Andoni Ortuzarrek eta David Bonvehík Sabin Etxean gaur goizean izenpetu duten adierazpenarekin “elkarrizketa” aldarrikatu dute Euskadi eta Kataluniaren auzi politikoa konpontzeko bide bakartzat
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
EAJ-PNVk eta Partit Demòcratak gaur, asteartea, Bilbon adostu dute elkarlanean aritzeko akordioa elkarrizketa sustatzera begira “Kataluniak eta Euskadik Espainiar estatuarekin daukaten auzi politikoa konpontzeko bide bakartzat hartuta”. Andoni Ortuzar presidente jeltzaleak eta PDeCAT alderdiko presidente David Bonvehík Sabin Etxean izenpetu duten adierazpenak talde bien arteko lankidetza indartzen lagunduko du erakundeetan eta, gainera, dei bikoitza egiten die Espainiako erakundeei “elkarrizketa eraginkorrai ateak ireki diezazkioten” eta Europako Batasuneko erakundeei “prozesu horri egokiro lagun diezaioten”.
“Kataluniako eta Euskadiko gizartearen gehiengo zabal batek zilegitasun osoz egiten dituen aldarrikapen soberanisten aurrean entzungorrarena egiteak eta bestela pentsatzen duena sistematikoki judizializatzeak edo kriminalizatzeak, oinarrizko eskubide eta askatasunak urratuz, arazoa gaiztotu egiten du, gizartean frustrazioa eragiteaz gain”, jasotzen du akordioak. Agirian EAJ-PNVk eta PDeCAT alderdiek proposatu dute “Parte hartzen dugun erakundeetan demokraziaren kalitatea hobetzeko lana egitea, guztiz beharrezko dugulako, eta gatazkak konpontzeko orduan bide politikoa erabiltzeari uko egiten zaion aldi honi amaiera emateko”.
Itunaren xede nagusia da Europako Parlamentuko eta bere erakundeetako jardunean eragitea, talde abertzale biek “Estaturik gabeko nazioek Europan izan beharreko tokiari buruzko eztabaida” sustatu nahi dutelako eta “Euskal eta kataluniar nazioen aitortzan eta beren autodeterminazioan aurrera egin nahi dutelako”. EAJ-PNVk eta PDeCATek aitortu dute “ benetako europazaleak” direla eta “Aniztasunean elkartuta” EBren goiburuak hemendik aurrera daukaten erronka ondo islatzen duela.
Izenpetu berri den akordioak aurreikusten du alderdi bien arteko lankidetza mekanismoak ezartzea, alderdi biek partekatzen dituzten helburuak lortzera begira, eta alderdi bientzat baliagarri gerta daitezkeen estrategiak barne hartuko duen plangintza egitea.
PDeCATk eta EAJ-PNVk Europan beren arteko lankidetza indartzera begira adostu duten adierazpena