Gorka Urtaranek 275 neurri proposatzen ditu Vitoria-Gasteiz superhiri europar bat bilakatzeko

Alkate eta berrautaketarako hautagaiak “superhiri”aren eredu europarra defendatzen du: ondo planifikatua eta komunikatua, erakargarria eta iraunkorra, pertsonen neurrira egina, gizarte-arloan ondo kohesionatua, zerbitzu publiko onak eta bizi-kalitate handia dituena

Gorka Urtaranek  275 neurri proposatzen ditu Vitoria-Gasteiz superhiri europar bat bilakatzeko 07Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 07 |
Gasteiz

PARTEKATU

“Gure historiaren une erabakigarri batean bizi gara. Ideiak, inbertsioak, proiektuak eta baliabideak ditugu eskura. Zeruertzean, hiri prestatu eta lehiakor bat, etorkizun-erronkak berme osoz aprobetxatzeko gai dena”. Abiapuntu hori proposatzen du Gorka Urtaran alkate eta  berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaiak “Vitoria-Gasteiz Agenda” segurtasunez aurrera eramateko,  proiektu erabakigarrien bitartez, zeintzuek  ekonomia, gizarte, kultura eta kirol-arloetako eragileen partaidetza, inbertsioak eta ekimenak batzen baitituzte.

Gorka Urtaranek 275 neurri  proposatzen ditu ahaleginak batzeko, etorkizun-ikuspegia, lidergoa eta sormena partekatzeko. “Vitoria-Gasteizen unea da. Batzeko eta lankidetzan aritzeko unea da. Elkarrekin eta etorkizunari begira egiteko unea. Gure asmoen neurrirako hiria egia bihurtzeko unea da: bizi-kalitatea eta aukerak; hazkundea eta enplegua; aurrerabidea eta ongizatea”.

Horretarako, Gorka Urtaranek datozen 4 urterako bere ibilbide-orria aurkeztu du, superhiriaren eredu europarrean  eta  2025 Estrategian oinarrituta,  “tamaina ertaineko hiriaren eredua, ondo planifikatua eta komunikatua, erakargarria eta iraunkorra. Pertsonen neurrira egindako hiri bat, gizarte-arloan ondo kohesionatua, zerbitzu publiko onak eta bizi-kalitate handia dituena” sendotzeko.

Alkateak, hain zuzen, hiriaren indarguneak garatzea proposatzen du bere ereduaren ardatz gisa. “ Indargune horiek bizilagun askok azken hamarkadotan zehar egindako lanaren emaitza dira. Udalak  egonkortasunari eutsi behar dio eta kudeaketa ekonomiko egokia bermatu behar du. Entzuketarako, elkarrizketarako eta lan partekaturako gaitasuna hobetzen jarraitu behar du”, defendatzen du Gorka Urtaranek.

Horren haritik, 6 dira aurkeztutako 275 neurri egituratzen direneko jarduera-ildoak:

Vitoria-Gasteiz, hiri konektatua

Gorka Urtaran erabat sinetsita dago mugikortasun  berria dela hirietarako erronka nagusia eta Vitoria-Gasteiz seguru izango dela nazioarteko erreferente mugikortasun berriaren alorrean. “Indargune hori baliatu eta aukera bihurtu behar dugu geure hiria mugikortasun iraunkor eta seguruaren mapa globalean kokatzeko.” Horrela, EAJ-PNVren hautagaiak 39 ekintza zehatz mahaigaineratu ditu hiria barnealderantz eta kanpoalderantz konektatzeko eta mugikortasun segururako eredu bat garatzeko”.

Horien artean honakoak nabarmendu ditu: garraio publikorako sare berria, zeinak  tranbiaren hedadura, Salburua eta Zabalganaraino, eta  autobus elektriko adimentsuaren ezarpena bandera-ontzi baititu; ekialde-mendebalde norabideko komunikazio-nodoen hobekuntza,  Latinoamerika biribilgunean trafikoa lurperatzeari, Esmaltazioen eta Lovaina biribilgunetan trafikoa berrantolatzeari eta enpresen mugikortasunerako berariazko planei esker, besteak beste.

Horrez gain, Gorka Urtaranek bi arretagune nagusi nabarmendu ditu: AHT hiriaren muineraino heltzea, hiriaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen proiektua, eta Gasteizko aireportuari eman nahi dion bultzada  hiriburuekiko zuzeneko konexioei esker eta Euskadiko 3 aireportuen kudeaketaren arrazionalizazioari esker.

Jundizko multimodalaren  sustapena eta  Forondarekiko lotura alkateak aurkeztutako ereduak barne hartzen dituen beste ekintzetako batzuk dira.

Bide-segurtasuna da EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizen gauzatzeko duen  ekintza-planaren beste helburuetako bat. Arlo horretan, beste zenbait neurriren artean, aipatzekoak dira berariazko plan bat eta istripu-tasari buruzko datuen erregistro baten abiaraztea.

Hiri  industrial eta logistikoa

Gorka Urtaranek aurkeztutako programak proposatzen du “aurrera egitea aukera-hiri moduan, hazkunde ekonomiko inklusibo eta iraunkorra bultzatuko duena, pertsona guztientzat enplegua eta kalitate oneko lana sustatuko dituena. Vitoria-Gasteizek indartu behar du ekonomia- eta enpresa-eragileekiko lankidetza, premia berriei erantzun eta eremu industrial eta logistikoen egoera eta kondizioak hobetzeko. Adi egon behar du eta Arabako enpresen nazioartekotze- zein globalizaio-prozesuak ahalbidetu behar ditu”.

Horretarako, Gorka Urtaranek 55 neurri defendatzen ditu, honako arlo hauekin lotuta: prestakuntza eta kualifikazioa; enpleguaren sustapena; hiriko ekonomia-sektore estrategikoen sostengua; garapen logistikoa;  industrialdeen konexioa;  tokiko merkataritza garatzeko eredu bat eta hiria ekitaldi- eta negozio-alorreko turismo-helmuga gisa sendotzea; besteak beste.

Zerga-politikei dagokienez,  EAJ-PNVren ereduaren oinarria aberastasunaren bidezko banaketa da. “Udal-fiskalitateak ezin dio eredu konfiskatzaile bati jarraitu. Progresibitatearen alde egiten dugu apustu baita eta zergak eta tasak herritarrek jasotzen dituzten hobekuntzen araberakoak izatearen alde ere.”

Bizi-kalitate oneko eta gizarte-kohesio handiko hiria

Pertsonen zaintza,  adinekoen arreta, familien eta haurren sostengua, berdintasun-politikak aurrera egitea, pertsona zaurgarrienen gizarte-inklusioa, bizikidetza, gazteria, osasun publikoa eta herritarren segurtasuna. Horra hor Gorka Urtaranen programaren agenda sozialean 84 neurri sorrarazten dituzten arloak.

“Vitoria-Gasteizek duen alderdirik baliotsuena hemen bizi garen  250.000 personok gara. Pertsonak, eta horien zaintza, udal-politikaren ardatza izan behar dira. Adineko bakar bat ere bakarrik edo arta gabe gera ez dadin. Umeek babesa eta bizi-garapen egokia bermatuta eduki ditzaten. Familia bakar bat ere bertan behera gera ez dadin. Udal-politikaren lehentasuna gasteiztar guztien  ongizatea bermatzea izan behar da. Hiriburu ireki, orekatu eta adinekoekin, gazteekin eta umeekin lagunkoi gisa dituen balioetan inbertitzen jarraituko dugu”, azaldu du alkateak.

Hiri berde eta iraunkorra

EAJ-PNVk  Vitoria-Gasteizerako defendatzen duen ereduak ahalegin irmoak egiten ditu udalerriko lurralde-ondarearen balioa nabarmentzen: natura-, kultura- eta gizarte-arloetakoa. Gorka Urtaranek bere ibilbide-orriak biltzen dituen  37 neurriak azpimarratu ditu eta horien artean proiektu izar bat nabarmendu du: Zabalgana-Salburua Ekobulebar berria, zeinak hiria ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera, trenbidea lurperatzean libre geratzen diren espazioetan,  josiko baitu.

Urrezko auzoak berroneratzea, 63 herriak suspertzea, 100 milioi euro inbertitzea Vitoria-Gasteizko 28 auzoetan,  Eraztun Berdea sendotzea, 3 katedral proiektua gauzatzea,  Erdiguneko Masterplana garatzea eta  Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikustea dira alkateak datorren legealdirako aurreikusi dituen neurrietako zenbait.

“Iraunkortasuna da Vitoria-Gasteizen ezaugarri behinena  eta horrela izaten jarraitu behar du. Hiri-iraunkortasuna iraunkortasun ekonomikoa, soziala, kulturala eta lurralde-arlokoa da. Orobat, garapen iraunkorrerako helburuak lortzen lagundu nahi dugu eta horretarako,  hirien eta euren gizarteen arazoetarako ekonomian, kulturan eta gizarte- zein lurralde-arloetan mahaigaineratzen diren konponbide berrien abangoardian egon behar dugu, kontuan hartuta arazo horiek eremu zabala hartzen dutela barne: hiri berroneratzean eta garraioaren iraunkortasunean hasi eta biztanleen zahartzean eta bizikidetzan bukatzeraino”, azpimarratu du.

Harro egoteko moduko hiria

Gorka Urtaranek aurkeztutako programaren 5. ardatza Vitoria-Gasteizen izaera eta harrotasuna, 44 neurriren bitartez, elikatzean datza. “Kultura gure hiriaren irudiari lotu nahi diogu, erreferente izan nahi dugu. “Superhiri” bat gara eta “Iparraldeko Atenas” gisa berreskuratu nahi dugu  Vitoria-Gasteizen nortasuna”, azaldu du alkateak, zeinak, halaber, nabarmendu baitu EAJ-PNVk egina duen apustua Vitoria-Gasteizek kirolarekin, osasunarekin eta ongizatearekin duen loturaren balioa azpimarratzearen alde.  “Oinarrizko kirol-jarduerak, banakako kirola, gizartekoa, ez-federatua sustatzea lehentasunezkoa da guretzat. Hiri- eta lurralde-inguruneak hobetuko ditugu kirolean aritzeko atseginago eta seguruagoak izan daitezen, gizarte-etxeen eta kirol- nahiz hiri-espazioen eskaintza zainduko dugu ohitura osasungarriak herritarren bidelagun izan daitezen bizitza osoan zehar. Eliteko kirola ere sustatuko dugu hiriaren motor-eragile eta harrotasun-iturri gisa. Kirol-arloaren barneko integrazioaren alde jokatuko dugu, kirol-eskolek, hiri-harrotasuna abiapuntu, batera arnastuko duen gizarte-oinarri sendo bat sortzearen alde.Kirol Barruti bat eratzea proposatzen dugu, Vitoria-Gasteizen jarduna, kirolaren hiri gisa, egoki gauzatzeko behar diren instalazioak bilduko dituena”.  

Gobernu ona eta gardentasuna

16 neurri biltzen ditu EAJ-PNVren hauteskunde-programak administrazioa modernizatzeko helburuz. Gertutasun, gardentasun eta  partaidetzaren aldeko konpromiso argia dute eta legealdi honetan  gobernu irekirako, kontuak emateko eta herritarrei zuzeneko informazio argia emateko abiarazi diren gobernu-planen berme sendoa.

“Kudeaketa eraginkor batek euskarri sendoa behar du: epe ertain eta luzera begira egindako aurrekontu-kudeaketa egokian oinarritutako programen eta helburuen lorpena. Horrez gain, urtero ebaluatu behar da, beharrezko kontrolak ezarriz, eta herritarrekin partekatu, tresna eskuragarri eta erraz ulertzeko modukoen bitartez”,  nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Interesatu Zaitez