EBBa eta NBBa doluminez José Antonio Urbiola, Nafarroako EAJ-PNVko presidente ohi, abertzale esanguratsu eta militante antifrankistaren heriotzagatik

Andoni Ortuzarrek “klandestinitate garaitik erakutsi zuen militantzia” nabarmendu du eta Unai Hualdek aldarrikatu du Nafarroan “indar abertzale eta progresistak” bateratzeko egin zuen ahalegina

EBBa eta NBBa doluminez José Antonio Urbiola, Nafarroako EAJ-PNVko presidente ohi, abertzale esanguratsu eta militante antifrankistaren heriotzagatik 04Apirilak
2019
2019 ApirilaK 04 |
EBB

PARTEKATU

OHARRA: Irudiak bueltin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

José Antonio Urbiola Machinandiarena, Nafarroako EAJ-PNVko presidente ohia, gaur, osteguna, 2019ko apirilak 4, zendu da 81 urte zituela. Aberriaren alde dena eman duen pertsona solidario eta ekintzaileak utzi gaitu eta, batez ere, abertzale paregabeak. Nafarroako EAJ-PNVko kide esanguratsuenetakoa izan zen eta sasoi batean Herri Batasunako kide izan zen. Toki guztietan aldarrikatu zuen bide instituzionala eta ETAren borroka armatua gaitzetsi zuen garairik latzenetan.

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek nabarmendu ditu Urbiolak klandestinitate garaitik erakutsi zuen militantzia eta frankisten diktaduraren kontra eta Euskal Herriaren eskubideen alde egin zuen lan politiko erabakigarria. “Abertzalea zen, eta ez da beste kalifikatiborik eman behar. Jose Antonioren xede nagusiena izan zen konpromiso politikoa eta demokraziaren kausa defendatzea. Espetxeratua izan zen eta erbestera irten behar izan zuen. Bidegabekeria guztien kontra egin zuen, ETAren kontra ere, eta erbestera joan behar izan zuen, berriz ere, laurogeigarren hamarkadan. Itzuli zenean bere etxe bietara bueltatu zen, Nafarroara eta EAJ-PNVra, eta han izan alderdikidea, burukidea eta maisua”, gogoratu du Ortuzarrek. “Hunkituta gogoratzen dut 2016ko uztailaren 7an, `bere´ egoitzan, Napar Buru Batzarrean, Iruñean, zapi gorria jarri nionekoa, bere ibilbide politiko eta pertsonalagatik omenduz. Han esan nuen bezala, Jose Antonio eredugarria izan da guztiontzat eta aztarna ezabaezina utzi du Alderdian. Berarekin egon nintzen azken aldian, gaixorik zegoela, begi disdiratsuekin esan zidan azken urteotan tokatu zitzaiola, bizitza osoan borrokatu zuen ametsa neurri handi batean bete zela ikustea: pozarren zegoen Nafarroan eman zen aldaketa politikoagatik eta EAJk aldaketa horretan betetzen ari zen eginkizunagatik. José Antoniok ikusteko aukera izan du eta bere bidetik jarraituz guri dagokigu orain bide hori lantzen jarraitzea, Nafarroarentzat eta Euskadi osoarentzat oparotasunez eta askatasunez betetako etorkizuna izan dezagun”, azpimarratu du EBBKo presidenteak.

Urbiola Euzkadi Buru Batzarreko kide eta Napar Buru Batzarreko presidente izan zen 1992tik 2004ko maiatzera arte. “Garai latz haietan izan genuen Urbiola Napar Buru Batzarreko buru gisa. Pertsona bikaina, goitik beherako abertzalea”, esan du Unai Hualde NBBko gaurko presidenteak. Hualderentzat, Urbiola izan zen “ konpromiso, integritate eta ikuskera politiko zuzenaren eredu argia. Argi baino argiago izan zuen Nafarroan indar abertzale eta progresistek bat egin behar zutela eskuindarrekoak boteretik kentzeko, Alderdi Sozialistaren laguntzarekin gu erakundeetatik kanpo baztertuta izan ondoren. Nafarroan ondoren etorri direnek jaso eta garatu duten apustuak bideratu zuen Geroa Bai proiektua eta funtsezko faktore izan zen 2015an aldaketa politikoa eman zedin”.

1962an Zuzenbidean lizentziatu zen. José Antonio Urbiola Nafarroako EAJ-PNVko exekutibako burua zen 1961etik eta 1964an Euzkadi Buru Batzarreko kide izan zen. 1973an atxilotu zuten abokatu gisa egin zuen lanagatik eta frankismo garaian bere lanagatik atxilotua izan zen azken letratua izan zen. Erbestera irten zen, lehenengo Iparraldera, 1974ko otsailean Frantziako agintariek bota arte, eta ondoren Venezuelara, eta herrialde hartan egon zen 1976ra arte. Lan politikora itzuli zen demokrazia berrezarri zenean. Bere aktibismo politikoaren unerik garrantzitsuena izan zen 1978ko Sanferminetako gertakari tragikoetan irrati-amateur gisa poliziaren irrati-emisoratik grabaketak egin zituenekoa, zeinetan poliziak une hartan emaniko aginduak eta entzun zitezkeen ("ir a matar si es necesario"). Grabaketa horiek izan dira gertakari haiek ondoren azaltzeko proba nagusiak eta hainbat dokumentaletan jaso dira harrezkero.

Goian Bego, José Antonio Urbiola.

Interesatu Zaitez