Ortuzarrek Basaurin esan du EAJ-PNV dela “Euskadiren defentsa bermatzeko aukera bakarra, udaletatik hasita eta Europako Parlamenturaino”
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Bizi-kalitatea eta kalitatezko enplegua. Alderdi horien inguruan hitz egin du gaur Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagai jeltzaleak EAJ-PNVk gaur arratsaldean Basaurin egin duen ekitaldi politikoan. Ekitaldi berean hitz egin dute Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Izaskun Bilbao Europako parlamentuko diputatu eta CEUS Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren zerrendaburuak eta Basauriko alkategai jeltzale Asier Iragorrik. Rementeriak baieztatu du bere lantaldea osatzen duten emakume eta gizonak “buru belarri ari direla jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko lanean. Gaur Bizkaian 30.000 pertsona gutxiago daude langabezian, duela lau urteko egoerarekin alderatuta; eskualde honetan soilik 3.200 langabe gutxiago dira, baina ez gara horrekin konformatuko . 60.000 pertsona lagundu behar diegu oraindik”. Baina, kopuruak garrantzitsuak badira ere, Rementeriak bere kezka guztien fokua jarri du Bizkaian sortzen den enpleguaren kalitatean. “Enpleguaren egonkortasuna behar dugu. Kontratu luzeak eta egonkorrak. Soldata eta baldintza duinak behar ditugu. Hori da denontzako etorkizun hobea lortzeko berme bakarra. Gure ekarpena egin dugu: kontratatzeko klausula sozialak. Aldundiak lehiaketa publikoetan saritzen ditu beren langileei baldintza onak bermatzen dizkieten enpresak. Eta, zerga alorrean ere, kalitatezko enplegua sortzen duena saritzen dugu. Denok lan egin behar dugu enplegu egonkorragoa eta duinagoa izan dezagun”, bermatu du Rementeriak.
Rementeriak era berean baieztatu du proiektuak dituela “enplegua sortzen jarraitzeko. Duela urte batzuk sortu ziren gaurko enpresak. Gaur abian jarri behar ditugu biharko enpresak. Eta, enpresak egon daitezen, ekintzaileak behar dira. Horregatik egingo dugu ekintzailetzarako nazioarteko zentro bat. Bizkaia dorrea izango da gure `Lezama´. Lezama da Athletic-en harrobia. Bizkaia izango da Bizkaiko enpresen `Lezama´, biharko enpresak sortzeko haztegia”. Halaber, hautagai jeltzaleak nabarmendu du herrialdean ezarriko duen mugikortasun eredu berriak Nerbioi-Ibaizabalen izango duela bere abiapuntua. “Mugikortasun berria nahi dugu, eta mugikortasun hori hemen hasiko da”, ezarri du . Rementeriak era berean azaldu du Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes eta Zeberioko alkateek urtarrilean planteatu ziotela herritarrek eginiko eskari bat,hau da, bidegorri sare bat egitea. Eskari hori hautagai jeltzaleak berak egiaztatu zuen eskualdera egin zuen bisitan, eta horregatik erabaki du mugikortasun eredu hori bertatik abiaraztea. “Ikusten ari zarete EAJk zertaz hitz egiten duen: Galdakaoko metroaz, bidegorriez, bizi-kalitateaz. Mugikortasun berriak eskualde osoa eraldatuko du. Metroa Galdakaoraino eta ospitaleraino joango da eta hori izango da ardatz nagusia. Bidegorriak sare horren osagarriak izango dira. Lehenengoa, Arrigorriaga eta Ugao lotuko dituena . Eta bi erronka: Basauri Bilborekin eta Basauri Galdakaorekin lotzea”, adierazi du Rementeriak maiatzaren 26ko hauteskundeetan parte hartzeko deia egin baino lehen. “Hori guztia egiteko, babesa behar dugu, boto asko. EAJ indartsua behar dugu horretarako, bestela ezinezkoa baita. Bizkaiak aurrera egiten du edo Bizkaia geldiarazita geratzen da”. EAJ-PNVko hautagaiak hautestontzietara joatearen garrantzia erakusten duten hiru adibide eman ditu: Zaratamon, EAJk bi botorengatik galdu zuen ; Arakaldon beste horrenbeste gertatu zen 11 botorengatik eta Zeberion 7 botorengatik irabazi zuen.
“Rajoy ere jabetu zen Basauriko trenbide zabalgunea guretzat zein garrantzitsua den”. Adibide honekin azaldu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVk euskal hiritargoari eskaintzen dion “alternatiba borobila”. “proiektu berbera, Euskadiren defentsa erakunde guztietan bermatzen dugun bakarrak gara, udaletatik hasita eta Europako Parlamenturaino eta baita Aldundietan,Eusko Jaurlaritzan eta Gorte Nagusietan ere. Hori EAJk baino ez du egingo EAJ delako alternatiba globala, alternatiba borobila eta erabatekoa”, esan du Ortuzarrek.
Ortuzarrek aldarrikatu du jeltzaleek gobernatu duten zortzi urte hauetan Basaurik bizi izan duen eboluzioa. “Herriren bat egon bada EAJren ereduari eta EAJren eraginari jarraitu nahi izan diona, Basauri izan da. Basauri eta Andoni Busqueten lantaldea. Madrilen lortu ditugun akordioak oso baliagarriak izan dira Basaurirentzat; Basauriko EAJren lantaldeak Euskal Agendan jarri duelako zuen herri osoa birgaitzeko proiektua”, azaldu du. “ Trintxera estaltzea lortu genuen, Sidenorri zuzenean eragiten dioten argindar tarifak lortu genituen, ahal izan duguna eta ezinezko zirudiena egin dugu San Migueletik trenbidea astiroago joan dadin, eta trenbide zabalgunea desagertzeak ekarriko du inguru guzti hori eraberritzea, geltokia hobetzea, etxebizitzak, aparkalekuak eta berdeguneak eraikitzea. EAJk Basaurirentzat daukan proiektua, Andonik lideratu duen lantaldea eta hemendik aurrera Asierrek lideratuko duena lortzen ari dira herri hau goitik behera aldatzea”, baieztatu du.
EBBko presidenteak aitortu du EAJ-PNVk indarrarekin eta ilusio handiz ekingo diela maiatzaren 26ko Udal,Foru eta Europako Hauteskundeei, apirilaren 28k Hauteskunde Orokorretako arrakasta ikusita, baina hautesle jeltzaleei ohartarazi nahi izan die eta eskatu die adi egoteko eta gehiegi ez lasaitzeko. “Begiratu bestela Barça edo Ajax taldeei gertatu zaiena. Partidak zelaian erabakitzen diren modu berean, hauteskundeetako emaitzak hautestontzietan erabakitzen dira, ez inkestetan. Lanean jarraitu behar dugu azken minuturaino, kalean, gure herrikideekin,senide eta lagunekin, Basaurirentzat, Bizkaiarentzat eta, jakina, Europari begira ditugun proposamenak azalduz. Hiru hautestontzi, hiru boto ezberdin, boto berbera: EAJ. Balio hirukoitza duen botoa Basauriren interesak defendatzeko, Bizkaia defendatzeko, Euskadi Europan defendatzeko. Batean hiru”.
Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak Basauriren hobekuntza eta eraldaketa aipatu ditu Euskadi osoan onerako bizi izan den aldaketaren eredu gisa.“Denon lanari esker egin da eta EAJ-PNVren lantalde bikainaren lidergopean. Ez gara hitz egitera mugatzen. Guk egin egiten dugu. Eta egiten dugun hori da garapen ekonomikoa eta garapen soziala uztartuta. Hazi egiten gara banatzeko. Integratzeko. Guk ez dugu inor bidean utziko. Gure helburu nagusia pertsonak direlako” . Eta lortzeko- azpimarratu du- EAJk ihes egiten du gezurretik, gatazkatik eta eztabaida antzutik. Gasteizko alkate jeltzaleak erabili ohi duen adierazpena erabilita esan duenez “Jendeak konfiantza du EAJrengan gauzen politikan gaudelako, beste batzuk politikaren gauzetan dauden bitartean. Jendeak ez du bromarik, eztabaida hutsalik, deskalifikaziorik nahi,… zerbitzuak, proiektuak, inbertsioak, gizarte babesa nahi ditu. Hori da jendeak behar duena eta eskatzen diguna”. Orduan, gogora ekarri ditu Basauri sartuta dagoen Europako hainbat programa eta nabarmendu duenez “horrela funtzionatzen dugu ere, Txinako altzairuaren arazoarekin, gure siderurgia mehatxatzen zuena, Basaurin. Gure sailburu andrea dumping-aren kontrako neurriak aktibatzeko bilera kritikora joan zen. Bruselan izan ginen altzairuaren euskal hirietako alkateekin eta horrela hainbat eta hainbat arazo konpontzeko, Basaurin sortzen eta Europan konpontzen diren arazoak”. “Horregatik -amaitu du- etxetik 1200 kilometrora nagoenean nire jendea, nire itsasoa, nire kresal usaina faltan botatzen ditudanean, nekea datorrenean, goiari eusteko arrazoiak egon badaude: Basauritik heldu den mezu elektronikoa, Arabako Errioxatik jasotako deia, Pasaiako arrantzale batzuen bisita….eta arazoa konpontzen da. Horrela lan eginez, elkarrekin, lantalde gisa, Europan irabazi dugu garen bezala tratatuak izatea: benetako Herria”.
Asier Iragorri Basauriko alkategai jeltzaleak bere aldetik baieztatu denez “udalerri honek aurrera egiten eta pertsonak zaintzen jarraitu behar du. Gure aurkezpen gutunik onena da azken urteotan eginiko lana, baina erronkak baditugu aurrera egiten jarraitzeko”. Iragorrik gogoratu du EAJ-PNVk gobernatu duen azken zortzi urteotan Basaurin 500etik gora etxebizitza babestu egin direla eta orain “beste 345ren eraikuntza bultzatu nahi dugu Azbarrenen, horietako 245 izango dira alokatzeko; gure txikientzako aisia guneak zabaltzen jarraitu nahi dugu, La Arena parkea eraberrituz eta zati batean estaliz; Basauriko herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzen jarraitu nahi dugu”. Iragorrik era berean nabarmendu duenez, hori dena egiteko “Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jasotzen jarraituko dugu, azken urteotan beti lagundu digulako behar izan dugun guztietan. Horra hor Soloarteko harresia eta ibilbidea konpontzeko , San Miguelerako bidegorrirako eta Artunduaga pabilioirako diru laguntzak. Milioi bat eurotik gorako kopurua izan da osotara”, amaitu du .