Iñigo Urkullu lehendakariaren Urte Amaierako Mezua.

Arratsaldeon. Urte berria hastear dagoen une honetan mila esker ematen didazuen aukeragatik. Agur berezia mundu zabaleko euskal komunitate osoari. Euskadin bizi dugun errealitatea eta Euskadik munduan dituen aukerak beti hurbiletik eta arretaz jarraitzen dituen komunitatea baita.

Iñigo Urkullu lehendakariaren Urte Amaierako Mezua. 31Abenduak
2018
2018 AbenduaK 31 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Gabonak eta urte aldaketa familiarekin eta lagunekin elkartzeko uneak dira.

Egindako bidearen inguruan gogoeta egiteko eta helburu berriak jartzeko unea ere bada.

Horregatik, 2019garren urtearen hasieran hiru sentimendu partekatu nahi ditut zurekin:

-Lehenik, gure bizitzan ditugun arazoengatik, kezka;

-Bestetik, arazoei aurre egiteko daukagun moduaren balioa; eta

-Azkenik, etorkizun hurbilean gure egoera hobetzeko zertan ahalegindu behar dugun komentatu nahi dut. 

Kezka sentimenduarekin hasiko naiz.

Nazioarteko errealitateak, Europako testuinguruak, Espainiako egoera politikoak eta gure ingurunean aurkitzen ditugun zailtasunek kezka-sentimendua pizten dute gugan.

Kezka, ziurgabetasun eta deserosotasun garaiak bizi ditugu. 

Jasan dugun krisi ekonomiko luzeak sortutako egoera gainditu ezinik dabiltzan pertsona eta familia askoren zailtasunak hurbiletik bizi ditugu.

Kezka eta ardura horiek partekatzea garrantzitsua da, pizgarri bat delako.

Zailtasunei erantzuten eta ditugun erronkak gainditzen saiatu behar dugu.

Inork inoiz ez digu ezer oparitu eta, benetako arrisku bakarra, ezer egin gabe geratzea da.

Honako hau da gure lehen erantzukizuna: arazoak onartzea, erantzunak partekatzea eta zailtasunak jarrera positibo batekin gainditzen saiatzea.

Bigarren sentimendua gure ereduari balioa emateari lotuta dago.

Inguratzen gaituen munduari begiratzean eta euskal errealitatearekin alderatzean, diferentzia nabarmenak ikusten ditugu.

Jakina da arazoak ditugula, bai; baina, aldi berean, arazoei erantzuteko kultura ezberdin bat sendotzen ari gara. Errespetuan, moderazioan, konfiantzan, elkarrizketan eta akordioan oinarritutako kultura sozial eta politikoa.

Emaitza onak eman dituen eredu propioa dugu. Gaur Euskadin “mikroklima politiko” positiboa eta eraikitzailea dago. Egindako ibilbideari duen garrantzia aitortzen diogu; eta horrek, gure ereduaren sendotasunari balioa ematen dio.

Ez da ospatzeko moduko zerbait. Baina bai, aprobetxatu behar dugun aukera.

Tentsioa, liskarra eta etengabe diferentziak handitzea onartzen ez ditugun jarrerak dira. Gure mikroklima zaintzeko, elikatzeko eta balioesteko aukera aprobetxatu behar dugu.

Lankidetza positibo eta zintzo baterako oinarria da.  Bizi dugun mundu lehiakor honetan arazoak konpontzeko beste biderik ez dago.

Mikroklima positibo hori pertsona eta jarrera positiboekin baino ez da lortzen.

Euskadin eredu hori finkatzen laguntzen duten hainbat eta hainbat pertsonen lana eta ahalegina eskertu nahi ditut.

Daukaguna estimatzea etorkizun berria indartzeko lehen urratsa da. Horixe da aurrera egin ahal izateko behar den jarrera.

Hobetzeko gogoa da partekatu nahi dudan hirugarren sentimendua.

Amaitzera doan 2018an, ETA behin betiko desagertu da; lorpen historikoa izan da. Baina ez gara horrekin konformatzen, hobetzen jarraitu behar dugu. Memoriarekiko, biktimekiko eta bizikidetzarekiko konpromisoan aurrera egiten jarraitu behar dugu.

2018an genero-indarkeriaren edo edozein motatako diskriminazioren aurrean emandako erantzuna areagotu egin da. Ez gara horrekin konformatzen. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-baldintzak hobetu behar ditugu.

2018an, azken bost urteetan lehen aldiz, langabezia % 10etik jaistea lortu dugu. Ez gara horrekin konformatzen. Lana aurkitzeko aukerak handitu eta lan-baldintzen kalitatea hobetu behar dugu.

Hobetzeko nahia, hori da zurekin partekatu nahi dudan sentimendua.

Jarrera pertsonalak eta kolektiboak uztartzea gure betiko kulturaren parte da eta “auzolana” deitzen diogu.

“Auzolana” gure Herriaren erronkei erantzuteko: Hezkuntza; Erronka demografikoa eta gazteen aldeko apustua; Berrikuntza; Euskadi Basque Country nazioartekotzea.

“Auzolana”  gure helburuetan aurrera egiteko eta, batez ere, urte berrian ere hainbat familiaren lehentasunari erantzuteko: enplegu gehiago eta hobea:

Helburuak argi ditugu:

-Gazteentzako enplegua;

-Aspalditik langabezian dauden eta okerren pasatzen ari diren pertsonentzako enplegua;

-Emakumeentzako enplegua, kontziliazioa erraztuko dien eta berdintasuna aitortuko dien baldintzetan.

-Enplegu egonkorragoa eta hobea, negozioetan edo saltokietan ekonomiaren zailtasunak egunero jasaten jarraitzen dutenentzat.

Enplegua da gure lehentasuna. Enplegua baita gizarte-politikarik onena.

Hobetzeko helburu horretan elkartasuna indartzea ere beharrezkoa da.

Elkartasuna jaso duen Herri baten seme-alaba gara eta konpromiso hori gure gizalegezko kulturaren ezaugarri izatea nahi dugu aurrerantzean ere.

Aipatutako hiru sentimenduekin emango diogu ongi etorria urte berriari:

-Zailtasun-egoeraren aurreko kezka,

-Eraikitzen ari garen ereduaren garrantzia, eta

-Beti hobetzen jarraitzeko helburu inkonformista.

Hiru sentimendu hauek bat egiten dute Euskadin.

Euskadi gu guztion ondasuna da eta, urte berriaren hasieran, Euskadiren Autogobernuan aurrera egiteko konfiantza dugu.

Estatu ereduaren hauskortasuna gainditzeko gure ekarpena egingo dugu. Ezinbestekoa da Estatuan dagoen nazio aniztasuna onartuko duen Itun berri bat adostea bizikidetza bermatzeko.

Amaitzera noa.

Elkartzeko eta etorkizunari begiratzeko egun hauetan, elkarrekin lan eginez, zailtasun guztiak gainditzeko eta gure ametsak lortzeko gai izango garen itxaropena daukagu.

Guk dugun lehen erantzukizuna nire gain hartzen dut eta nire desio onenak partekatzen ditut zurekin:

Zorionak eta Urte berri on!

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez