EAJ-PNVren hautagaiak proposatu du 4.000 etxebizitza sortzea, horietatik 2.000 jabetza publikoko etxebizitzak
EAJ-PNVren Donostiako alkategai Eneko Goiak adierazi du, donostiar bakoitzari baldintza onenetan bizitza proiektua egitea eskaintzen dion hiria eraikitzen jarraitu nahi dutela. Adierazpenok egin ditu gaur goizean Miramonen egin duen gosari informatiboan. Bertan, hautagaitza osatzen duten kideekin batera maiatzaren 26ko hauteskundeetara jeltzaleek eramango duten programa aurkeztu du.
Eneko Goiak honakoa esan du: “Azken asteetan hainbat eragilerekin hauteskunde programa egin dugu. Eta programak bost ideia nagusi ditu: hiri oparoa, etxebizitza beharra, pertsonetan oinarritutako hiria, hiri erreferentea eta kudeaketa eraginkorra”. Goiak eskerrak eman dizkie programa osatzeko bileretan parte hartu duten eragileei eta EAJ-PNVk auzoetan jarri dituzten paneletan proposamenak eta ekarpenak egin dituzten hiritarrei: “Horiei guztiei esker auzoak eta pertsonak protagonistak diren programa orekatua osatu dugu”.
Ildo beretik, Donostiako alkategai jeltzaleak azpimarratu du, Donostiari buruz hitz egiteko, eztabaidatzeko eta pentsatzeko unea dela, eta ez ordea, Estatuaren gobernagarritasunari buruz, edo iraganaren gaineko eztabaidei buruz hitz egiteko, batzuek nahiko duten bezala. Horrenbestez, Goiak honakoa gaineratu du: “Duela lau urte hiria martxan jarri genuen, abiadura hartzea lortu dugu proiektu berriak sustatuz, eta orain etorkizunari begiratzeko unea da, betiere, donostiar guztiekin elkarlanean”.
Hiri oparoa
Eneko Goiak nabarmendu du, Donostiak aberastasuna sortzeko, talentua erakartzeko eta produkzio sare garrantzitsua mantentzeko gai izaten jarraitu behar duela. Eta horrenbestez, esan du, lana egingo dutela langabezia-tasa %5era gutxitzeko. Horretarako, Goiaren iritziz, oso garrantzitsua da Eskusaitzeta industrialdera jarduera erakartzea, hain zuzen ere, elektromugikortasunarekin, energia garbiekin eta energia-eraginkorrarekin lotura duen jarduera.
Goiak, halaber, Miramon-Ospitaleen ardatzean Biozientzien sektorea sustatzen jarraitzearen alde egin du. Izan ere, oso garrantzitsua da daukagun ezagutza eta talentua bertan gelditzeko, eta euren garapen profesionalarekin jarraitzeko Donostia utzi behar izan zuten gazteak bueltan ekartzeko.
Etxebizitza beharra
Etxebizitza beharra da hiritarrek EAJ-PNVren hautagaitzak auzoetan jarri dituen paneletan egindako eskaera nagusiena.
Hortaz, Donostiako alkategai jeltzaleak adierazi du, lan egingo dutela 4.000 etxebizitza sortzeko, horietatik 2.000 jabetza publikoko etxebizitzak. Antzieta, Sarrueta, Lorategi Hiria, Aldakonea, El Pilar, Illarra, Infernua edo Jolastokietako garapenei esker etxebizitza beharrari aurre egiteko aukera berriak sortuko dira.
Horiek horrela, Eneko Goiak honakoa esan du: “Loiolako Kuartelak dauden lur-sailak hiriarentzat berreskuratzeak lehentasuna izaten jarraituko du. Izan ere, gune estrategikoa da hiriaren garapenarekin jarraitzeko, besteak beste, 1.500 etxebizitza sortzeko aukera emango lukeelako”.
Pertsonetan oinarritutako hiria
Donostiarrek erabiltzen dituzten udal zerbitzuak sendotzea da hiritarrek gehien eskatutako gaia, eta EAJ-PNVk horrela jaso du bere hauteskunde-programan.
Alkategai jeltzaleak esan du hurrengo legealdirako erronken artean honakoak daudela: gizarte zerbitzuen sarea hobetzea, kirol instalazioak, kultur etxeak eta zahar etxeak. Hortaz, Eneko Goiak adierazi du, lau urte hauetan lanean jardun dutela gai horietan guztietan, baina oraindik badagoela asko egiteko.
Era berean, Goiak berretsi du, oinezkoak protagonistak izango diren Donostia baten aldeko apustua. Eta, horretarako, trenaren saihesbideak ahalbidetuko du hiriarentzat gune berriak berreskuratzea, hain zuzen ere, donostiar guztientzako gune berriak.
Hiri erreferentea
EAJ-PNVren Donostiako alkategaiak bere borondatea adierazi du, hiria kulturan, gastronomian edo giza eskubideetan erreferente izaten jarraitzeko. Eta, beti, bere nortasunari eta hizkuntzari, euskarari, uko egin gabe.
Horren harian, Eneko Goiak sormena, lidergoa, berrikuntza eta kalitatea aipatu ditu kultura proposamen berezia duen hiriaren ardatz bezala.
Goiak, halaber, giza eskubideei buruz honakoa esan du: “Bizikidetzaren eta giza eskubideen babesean erreferente izaten jarraitu nahi dugu. Eta horretarako, oroimenerako guneak sortzeko ekimena bultzatzen jarraituko dugu, Askatasunaren Hiribidean eraildako pertsonak oroitzeko jarri diren plakak bezalako oroimenerako guneak.
Kudeaketa eraginkorra
Eta hori guztia, EAJ-PNVren hautagaiaren hitzetan, kudeaketa eraginkorra egiten; hain zuzen ere, udal finantzen kudeaketa zorrotzean oinarritutako kudeaketa, eta udal zerbitzu guztiek hiritarrei eskaintzen dieten arretan jauzi kualitatibo bat eginez.
Horrenbestez, azpimarratu du, leihatila bakarrerantz pausoak ematen jarraitzeko beharra, eta udal kudeaketa-sistema eraginkorragoa eta gardenagoa jartzeko beharra. Horretarako, proposatu du, kargu publikoen kode etiko bat eta zerbitzu publikoen printzipioen kodea egitea.