EBBko presidenteak eta Lehendakariak EAD-PDEren urteko bilkuran hitz egingo dute Euskalduna Jauregian elkartuko diren Europako hamabost estatutako 150 ordezkari politikoren aurrean
Bilboko Euskalduna Jauregiak hartuko du bihar, otsailak 8, Europako Alderdi Demokrataren Kontseiluaren urteko bilera. EAD-PDE horren barruan ere badago Euzko Alderdi Jeltzalea. Topaketan parte hartuko dute Europako hamabost estatutako alderdi eta ordezkari politikoek,hauen artean, Italia, Frantzia, Alemania, Espainia,Polonia,Belgika eta Portugaletik etorritakoek, eta EAD-PDEri emango dio agiri bat idazteko eta onesteko aukera,zeinetan ezarriko diren maiatzeko 26ko Europako Hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoek egingo dituzten programetarako oinarri-arauak. Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta EAD-PDEko presidenteordeak, ordezkari guztiei ongi etorria emateko diskurtsoa irakurriko du eta Iñigo Urkullu lehendakariak Europako Forumaren lehen bilkura itxiko du , goizean, zentzu europazale argi eta irmoa izango duen hitzaldiarekin. Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria; nazioarte gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako; Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatua, iragan igandean Europako hurrengo hauteskundeetarako zerrendaburu aukeratu dutena; eta Jose María Etxebarria Kanpo Harremanen gaietarako Batzordeko arduraduna izango dira jeltzaleek Kontseilura eramango duten ordezkaritza taldeko kideetako batzuk.
EAD-PDEren Kontseilua 9:30ean hasiko da bihar goizean. Arestian esandako adierazpena onartzeaz gain, EADren organo gorenak bere Presidentetza berriztatuko du, gaur egun Francesco Rutelli Erromako alkate ohi eta Italiako presidenteorde ohiak eta François Bayrou, Pauko alkate eta Frantziako ministro ohiak partekatzen dutena. Eguneko aztergaien zerrendaren arabera, EADren Kontseiluak era berean aztertuko ditu bere finantzen egoera, atxikimendu eskaerak eta begirale estatutuarenak, M-26ko hauteskunde kanpainarako prestakuntza lanak edo hurrengo topaketarako egunaren aukeraketa, Liublianan egingo dena (Eslovenia).
Kontseilua amaituta, 13:00ean,EAD-PDEk Europari buruzko Forum bat egingo du ‘La indispensable refundación de Europa’ (Europaren ezinbesteko birsorrera) titulupean, Forum honen lehen bilkura itxiko du Iñigo Urkullu lehendakariak. Urkulluk 2017an parte hartu zuen EAD-PDEk Erroman egin zuen Kontseiluan eta han ere hitz egin zuen Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroa hizlari izan zuen Forumean. Bigarren bilkura 16:00etan hasiko da eta 18:30ak aldera amaituko da.
EAD-PDEren Kontseiluak 80 parte hartzaile izango ditu eta `Europako Forumera´150 inguru ordezkari politiko eta instituzional elkartzea espero da. Bayrou eta Rutelliz gain, bertan izango da Marielle de Sarnez, Frantziako Asanblada Nazionaleko Kanpo Ekintza Batzordeko burua; Ulrike Muller Bavariako eurodiputatua (Freie Wähler); Victor Ponta, Errumaniako Lehen Ministro ohia; Ivo Vajgl, Esloveniako Kanpo Ekintza batzordeko Ministro ohia; Benoît Lutgen, Valoniako Ministroa; Lena Elk, Suediako Ministro andre ohia eta gaur egun parlamentaria Riksdag-en; edo Henrik Lax, Europako Parlamentuko kide ohia eta Finlandiako Presidentetzarako hautagai ohia, besteak beste. Bertan izango dela baita konfirmatu du Narvay Quintero Kanarietako Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Uren Kontseilariak (Coalición Canaria). Joango direnen artean ere badaude PDeCAT eta Compromiso por Galicia alderdietako ordezkariak, alderdi gonbidatu gisa. Montserrat Candini eta Susanna Rivero, zuzendaritza nagusiko kideak, Kataluniako taldearen ordezkari gisa eta Juan Carlos Piñeiro, idazkari nagusia, Galizako taldearena.