Maite Peña: “Errenteriak bizi duen paralisi egoerari buelta eman nahi diogu”

EAJ-PNV-ren hautagaiak programa aurkeztu du, “anbizio handikoa bezain errealista”, errenteriarrek “aukera gehiago eta premia gutxiago” izan ditzaten

Maite Peña: “Errenteriak bizi duen paralisi egoerari buelta eman nahi diogu” 09Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 09 |
ERRENTERIA

PARTEKATU

“Errenteriak bizi duen paralisi egoerari buelta eman nahi diogu”. Hala adierazi du gaur arratsaldean Maite Peña Errenteriako EAJ-PNVren alkategaiak, Kaputxinoak auzoan egindako agerraldian. Bertan, hautagaitza osatzen duten kideekin batera maiatzaren 26ko hauteskundeetara jeltzaleek eramango duten programa aurkeztu du. Peñaren esanetan, azken lau urteotan udal gobernuak egindako kudeaketaren emaitza “bistan dago”. “Izan ere, Gipuzkoan hirugarren herria gara biztanleriaren tamainari dagokionez, baina azkenetakoak gara adierazle ekonomiko eta sozialetan. Adibidez, langabezia tasa Errenterian lurraldekoa baino ia hiru puntu altuagoa da. Eta hori kezkagarria da guretzat. Beraz, prest gaude egoera horri buelta emateko, eta Errenteria dagokion tokian jartzeko”.

“Errenteria indartsu bat nahi dugu, ekonomikoki eta sozialki”, nabarmendu du hautagai jeltzaleak, zeina konbentzituta agertu baita udalerri bat “elkarlanean eta elkarrekin eraikitzen dela, herritarrei benetan entzunez, zeren bakarrik horrela lortuko baitugu Errenteria seguruago eta erosoago bat, biziagoa eta berdinzaleagoa, eta ongizate handiagoarekin”.

Ildo horretan, Peñak nabarmendu du lanari ekingo diotela errenteriarrek “aukera gehiago eta premia gutxiago” izan ditzaten, “inor atzean utzi gabe”. Eta gehitu du horretarako langabezia tasa hobetu behar dela, errenteriarren “bizi kalitatea” hobetu ahal izateko. “Eta horregatik diogu ekonomia suspertzea eta babes soziala txanpon beraren bi aldeak direla”.

Peñak azaldu duenez, horretarako Errenteriako EAJ-PNVren proiektuak, (“anbizio handikoa bezain errealista”), bi ardatz ditu: “Batetik, ekonomia suspertzea; eta bestetik babes soziala sustatzea”. Dena den, ohartarazi du “bakarrik bi arlo horiek uztartuta lortuko dugula errenteriarren bizi kalitatea nabarmen hobetzea”.  

Bere hitzaldian, Peñak gogorarazi du berriki 40 urte bete direla lehen udal hauteskundeak egin zirela demokrazian, Francoren diktadura eta gero. Eta Errenterian beti egon da alternantzia bat alkatetzan, ezker abertzalearen eta PSEren artean. Peñaren esanetan, bi alderdi horiek egindako kudeaketaren emaitza “bistan dago”. “Izan ere, hirugarren herria gara biztanleriaren tamainari dagokionez, baina azkenetakoak gara adierazle ekonomiko eta sozialetan. Adibidez, langabezia tasa Errenterian lurraldekoa baino ia hiru puntu altuagoa da. Eta hori kezkagarria da guretzat. Beraz, prest gaude egoera horri buelta emateko, eta Errenteria dagokion tokian jartzeko”.

Zure Errenteria partaidetza prozesuaren bitartez, “herritar askok helarazitako kezkak eta ekimenak” eskertu eta gero, zehaztu egin ditu EAJ-PNVren programa osatzen duten proiektu eta hobekuntzen artean (5 ardatz, 30 ekintza ildo eta 72 proposamenekin), horietako batzuk aurreratu ditu. “Gainera, ez dira ideia hutsak edo ke salmenta, proiektu egingarriak baizik”, nabarmendu du.

Errenteriako segurtasuna hobetzea 

Segurtasuna hobetzea izan da errenteriarrek gehien nabarmendu duten gaietako bat, joan den martxoan postontzietara bidalitako galdeketaren bitartez. “Gure helburua da herritarren bizi kalitatea hobetzea, herri seguru batean daudela sentitu dezaten”, esan du Peñak, zeinak epe motzean txoke plan bat proposatzen duen, “gatazka sortzen duen eremu bakoitzeko”; eta epe ertainean nahiz luzean, bestelako neurriak, “segurtasuna eta segurtasun sentsazioa areagotzeko”.

Elkarbizitzan aurrera 

Peñak goraipatu du azken urteotan Errenteriak “bide eredugarria” egin duela bizikidetzaren alde, alderdi guztien arteko “elkarlanari esker”. “Era diskretuan eta  adostasunetara helduz lan egin dugu, beharrezkoa dugun elkarbizitza berreskuratzeko helburuarekin”. Hasitako bidea “oso positibotzat” jo badu ere, gaineratu du “lanean jarraitu behar dugula kultura demokratikoa finkatzeko, eta horretarako gure konpromisoa berresten dugu Errenteriako elkarbizitzan aurrera egiteko”.

Ekonomia berpizteko plana

“Lanean ari gara Errenteria indartsu bat lortzeko, gaur egun ez baita halakoa. Herrian zehar paseatzen noala, tristura sortzen dit ikusteak gero eta lokal huts gehiago dagoela eta enpresa jarduera gutxiago”, esan du Peñak; eta gaineratu du horretarako EAJ-PNVk txoke plan bat duela Errenteria arlo ekonomikoan berpizteko. Besteak beste, turismoa gehiago sustatu nahi dugu, merkataritza indartzeko neurrian hartuta, ekintzailetza sustatuta. Era  berean, TKNIKA eta DON BOSCOrekin elkarlana sustatuko dugu, gure herriko gazteen lan aukerak areagotzeko. Industria teknologikora bideratutako ikasketak bultzatuko ditugu, bi zentroen ezagutzak baliatuz eta bertan formatutako pertsonek gure herrian arlo horretako enpresak eratzeko laguntzak eta aholkularitza eskainiko ditugu, Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin elkarlanean”.

“Bestalde, zenbait neurri proposatzen ditugu bai lehen sektorea motor ekonomikoa izan dadin; eta baita kultura ere, beste hirietan dituzten ereduei jarraituz kultura motor ekonomikoa izateko”, esan du hautagai jeltzaleak. Baita aurreratu ere enplegu plan bat dutela prest, zailtasun handienak dituzten pertsonak, formakuntza jasota, lan munduan sartu daitezen”. 

Gizarte babesa

Peñak oroitarazi du EAJ-PNVrentzat sustapen ekonomikoa “beti doala lotuta gizarte babesarekin”; eta helburu horrekin “ekonomia sortu nahi dugu, lehenik, pertsonek aukera gehiago izateko; eta bigarrenik, Udalak baliabideak izan ditzan gehien behar duten pertsonei laguntzeko”. 

Gizartearen zahartzea, erronka modura

Peñak iragarri du gizartearen zahartzeari “aurre egin diezaiogun”, adinekoen “arreta eta autonomia” areagotzeko ekimenak indartu eta berriak martxan jarriko dituztela, hala nola, Etxez etxeko laguntza hobetu, zainpeko apartamentuak martxan jarri, eguneko arreta areagotu, zahartze aktiboa sustatu, bakarrik bizi diren adinekoen etxean ke detektagailuak jarri, bakardadearen aurkako programak martxan jarri, adinekoen behatokia sortu…”.

Auzoak biziberritzea 

Arlo honetan, Peñak berretsi du ez dutela nahi Errenteria “gero eta itxiago bat, bere baitara bildua”, baizik eta Errenteria “irekia eta bizia”. “Baina herri bat bizirik egon dadin –erantsi du- ez da nahikoa erdigunean bizitza egotearekin, ahaztutako biziguneak, hau da, auzoak, horiek ere bizi-bizirik egon behar dira”. Hori dela eta, jakinarazi du plan integrala egingo dutela, herriko auzoetan bizia berreskuratu eta mantentzeko plan integrala egingo dugu. Azterketa sozio-urbanistikoen bidez beharrak identifikatuko ditugu eta ondorioztatzen diren neurriak hartuko ditugu. Peñak lehentasuntzat jo du auzoek “zerbitzuak izatea”,  bertan “oinarrizko merkataritza” mantentzea eta berreskuratzea, eta baita auzo barruko “irisgarritasuna eta garbiketa” hobetzea ere.  

Errenteria euskalduna

Peñak adierazi du “gure beste lehentasuna” izango dela euskararen erabilera indartzea  eskolatik kanpo, kalean, kirolean, aisian eta bizitza soziala. “Euskararen erabilera sustatzeko, sektore desberdinekin zehar-lerro bezala landuko dugu, laguntza eta ikastaro espezifikoak eskainiz merkatari, ostalari edota atzerritarrei”. 

Irtenbidea aparkaleku eta zirkulazio arazoei

Alkategaiak azpimarratu duenez, Errenterian aparkalekua eta zirkulazioa “kaos bat dira”. “Horregatik, auzoz auzo dauden beharrak jakiteko azterketa bat egiteaz gain, proposatzen dugu Zumardian lurpeko aparkalekua egitea; Alabergako errotonda ere beste era batera arautuko dugu, Iztietako autobus geltokia handituta, erabiltzaileek arriskurik gabe autobusera igo eta jaitsi daitezen”. “Baita ere proposatzen dugu Errenteriako sarrera-irteera guztiak beste modu batera arautzea”, amaitu du Peñak. 

Interesatu Zaitez