EBBren adierazpena Venezuelako egoeraren harira

EBBren adierazpena Venezuelako egoeraren harira 24Urtarrilak
2019
2019 UrtarrilaK 24 |
EBB

PARTEKATU

Venezuelako egoera politiko eta soziala, lehenagotik konbultsoa, Asanblada Nazionaleko presidente Juan Guaidók bere burua Errepublikako “behin-behineko presidente” izendatzeko hartu duen erabakiaren ondoren are larriago bihurtu dela ikusirik, Euzkadi Buru Batzarrak ondorengoa adierazi nahi du:

1.- Lasaitasunari, elkarrizketari eta elkartasunari eustea eskatzen diegu Venezuelako agintari guztiei, ordezkari politikoei, indar armatuei eta gizarte zibilari; eta elkarrizketaren bidea hartzea eskatzen diegu egoera delikatu honi irtenbide baketsu,demokratiko eta odolgabea emate aldera.

2.- Guaidók hartu duen erabakia ulertzen eta errespetatzen dugu, Asanblada Nazionaleko presidente gisa dagozkion botereak aintzat hartuta. Era berean, Konstituzioak ematen duen agintea osorik hartzera animatzen dugu, trantsizio labur bat ezartzeko eta presidentetzarako hauteskunde gardenak deitzeko, nazioarte  mailako arbitraje batek abalatuak eta gainbegiratuak. Hautesle guztien eskubideak bermatuko dituen hauteskundeak egin daitezela eta askatasun osoz eta baldintza berberekin aurkez daitezela nahi duten hautagai guztiek.

3.- Nicolás Madurori eskatzen diogu boterea berehala eta era baketsuan utz dezala eta hauteskunde presidentzialak, benetan demokratiko eta askeak, ahalbide ditzala. Iragan urtarrilaren 9an esan genuen bezala, Nicolás Madurok 2019-2025 legealdiko presidentea izateko zilegitasunik ez duela gogoan, aldi horretarako, bere presidentetza arbuiatzen dugu, sistema demokratiko batean Herriaren gehiengoaren borondateak hauteskunde unibertsal, aske eta zuzenaren bidez ematen duen babesik jaso ez duelako.

4.- Venezuelako indar demokratiko guztiak bat egitera animatzen ditugu, adostasunaren bidetik elkarrekin ekin diezaioten autoritarismoari eraginkortasun osoz aurre egiteko eta trantsizio demokratikoa prestatzeko, gaur egungo krisi humanitario suntsitzailea premia osoz konpontzera begira eta garapen ekonomiko eta sozialerako akordio estrategikoa programatzeko, Venezuelako hiritarrek bizi duen egoera dramatikoa gainditzea helburu. 

5.- Euskal jatorriko venezuelarrei adierazten diegu gure hurbiltasuna eta elkartasun osoa, Venezuelan jarraitzen dutenei zein azken hilabete eta urteotan erbestera   irten beharra izan dutenei, diktaduratik eta miseriatik ihesi. Era berean opa diegu epe laburrean Venezuela aske eta demokratikoan elkartzeko aukera izan dezatela.

6.- Nazioarteko erkidego osoa animatzen dugu Herrialdeko indar politikoei laguntza eta babesa ematera,trantsizio demokratiko eta baketsua ezartzera begira.

Interesatu Zaitez