“Esperientzia, kudeaketa gaitasuna eta Zarauzko bizitzan inplikatuta dauden” 21 pertsonaz osatutako hautagaitza aurkeztu zuen
Zarauzko EAJ-PNVk ekitaldi politikoa egin zuen atzo, datorren maiatzaren 26ean ospatuko diren udal hauteskundeetarako hautagaitza eta hauteskunde programaren lan ildo nagusiak aurkezteko. Hitzordua Lege Zaharren enparantzan izan zen eta talde jeltzalea osatzen duten 21 kideek “Zarautzen alde eta zarauztarren alde lanean jarraitzeko eta legealdi honetan eskuratutako lorpenei bultzada bat emateko ilusioa eta gogoa” dutela berretsi zuten. Ekitaldian, Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, hartu zuen parte, baita.
Xabier Txurruka hautagaiak ekitaldiari hasiera eman zion “duela lau urte aurkitzen ginen bidegurutze berean aurkitzen garela” gogoraraziz zarauztar guztiei: “Zarauztarren gehiengo batek gugan jarri zuen konfiantza orduan, udala urteetako geldialditik esnarazi, eta urte asko aktibatzeko esperoan zeuden proiektu ugari martxan jartzeko. EAJ-PNVren kudeaketa gaitasuna Zarautzen zerbitzura jartzeko bokazioarekin iritsi ginen gobernura, bi helburu nagusirekin: etenaldiaren etapa gainditu, ordura arte aurrera atera ez ziren proiektuak martxan jarriz, eta lankidetzan, parte-hartzean eta eraginkortasunean oinarritutako Udaletxea kudeatzeko modu berriari bidea eman. Eta hala egin dugu”.
Zentzu horretan, proiektu guztietan, beti, pertsonak erdigunean eta hartu beharreko erabakien helburu izan dituztela eta izango dituztela azpimarratu zuen Txurrukak: “Zarautz kulturaz jantzi dugu, kirol ekipamenduak eta udal zerbitzuak hobetu ditugu, etxebizitzaren arazoari erantzuten ari gara, Zarauzko industria aktibatzen, irisgarritasuna hobetzen… Lanean gogor eginez, duela lau urte ezinezkoak ziruditen gauzak lortu ditugu”, nabarmendu zuen, Errotaberriko industria guneari emandako bultzada, Santa Klarako azpi pasagunea, Modelo Aretoaren eta Torreoiaren eraberritzea, Asti kirol gunean eta beste kirol instalazioetan egindako hobekuntzak, edo Azken Portu Goiko igogailua adibide bezala jarriz.
Era berean, Txurrukak eskerrak eman zizkien lau urte hauetan bere ondoan lanean aritu diren zinegotzien taldeari. “Burututako lan guztia talde lanari esker izan da. EAJ-PNV talde lanean delako indartsu: herritarrekin elkarlanean, herria maitatuz, herritarrak errespetatuz eta erabakiak hartuz. Azken lau urteotan dena eman duten eta bidelagun izan ditudan zinegotzi taldekide denei, eskerrik asko. Dena eman duzue Zarautzen alde!”.
“Orain, etorkizunari aurre egiteko unea da eta, horretarako, esperientzia duen eta Zarautz hobetzen jarraitzeko eta udalerria indartzeko prest dagoen taldea osatu dugu. Kale egingo ez dizuen taldea”, nabarmendu zuen. Hala, Txurruka bera izango da zerrenda burua, atzetik Miren Letamendia, Jesus Arana, Iratxe Zorrozua, Iban San Martin, Leire Arana, Ixidor Larrañaga, Jon Andoni Urdangarin, Iker Basurko, Irune Urbieta, Koldo Uribarri, Gorka Ostolaza, Amaia Altube, Juan Uranga, Begoña Aizpurua, Juantxo Larrañaga, Ines Roca, Javier Zarraonandia, Nekane Iribar, Peru Bazako eta, zerrenda ixten, Maribel Albizu dituela.
Adin eta ibilbide ezberdina duten emakume eta gizonezkoak, “talentua, ilusioa eta konpromisoa” batzen dituztenak: “Udaleko kudeaketak eta sektore pribatuan esperientzia duen taldea da. Bizi ezagutza zabala eta profesionaltasuna duten pertsonak, herriaren bizitzan eta elkarteetan inplikatuak, eta ekintzaileak. Ideia berriak eta freskotasuna ekarriko duten gazteak ere bai. Eskerrak eman nahi dizkizuet aurrerapauso hau eman duzuelako, zarauztarren zerbitzura aritzeklp”, nabarmendu zuen Txurrukak.
“Gure kudeaketa gaitasun eta esperientzia guztia Zarauzko herriaren mesedetan jartzeko motibazioz beterik aurkezten dugu gure burua, Udala eraginkortasunean, kolaborazioan eta parte hartzean oinarrituta kudeatzeko. Zarautz bizi, moderno, solidario eta jasangarri bat amesten dugu, etorkizuna duena, eta denon artean eta denontzat eraiki behar duguna, gaurtik hasita, elkarrizketaz eta akordioaz baliatuz”, defenditu zuen Txurrukak.
10 ardatz nagusi
Azken hilabeteetan hauteskunde programa osatzeko burututako lana azpimarratu zuen alkategaiak, herritarren, elkarte eta agenteen, eta ordezkari instituzionalen proposamenak eta ekarpenak jasoz, eta guztiekin proiektuak kontrastatuz. ZarauzEkin ekimenaren eskutik, jeltzaleak Azken Portu, Itxas Mendi, Mendilauta, Iñurritza, Santa Klara, Vista Alegre, Zelai Ondo, Urteta eta Alde Zaharrean izan ziren karparekin. “Auzoak entzutera gerturatu gara, kalean, guregana hurbiltzen ziren pertsonei, gertutasunetik, zituzten kezka eta eskaerak entzuteko”.
Jeltzaleen hauteskunde programak jasotzen dituzten proposamen nagusietako batzuk jakitera eman zituen hautagaiak: jarduera ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua sustatu; mendekotasuna duten adineko pertsonentzat egoitza publiko berria martxan jarri Iñurritzan eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzat eguneko zentro berritzaile eta polibalentea martxan jarri Aldapetan; herritarren parte hartzea bultzatu; Zarauzko kirol instalazioak hobetzen jarraitu; kultur espazioak sustatu Santa Klarako parkean, Modelo Aretoan eta Musika Eskolan; zahartze osasuntsu eta aktiboaren aldeko apustua egin; etxebizitzen sustapenari jarraipena eman; tren eta autobus estazio berriak eraikitzeko proiektuak sustatu mugikortasuna bermatzeko; Vista Alegre auzoko irisgarritasuna bermatuko duen proiektua garatu; Zarauzko barne mugikortasuna hobetu Nafarroa eta Gipuzkoa kaleen bidegurutzean, Iñurritzan, biribilgune bat eraikiz; eta kale eta espaloien peatonalizazio eta konponketekin jarraitu.
Txurrukak maiatzaren 26ean zarauztarrek “EAJ-PNV-k hasitako bidean aurrera egin ala ezker abertzalearekin lau urte atzera egitearen artean aukeratu” beharko dutela gogoraraziz amaitu zuen bere parte hartzea: “Zarautzen etorkizuna dago jokoan. Gure herria indartzen jarraitzea ala paralisiaren eta konfrontazioaren modelora itzuli. Maiatzaren 26ean zuen konfiantza eskatzen dugu, joan den apirilaren 28an eman zeniguten babesa sendotzeko, agintaldi honetan eraiki dugunetik abiatuz, Zarautzentzat etorkizunik hoberena elkarrekin irabazi behar dugulako”.
Egibar: “Hitza bete dugu”
Joseba Egibarrek, berriz, nabarmendu zuen duela lau urteko aldaketak merezi izan duela. “Beste batzuk –ezker abertzaleari zuzenduz- gobernatzen ezagutu genituen. Hainbat hamarkadetako inposizio eskemak indarrean zeudela erakutsi zuten. Herritarrek esan zuten ez zela modua. Errespetua eskatu zuten. Gobernatzen utzi izana ez zen hankasartzea izan. Herriak aukeratu zituen, aukera izan zuten, eta mundu guztiak atera zituen ondorioak, batez ere Gipuzkoan”. EAJk hitza bete duela, “kudeaketa txukuna” egin duela, eta “giro politikoa” lasaitu dela azpimarratu zuen.
“Erakunden arteko sinkronia” beharrezkotzat jo zuen, herri mailan, lurralde mailan eta tokiko mailan. “Herri proiektu bat partekatu behar da eta prozesu horretan EAJjk egin du ibilbidea eta zabaldu du bere itzala guztion artean, hautetsi eta hautesleen artean, eta eguneroko aberrigintzan. Baina, eraiki dugunetik hasita, aurrera egiten ez badugu, atzera egingo dugu, ekonomian, industrian edo ikerketa mailan. Ezin dugu gauden lekuan gelditu, gure bizitzan eragina duten arlo garrantzitsuenetan. Gure eredu sozioekonomikoa indartu behar dugu”. Horretarako, EAJk “Agirre eta Landabururen garaitik” izan duen “perspektiba bikoitzari” eutsi behar zaiola iritzi zion: soziala, eta politikoa. “Guk beti eguki dugu pertsona eta bere eskubide sozial eta ekonomikoak ardatz. Eta baita herri nahia, nazio asmoa ere”.
“Bi aukera daude”, laburbildu zuen: “Aurrera egin, edo aurrera sendo egin. Biak EAJra datoz. Etorkizuna irabazi nahi badugu, gure industrian edo gizarte ereduan berrikuntzak landu nahi baditugu, tresnak behar ditugu gure politikak gauzatzeko, gure eredua sendotzeko erabaki estrategikoak hartu ahal izateko”. Datu makroekonomikoez harago, gogorarazi zuen badagoela zer hobetu beste hainbat alorretan, hala nola jaiotze tasan edo enpleguaren kalitatean. Eta guzti hori, “belaunaldien arteko elkartasunetik” lortu behar dela, ez “gaur egungo gure eskubideak zorra bidez bermatu, ondorengoek ordain ditzaten”. Bermea EAJ dela nabarmendu zuen: “Ez gara herriaren alde lan egin dugun bakarrak, ez gara egi osoaren jabe, baina aberrigintzan lidergoa hartzen eta motorra izaten asmatu dugu”.