Eneko Goia: "Eusko Jaurlaritzak lagunduko du Donostiako bigarren Talent House-aren finantzaketan"

Donostiako alkate eta EAJren alkategaiak eta Pedro Miguel Eetxenikek Donostia ezagutzaren hiria izaten jarraitzeko proposamenak zehaztu dituzte

Eneko Goia: 14Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 14 |
Donostia
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Eneko Goiak, Donostiako alkate eta EAJren alkategai denak, gaur eman du Eusko Jaurlaritzak Donostiako bigarren Talent House-aren finantzaketarako hartu duen konpromisoaren berri. “Ekipamentu estrategikoa da”, ikertzaile eta zientzialariak hirira erakartzen lagunduko duena.

Talent House-en egin du Goiak agerraldia, Donostia International Physics Center-eko lehendakari den Pedro Miguel Etxenike jaunarekin batera, eta han adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak hirian goi-mailako zientzialariak ostatatzeko bigarren egoitza eraikitzen laguntzeko asmoa du.

"Proiektu honi laguntzeko Eusko Jaurlaritzak erakutsi duen borondatea albiste bikaina da datorren legealdian Donostiako talentuaren etxe berria egia bihurtu ahal izateko", adierazi du.

Ikertzaileentzako bigarren egoitza bat bultzatzea ezinbestekoa da, “ikusi baitugu pertsona gehiago hartzeko gaitasunari dagokionez lehenbizikoak sabaia jo duela".

Modu oneko egoitza eskainirik, nazioarteko talentua erakartzea da zerbitzu honen helburua. Ondo baino hobeto betetako xedea, lehenbizikoa 2011. urtean inauguratu zenetik 1.500 ikertzailek baino gehiagok erabili baitute udal instalazio honek eskaintzen duen ostatu-zerbitzua. Zenbait kasutan, ikertzaile eta zientzialariek bakarka erabiltzen dute, baina familiak ostatatzeko aukera ere eskaintzen du. Gaur egun, Talent Housek 80 apartamentu ditu, eta, guztira, 168 pertsonari eman diezaieke ostatu. Batez besteko okupazio-maila % 85 ingurukoa da. Eskaintzen dituen zerbitzuen artean daude administrazio-izapideak egiteko lehen laguntza presentziala, ostatu-zerbitzua eta bikotekideei beren garapen profesionalean laguntzekoa.

Eraikina ireki zenetik orain arte 68 nazionalitatetako bezeroak izan ditu. %77 mundu zabalekoak dira, eta %23 Espainiatik etorriak.

Ezagutzaren hiria, aberastasun iturri

Eneko Goiaren ustez, Donostiak "ezagutzaren hiria izan behar du, Gipuzkoaren izaera industrialarekin erabat lotuta".

"Zientzia eta teknologia, zerbitzu aurreratuak eta sormenaren ekonomia dira gure indarguneak. Eta hor dugu lehiakorrak izaten jarraitzeko bide garbi bat, ikerketari, garapenari eta berrikuntzari lotutako ekonomia garatuz. Horrek ahalbidetuko digu gure gazteei euren hirian geratzeko aukera eskaini ahal izatea, baina kanpoko jendearentzat ere erakargarri izango gara", adierazi du.

Alkateak gogorarazi du EAJk lortu zuela Estatuko Aurrekontu Orokorretan bost milioi euroko konpromisoa sartzea Miramongo CIDETEC zentroan bateria elektrikoen karga hobetzeko proiektu bat garatzeko.

“Hori da EAJk hirian egiten duen apustua garapenaren eta ikerketaren alde: gure zentro teknologikoentzat finantzaketa lortu eta Donostian aberastasuna sortzen lagundu”, adierazi du.

Berrikuntza proposamenak

Horrekin batera, EAJk Donostiarako hauteskunde-programan jaso du zerbitzu zientifiko intentsiboak eskaintzea eta I+Gko establezimendu kopurua handitzea, Donostia zerbitzu aurreratuen gune integratu bihurtzea xede. Gainera, unibertsitatean eta Lanbide Heziketako goi zikloetan ekintzailetza sustatu nahi du, bereziki zerbitzu aurreratuen esparruan.

Goiak biozientziak sustatzeko konpromisoa hartu du, Miramongo ikerketa zentroak eta ospitaleak bultzatuz, eta arreta berezia eskainita, besteak beste, terapia genikoari, robotika medikuari eta osasun-dispositiboei; Ikerketa aurreratua sustatuko du nazioartean bikaintasuna aitortua duten zentroak bultzatuz -Donostia International Physics Center, Tecnalia, Cidetec, Graphenea…-; Donostian Foru Aldundiaren laguntzaz eraikiko diren elektromugikortasun eta zibersegurtasun zentroak baliatuko dira "ikerketa-poloak sortzeko, herrialdera enpresa berriak erakarriko dituztenak”; eta lan berezi bat garatuko dugu “Eskusaitzetako industriagunera etor daitezen energia berriztagarri eta eraginkorren arloan aritzen diren enpresak.”

"Eta hori guztia alor ugari hartuko dituen garapen jasangarriaren bidez lortzeko gai izan behar dugu. Giza-garapen iraunkorraz ari gara, garapen ekonomiko jasangarriaz, ingurumen jasangarriaz", adierazi du Goiak.

Aldi berean, alkate eta hautagaiak esan du “beharrezkoa dela unibertsitate-eskaintzaren eta bikaintasunaren esparruan zentro berrien sorrera sustatzea. Atal honetan, kirolari aplikatutako goi-errendimenduko zentro teknologikoa sortzea bultzatuko dugu, kirol mailako ezagutzaren erdigune eta elkargune bihurtuko dena”.

Horrekin batera, ezagutzaren transferentzia ekoizpen-ehundurara bideratzeko, EAJk BIC-Gipuzkoaren bio-inkubagailua bultzatzea proposatu du start up-ak garatu daitezen. Inbertsio publikoa indartzeaz gain, Udalak finantzaketa eta bazkide pribatuak erakartzeko estrategia eraginkorra bultzatuko du.

Bestalde, Goiaren ustez garrantzitsua da hirian ezagutza zientifikoaren hedapena bultzatu eta zientzia eta kulturaren arteko harremana bideratzea, eta horretarako Passion for Knowlege Festibala bultzatzen jarraituko du .

Azkenik, Goiak adierazi du berrikuntza eta ezagutza zabaldu daitezkeela Donostian hazteko baldintza egokiak dituzten beste alor batzuetara, hala nola hirugarren sektorea edo zaintzarena, ikus-entzunezkoei lotutako ekonomia, gastronomiaren arloko berrikuntza, diseinua eta kirola.

“Badugu egitura, baditugu ekimenak, alor horietan ikerketa eta garapen berezituari loturiko jarduera kualifikatua eragiten lagun dezaketenak”, adierazi du.

Interesatu Zaitez