Ortuzarrek ezinbesteko jotzen du “Europa birsortzea” “herri eta hiritar guztiak aske eta gustura senti daitezen”

Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen esanetan Europako `popularrek´ gorpuzten dituzten eredu klasikoak ez dira izango “Europako Batasunak aurrean dituen erronkei erantzuteko gai"

Ortuzarrek ezinbesteko jotzen du “Europa birsortzea” “herri eta hiritar guztiak aske eta gustura senti daitezen” 08Otsailak
2019
2019 OtsailaK 08 |
Europako Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak “gauzak aldatzea eta Europa birsortu beharra” aldarrikatu du bere baitan “herri guztiak eta hiritargo osoa aske eta gustura senti daitezen”. Hori da, Europaren birsorkuntza, hain zuzen, 'Bilboko Adierazpena' agiriak jasotzen duen aldarri nagusia, Europako Alderdi Demokratak gaur onetsi duena Bizkaiko hiriburuko Euskalduna Jauregian egin den Kontseiluan.

Ortuzarrek Kontseiluaren ondoren egin den `Europako Forumari´ hasiera emateko hitzak esan ditu Europako 17 estatutatik etorri diren 150tik gora pertsonari zuzendu dien agurrarekin. Jarraian, jeltzaleen buruak adierazpen batzuk eskaini dizkie hedabideei: “Europa lehen banatzen zen ezkerraren eta eskuinaren artean, Iparraldekoen eta Hegoaldekoen artean, Ekialdekoen eta Mendebaldekoen artean. Gaur egun, ordea, banaketa ardatza da batetik europazale eta europeisten eta,bestetik, europaren kontrako edo euroeszeptiko direnen artean. Horixe izango da Europako erakundeen osaeraren ardatz nagusia eta guk, EAD-PDE osatzen dugun europazale eta europeista garenok, uste dugu Europako PPren eta nazioarteko ezker sozialistaren eredu klasikoak ez direla gai izango Europak gaur egun dituen erronkei erantzuteko. Europaren birsorkuntza hori aurrera eramateko ideiak mahai gainean jarriko dituztenak izaten saiatuko gara, hori baita gaur onartu duguna eta `Bilboko Adierazpen´ honek jasotzen duena. Europa gehiago nahi dugu, Europa bidezkoagoa, irekiagoa. Herri guztiak eta hiritargo osoa aske eta gustura egon daitezen, baina horretarako gauzak aldatu behar dira eta Europa birsortu behar dugu”, baieztatu du jeltzaleen liderrak.

Ortuzarri galdetu diote Espainiako Estatuan gaur egun arnasten den giro politikoaz eta Rafael Hernandok (PP) egin dituen adierazpen onartezinez. “Ubide guztiak gainditu dira” ohartarazi du Ortuzarrek. “ Urek gainezka egin dute eta erarik arduragabe eta artifizialenarekin egiten ari dira, gainera. Hemen inork ez du `filoetarrekin´ hitz egiten, biktimek horrekin guztiarekin ez daukate zerikusirik… Guk biktimak benetan errespetatzen ditugu eta ez ditugu erabiltzen Rafa Hernandok gaur egin duen moduan. Gainera, Sánchezen Gobernuak Katalunian egin nahi duena ez da demokraziaren kontrako eraso bat. Ados egon zaitezke edo ez, baina munduko zein herrialdetan pentsatzen da alderdien arteko mahai bat, dena ageri-agerian eta gardentasun osoz egiten ari dena, demokraziaren kontrako erasoa edo Estatu kolpea dela edo batasunaren kontra doala?. Ez ditzagun bazterrak nahastu, ez ditzagun gauzak bere onetik atera, horren guztiaren atzetik hauteskundeak deitzeko nahia dagoelako, Andaluzian gertatu dela ikusita. Baina PPk Andaluzian gertatu denaren inguruko analisi lasai eta zuzena egingo balu, ni behintzat ez nintzateke ematen duten bezain lasai egongo”, erantzun du.

'Errelatorearen' figuraren inguruan sortu den hika-mikaren aurrean, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin nahi izan du. “Kataluniako egoera oso konplexu dago, eta konplexutasuna horrenbestekoa denenean imajinazioa behar da eta konponbideak bilatu behar dira. Parte biek uste badute figura hori beharrezkoa eta ona dela, gure babesa izango du”, esan du Espainiako Gobernuak Kataluniako alderdiekiko negoziaketa apurtutzat eman duela jakin baino lehen. “Euskadin, bestelako ezaugarriekin, aurre egin behar izan genion Euskadiko politika mehatxatzen zuen gatazkari, eta era guztietako formulak erabili genituen. Eta, kontuz, formula horietan alderdi guztiok egon garelako eta gobernu guztiak egon garelako, era guztietakoak; Felipe Gonzalez saiatu zen, Aznar saiatu zen, Zapatero saiatu zen, Rajoy saiatu zen, denak saiatu dira eta denek izan dituzte bitartekariak, errelatoreak, mezulariak … Zergatik demonizatzen dugu orain figura hori? Gehiegikeria iruditzen zait PP, Ciudadanos eta Voxen aldetik egiten ari direna, eta erantzun bat espero dut Espainiako gizartearen aldetik. Euskadin, horrek guztiak eragiten du gizarteak halakorik nahi ez izatea. Baina Espainiako gizarteak erantzun bat ematea espero dut. 'Nahikoa da' esan diezaiotela, une honetan 'Nahikoa da' merezi dutenak eurak direlako”, amaitu du.

Interesatu Zaitez