“Berdintasuna, eta kulturari eta euskarari lortuta, herri nortasuna sustatzea gure udal politiketan zehar-lerro izango dira, harrotasun pasaitarra berpiztu nahi dugulako, herritarrekin elkarlanean, harro egoteko Pasaia eraiki nahi dugulako, Pasaia parekideago bat eta euskaldunago bat, biziago bat” azaldu du Oterminek. Eta horretarako, “gure herria balioan jarri eta ezagutzera emango dugu, euskararen erabilera sustatzeko ekimen berriak abiaraziko ditugu, asialdiari, kirolari eta kulturari lotuta aukera berriak eskainiko ditugu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreala sustatzeko Berdintasun Planean jasotako ekimenak gauzatuko ditugu, besteak beste, puntu beltzak ezabatu eta gure kaleak seguruagoak bilakatuko ditugu” azaldu du Oterminek.

“Herritarren behar eta kezkei erantzuten dieten proposamen zehatzak landu ditugu; ezarriak ditugu gure lehentasunak eta lanerako prest gaude; Pasaia geldirik egon da urte luzez EH Bilduk konfrontazioan oinarritu duelako beti bere lan eredua eta sozialistek ere ez  dute jakin Pasaiari behin betiko bultzada ematen, ez direlako herritarrengandik gertu egon; izan dute beren aukera eta ez dute asmatu”. “EAJ-PNVren gidaritza behar du gure herriak, kudeaketa onaren bidetik aurrera egiten jarraitzeko, etorkizunari begira, elkarlana eta adostasuna oinarri hartuta; Pasaiari behin betiko bultzada ematera gatoz, proiektu berriekin, aldaketarako garaia delako, gure garaia, Pasaiarena, EAJrena” esanez amaitu du Oterminek.

Interesatu Zaitez