Donostiako alkate eta alkategai jeltzaleak kirolaren gaineko teknologia berritzaileen gunea egitearen alde egin du. Bertan, sustatuko dira adituen ezagutza, kirolaren gaineko enpresa teknologiko berrien sorrera, eta sektorearen enpresen arteko sareak eta itunak
EAJ-PNVren Donostiako alkategai Eneko Goiak Kirol arloko proposamenak aurkeztu ditu. Eta ildo nagusiak dira hiriko kirol instalazioak hobetzea eta modernizatzea. Hortaz, Goiak proposatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera partzuergo bat sortzea Anoetako kirol-hiriaren kudeaketa egiteko, eta hiriko kirol instalazioak berritzeko.
Goiak adierazi du, behin Anoetako Estadioa eta Belodromoaren atletismo pista berrituta, ordua dela beste instalazioak berritzeari ekiteko.
Horiek horrela, hautagai jeltzaleak esan du, Estadio Txikia - hilabeteak daramate lanean -, Illunbe, Atano III.a edo Josean Gasca kiroldegia berritzeak Donostian zein Gipuzkoan onurak izango dituela, izan ere, klub eta kirolari asko dira instalazio horiek erabiltzen dituztenak. Horregatik, Goiak uste du, kirol-hiri moderno bat egiteko irtenbiderik onena baliabideak modu partekatuan kudeatzea dela, betiere, instalazioak kluben eta Kirol Txartelaren erabiltzaileen eskura jarriz.
Kirolaren gune teknologikoa
Ildo beretik, EAJ-PNVren hautagaiak proposatu du kirolaren gaineko teknologia berritzaileen gunea sustatzea, hirian zein lurraldean dagoen ezagutzaz baliatuz. Hortaz, Eneko Goiak proposatu du Donostiak sustatzea erakundeek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalak), kirol entitateek (Reala bazkide nagusi delarik, eta beste hainbat kluben parte hartzearekin) eta bazkide teknologikoek (Tecnalia, IK4, Unibertsitateak, osasun ikerketzaileek…) osatuko luketen gunea. Eta helburua da hiriarentzat enpresa-sektore estrategiko berri bat sortzea eta kontsolidatzea.
Bertan, dibulgazio, sentsibilizazio eta formazio ekintzak egingo lirateke, baita sektoreak dituen beharrei aurre egiteko ikerketa-proiektuak (osasuna, kirolari aplikatutako teknologia berezia) zein hazteko aukera handiak dituen sektorean enpresa-ekimen berrien sustapena ere.
Altzako kiroldegia eta kirol instalazio berriak
Anoeta kirol-hiriaren hobetzearekin eta berritzearekin batera, Eneko Goiak azpimarratu du, hurrengo legealdian ere segidako proiektuak amaituko direla: Altzako kiroldegia, atletismoa eta errugbia egiteko Anoetako estadio txikia, belar hockey zelaia edota Herrerako futbol zelai zaharra ordezkatuko duen Merkear-eko zelaia.
Goiak, halaber, gaineratu du, beharrezkoa dela Kirol Txartelaren zerbitzuak hobetzea eta handitzea. Eta helburua da bazkide-kopurua handitzea eta 52.000 bazkide izatera iristea. Horretarako, proposatu du instalazio berriak egitea Loiolako Erriberetan edo Txominenean, eta Bidebietako kiroldegia berritzea. Izan ere, horrenbestez, zerbitzuak indartuko dira, betiere, berrikuntza sustatuz eta kalitatea hobetuz.
Eneko Goiak adierazi du, beharrezkoa dela hirian kirola aire librean egitea bultzatzen jarraitzea. Eta horretarako EAJ-PNVk hauteskunde programan segidako ekimenak jaso ditu: aire librean hiri-gimnasio sarea sortzea, skate gune berriak egitea, kirol anitzetarako aisialdi pista gehiago jartzea, eta Loiolako Erriberetan piraguismo zentro berria egitea Urumea ibaiak ematen dituen aukerez baliatuz.
Emakumeen kirola sustatu
Emakumeen kirolak atal berezia du Donostiako EAJ-PNVren programan, eta laguntzea, garatzea eta sustatzea dira atalaren ildo nagusiak. Donostiako alkategai Eneko Goiak gogorarazi du, Donostia emakumeen kirolean erreferente dela, eta hiriko emakumen kirolak arrakasta handiak izan dituela ospe handiko garaipenekin.
Hautagai jeltzaleak,halaber, gogorarazi du, legealdian zehar Udalak Kontxako banderaren emakumeen eta gizonen sariak berdindu dituela, berdintasunaren aldeko aurrerapauso garrantzitsua eginez.
Horren harian, Goiak honakoa gaineratu du: "Emakumeen kirola laguntzen jarraituko dugu eta, horretarako, laguntza ekonomiko bereziak bideratuko ditugu, eta sustapen zein ikusgarritasun kanpainak egingo ditugu. Eta horren guztiaren helburua da lizentzia federatiboak hazten jarraitzea eta egungo %33tik %40ra pasatzea".
Kirola osasuna eta gizarte kohesioa hobetzeko tresna
Eneko Goiak azpimarratu du, kirola egitea garrantzitsua dela gizarte aktibo, osasuntsu eta bizi-kalitate hobea izateko. Hautagai jeltzalearen iritziz, kirolak batu egiten dituela adin, sexu eta jatorri ezberdinetako pertsonak. Eta era berean, gizarteratze tresna dela. Hortaz, Gizarte Kirol Txartela edo Gurasobakarren Kirol Txartela modalitateak sustatzen jarraituko dutela esan du Goiak, baita arlo ezberdinetako elkarte zein kirol egokituaren federazioarekin elkarlana sustatzen ere.
Egun, donostiarren %70 baino gehiagok kirola egiten dute. Eneko Goiak honako erronka jarri du: "Bataz besteko hori %75era iristea, eta horretarako ezinbestekoa da elkarlanean aritzea hiriko kirol-eragileekin". Halaber, adierazi du jarduera fisikoa egiteak osasuntsu egotearekin duen lotura indartzeko ekimenak bultzatzea ezinbestekoa dela, eta besteak beste, PIZTU programa auzo guztietara hedatzea. Programa horretan Osakidetzako medikuek kirola agindu egiten diete paziente askori.