Bilboko Areatza gainezka jarri duten 2.000tik gora lagunen aurrean, Ortuzarrek, Urkulluk, Estebanek, Otaolak eta Vaquerok mezu berbera zabaldu dute: “Mehatxuen aurrean, EAJren indarra, zurea defendatzen duen botoa”
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Batzuek nahi dute orain arte lortutakoa galtzea, nazio askatasunerako bidean geldituta gera gaitezela, duela berrogei urteko denboretara itzul gaitezela. Baina hori ez da gertatuko utziko ez diegulako, hautestontziak euskal autogobernuaren aldeko botoekin beteko ditugulako, Euskadiren aldeko botoekin, Madrilen Euskal Talde indartsuaren aldeko botoekin. Hemendik eta igandera arte topera lan egin behar dugu boto guztiak…. eta beste bat lortzeko Euskadik aurrera egin dezan”. Hitz hauek laburbiltzen dute EAJ-PNVk gaur Bilboko Areatzan A-28rako kanpaina ixteko egin duen ekitaldiarekin borobildu duen kontzientziatze eta mugiarazte kanpainaren espiritua. Mitinean elkartu dira 2.000tik gora alderdikide eta alderdizale jeltzale, eta hizlari izan ditu Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Almudena Otaola Senaturako Arabako hautagaia eta Maribel Vaquero Senaturako Gipuzkoako hautagaia.
Ortuzarrek txarretsi du “jasan behar izan dugun kanpaina negargarria, irainez eta gezurrez josia, hautagaien lapurretekin, irain eta laidoz beteta… Asteazkenean esan nuen Barakaldon: `zorionekoak gara euskaldunok´. Eta egia da, hemen alternatiba bat dagoelako. Apokalipsiko bost zaldunak elkarren artean borrokatzen ikusten dituzu eta gero eta argiago daukazu: Hemen, PNV!!!”. Jeltzaleen buruak bertaratu guztiei eskatu die “azken ahalegina egitea. Inor ikusten baduzue zalantzan dagoela edo nori bozkatu ez dakiela, eman iezazkiozue argudioak, lehenengo eta behin, bozkatzera joan dadila, eta gero Euskadiren alde bozka dezala, Euskadi mugiarazten duen botoa, berea defendatzen duen botoa, gurea defendatzen duena, EAJren aldeko botoa, sekula huts egiten ez duena”. Ortuzarrek euskal hiritargo osoari ohartarazi nahi izan dio “kanpaina honetan gure arbuioa irabazi dutenen aurrean, Estatutua izozteaz eta autogobernua kentzeaz hitz egin dutenen aurrean, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtu nahi dutenen aurrean, Ekonomia Ituna eta Kupoa manipulatzen dutenen aurrean,…”. Baina era berean ohartarazi du beste aukera batzuek ezkutuko helburuak dituztela eta hautagai batzuk “gugana hurreratzen dira anbiguotasun osoz, hitz onekin, Estatutua blindatuko dutela hitzemanez, Pablo Iglesiasek egin duen moduan, edo nazio aniztasunari buruzko elkarrizketa bideratuko duela esanez, Pedro Sánchezek bezala. Ez gaitezen fidatu, beren barruan daramatelako beren benetako izaera, beren benetako helburua: Espainia eta Espainiako boterea. Eta gurea Euskadi da, Euskadiren autogobernua. Horregatik, EBBko presidenteak mezu argi eta irmoa zabaldu nahi izan du: “Euskal emakume eta gizonok: gurea lehenetsiko duen botoa bilatu behar dugu, Euskadiren defentsa, euskal jendearen interesak. Eta, aukera hori, gaur egun, EAJk baino ez du bermatuko. Horregatik, EAJ bozkatzea da Euskadi bozkatzea”.
Lehendakariak kanpainako azken ekitaldian egiaztatu du Espainiako alderdien proposamenak euskal errealitatetik urrunduta daudela. “Euskadi ez da existitzen beraientzat. Ez zaie interesatzen eta Euskadi beren probetxurako baino ez dute erabili nahi. Euskal errealitatea ez dute ezagutzen eta ez dute ezagutu ere egin nahi”. Urkulluren aburuz mehatxu handiak datoz euskal autogobernuaren eta azken hamarkadatan Euskadin eraiki den ongizatearen kontra. “40 urtetan lehen aldiz 155. artikulua aplikatu dela ikusi dugu, birzentralizazioa nola prestatzen ari diren eta errekonkistarekin handikeriekin ari direla. Ikusi dugu euskal hezkuntza, Ertzaintza edo gure gizarte babes sistema auzitan jarri direla. Mehatxu serioak, zailtasun serioak”. Panorama kezkagarri honen aurrean, Lehendakariak uste du hauxe ez dela erlaxatzeko garaia, baizik eta Euskal Aberriak dagokion erantzuna ematekoa. Eusko Alderdi Jeltzalearen erantzuna. “Mehatxuen aurrean, indarra. Euzko Alderdi Jeltzalearen indarra”.
Aitor Estebanek, igandeko hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendaburuak, bere esker ona adierazi nahi izan die “gure mezua ZABALTZEN lagundu duzuen guztioi, denon artean helburu bat lor dezagun: Madrilen Euskadiren ahotsa presente egon dadila”, eta ildo beretik berretsi duenez “gaur egun Espainiako gobernuaren eskuetan dauden botere arloetan gure industria, gure ekonomia, gure unibertsitateak, gure autogobernua, gure gizartea kaltetzeko erabakiak hartu ez daitezela”. Horregatik, “Euskadiren ahots propioa eta Madrilgo exekutiben mende egongo ez den ahotsa egon dadin”, Euskadiko hiritar guztiei eskatu die EAJ-PNVren aldeko botoa ematea. “Botoa eskatzen dizuegu Riverak euskaltasunarekiko erakusten duen harrokeria eta oldarkortasunari aurre egiteko, Casadok birzentralizazioa areagotzeko egin dituen iragarpenei aurre egiteko, PSOE eta Ciudadanosen arteko akordioa saihesteko, duela hiru urte izenpetu zutena bezalakoa”, esan du. Azken finean, Aitor Estebanek botoa eskatu du “Euskadik, zuok guztiok hurrengo Gobernuan eragina izan dezazuen”.
“1993tik hona Senatuan ez dugu izan EAJren ordezkaritzarik Arabatik. Orain eskueran daukagu”, esan du Almudena Otaola Senaturako hautagai Arabatik. Otaola izan da hauteskunde kanpaina honetako azken ekitaldi honetan hasierako hitzak izan dituena. “Euzko Alderdi Jeltzalea da egonkortasun eta aurrerabide bermea. Etorkizunerako bermea. Benetako politika egiteko bermea, eraikitzailea eta positiboa”, baieztatu du.
Maribel Vaquero Senaturako Gipuzkoako hautagai jeltzaleak, bere aldetik, gaurko ekitaldian gogoratu du egunotan hautagaiak eta alderdikideak herriz herri ibili direla EAJ-PNVren aldeko botoa eskatuz “Euskadirentzako aukerarik onena delako”. Vaquerok azpimarratu duenez “konpromisoa da gure nortasunaren ezaugarri bat, konpromiso etiko, demokratiko eta politikoa”, eta gaineratu duenez “EAJ-PNVko gizon eta emakumeok hitzemanda gaude herri honekin, bere erakundeekin eta euskal hiritarrek askatasun osoz erabakiko dutenarekin. Euskadik baino ez gaitu mugiarazten, gure konpromisoa Euskadin hasi eta amaitzen da”. “Euskadik Euskal Talde indartsua behar du Madrilen, eta horretarako behar dugu botoek ematen diguten konfiantza”, amaitu du hautagaiak.