Aitor Aldasoro: “gertutasunean, gardentasunean, kudeaketa eraginkorrean eta partaidetzan oinarrituko dugu gure lana”

Legealdi honetan bezalaxe Gobernu Ona oinarri hartuta lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du alkategai jeltzaleak. Proposamen nagusiak: iGunea arratsaldez zabaltzeko aukera aztertzea, zerbitzu berriak Beasainera ekartzea –ITV, NAN..- Udaltzaingoa urteko 365 egunetan ezartzea, Haurren Hiria proiektuak abiaraztea eta partaidetza digitala sustatzea.

Aitor Aldasoro: “gertutasunean, gardentasunean, kudeaketa eraginkorrean eta partaidetzan oinarrituko dugu gure lana” 14Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 14 |
Beasain

PARTEKATU

Beasaingo EAJ-PNVk datozen lau urteetarako osatu duen programak 5 ardatz nagusi ditu eta Gobernu Onari dagokion ardatz estrategikoa aurkeztu du gaur Aitor Aldasoro EAJ-PNVko alkategaiak.

“Egitera goazena bezain garrantzitsua da hori nola egingo dugun adieraztea. Herritarrek dagoeneko badakite gure lan eredua zein den, ikusi dute azken lau urteotan nola egin dugun lan eta aurretik ere Alderdiak erakutsi du hitza betetzen dugula, konpromisoak hartu eta bete egiten ditugula eta zintzo jokatuz eta baliabideak ondo kudeatuz lan egiten dugula” adierazi du Aldasorok.

Horregatik, beste behin gure jarduna eta kudeaketa gobernu onean oinarritzeko konpromisoa hartzen dugu, gertutasunetik, gardentasun osoz, zintzotasunez, zorroztasunez eta eraginkortasunez lan egiteko. “Gobernantza eredu berrian sinesten dugu, beasaindarrekin elkarlanean lan egiten jarraituko dugu, partaidetzari espazio handiagoa emanez” aitortu du Aldasorok. Horretarako, batetik Haurren Hiria proiektua abiaraziko dutela azaldu du, gazteen partaidetza, inplikazioa eta erabakimena udalgintzan indartzeko batetik, eta herria beren iritzi eta beharrak kontuan hartuz eraikitzeko, bestetik. Parte-hartzea sustatzeko hau arautu eta sistematizatuko dutela ere jakinarazi du Aldasorok eta parte-hartze digitala sustatzeko bide berriak aztertuko dituztela ere esan du.

Kalitatezko zerbitzuak:

“Hasieratik esan dugu administrazioak garai berrietara egokitu behar duela herritarrei erraztasunak eman eta beren beharrei erantzuteko; horretarako, telematikoki egin daitezkeen tramiteak areagotzeaz gain, iGunea, Herritarren Arreta Zerbitzua, arratsaldez zabaltzeko aukera ere aztertuko dugu” adierazi du Aldasorok. Halaber, “kalitatezko zerbitzu erosoak eskaintzen ere jarraituko dugu: hondakin bilketa, ur-sarea... eta berriak martxan jartzeko lan egingo dugu: ITV, NAN…Berriki jakin dugu, gainera, Eusko Jaurlaritzak ITV gune berria Beasainen kokatzea erabaki duela; bi urte eman ditugu lanean eta lanaren emaitza  izan da hartutako erabakia, beraz, orain lanean jarraitzea dagokigu zerbitzu berria ahalik eta azkarren martxan egon dadin”.

Azkenik, udaltzaingoaren zerbitzua zabaldu eta hobetzeko Ordiziako udaltzaingoarekin elkarlanean proiektu berria abiaraziko da zerbitzua urteko 365 egunetan eskaintzeko. “Jada hasiak gaude proiektua lantzen eta beraz, datorren legealdi hasieran martxan jartzeko bidean izango gara” azpimarratu du.

Interesatu Zaitez