Markel Olano (Oria), Eider Mendoza (Bidasoa-Oiartzun), Maria Eugenia Arrizabalaga (Deba-Urola) eta Xabier Ezeizabarrenak (Donostialdea) izango dira jeltzaleen zerrendaburuak
Markel Olano (Oria), Eider Mendoza (Bidasoa-Oiartzun), Maria Eugenia Arrizabalaga (Deba-Urola) eta Xabier Ezeizabarrena (Donostialdea) izango dira EAJ-PNVren zerrendaburuak 2019ko maiatzeko Gipuzkoako foru hauteskundetan. Hautagaitzek jeltzaleen Herrialde Batzarraren onespena jaso dute gaur goizean eta, ondoren, jendaurrean aurkeztu dira, Donostiako Kursaalean egin den ekitaldian. 150 pertsona inguruk hartu dute parte topaketan, hauen artean alderdi jeltzalearen zuzendaritzako kideak eta Gipuzkoako hainbat kargu publiko.
Jarraian, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, azpimarratu du Gipuzkoan aldaketa sakona eman dela EAJ-PNV duela lau urte erakundeetara iritsi zenetik. “Aldaketak merezi izan du eta gipuzkoarrek antzeman dute. Emandako hitza betetzen saiatu gara; kudeaketa txukuna egin dugu eta giro politiko lasaia dago lurraldean”, arrazoitu du.
Egibarrek bere alderdi politikoaren ezaugarriak jarri ditu balorean: aurrerakoia arlo sozialari dagokionean; fidagarria ekonomikoan; eta egingarria, politikoan. “Herrigintzan lideratu nahi duenak herriari esan behar dio nondik eta zein helbururekin egin nahi duen. Politikagintzan pauso sendoak eman behar dira eta EAJ-PNV hala egiten ari da”, azaldu du.
Ezker abertzaleari buruz, poza agertu du jeltzaleek duela hamarkada batzuk diseinatutako sistema sozio ekonomikoa onartu dutelako, 59 urteren ondoren estrategia politikoa eta borroka armatua uztargarriak ez direla onartu ostean. “Milioi gehiago eska ditzakete politika batzuetarako, baina ez daukate alternatiba errealik”, salatu du.
Egibarrek ezker abertzaleko agintariek erabilitako terminologiari ere erreparatu dio. “Orain ez dute Ibarretxeren vascos y vascas erabiltzen. Podemosen nomenklaturarekin kutsatu dira eta gente hitza erabiltzen dute, gu herria ez bagina bezala, baizik eta patronalaren menpe gaudenak”, esan du.
GBBko presidente eta Legebiltzarreko bozeramaileak aste honetan Jaurlaritzak eta EH Bilduk burutu duten aurrekontuen negoziazioaz ere hitz egin du. “Egin daitekeen gauzarik okerrena da amildegi bat bi jauzitan gurutzatzea ez daudelako bi alde. Akordioetara ailegatzeko zubiak eraiki behar dira, zutabe sendoak sortu, baina nahiago izan dute amildegira jauzi egin”, adierazi du.
Egibarrek aurreratu du bere alderdiak Euskadiko sistema sozio ekonomikoa sendotzen jarraituko duela, behar dutenei gutxienekoa bermatzen, baita ere erretiratuei, inor bazterrean utzi gabe.
Datozen hauteskundeei begira, adierazi du EAJ-PNVk hiru zutabe nagusiren inguruan lan egiten jarraituko duela: arlo soziala, ekonomikoa eta politikoa. “Gizartea konprometitu behar dugu sozialki aurrerakoia den proiektu batekin, oinarri bezala justizia soziala edukiko duena; ekonomikoki sendoa eta besteen menpe edukiko ez gaituena; eta politikoki egingarria eta ilusioa piztuko duena”, ondorioztatu du.
“Lau urte hauetan, EAJ-PNVk hitza bete du bere kudeaketan , eta bide beretik jarraituko dugu lanean argi daukagulako, bere etorkizuna idatzi nahi duen nazioa garela”.
Etorkizuna lehentasuna da
Bere aldetik, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai den Markel Olanok, esan du egungo agertokia ziurgabetasun politiko, ekonomiko eta sozialez beteta ageri dela. Azaldu duenez, orainari buruzko segurtasun falta hau dela eta, etorkizunari buruzko kezka areagotzen ari da herritarren artean. Gipuzkoa ez da salbuespen bat eta, Olanoren esanetan, maila guztietan eragiten ari den lurraldea aldaketa prozesuan murgilduta dago, “indarkeria eta bizikidetza ezak markatutako agertoki politikoa atzean utzi eta krisi ekonomiko bortitza gainditzeko ahaleginetan” baitabil.
Honen aurrean, Olanok ekintzaren aldeko hautua egin du, “geldirik geratzeak ez baitu ezertako ere balio”. “Gertatzen ari dena onartu behar dugu eta aurrez heldu erronkari. Hori da guk egiten dugun apustua”, esan du hautagai jeltzaleak. “Herri eta herrialde ekonomikoki aurreratua eta sozialki kohesionatua izaten jarraitu nahi badugu, beharrezkoa da aldatu eta etorkizun berria eraikitzea. Iragana atzean utzi eta etorkizun berria eraikitzeko garaia da”, gehitu du.
Puntu honetan, Olanok balioan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundia jada hasia dela etorkizuna eraikitzearen aldeko ahalegin horretan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez. “Hau da etengabeko aldaketan dagoen munduari eta agertzen zaizkigun erronka berriei ematen diogun erantzuna. Iraganeko errezetek ez dute balio, eta desafio berriek konponbide berriak behar dituzte. Gipuzkoak agenda politiko berria behar du, industriaren digitalizazioa, gizartearen zahartzea edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna kontutan hartuko dituena”, zehaztu du.
Olanok gogoratu duenez, Gipuzkoa Europa mailan gizarte, hizkuntza eta genero ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzeak izaten jarraitzen du helburua. Hala ere, ez da posible horra iristea “gaur egun ematen ari diren aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialen aurrean beste aldera begiratzen badugu”. Horregatik, esan du “funtsezko garrantzia” duela lurraldearen agenda politikoa berritzeak, eta “Gipuzkoaren etorkizuna diseinatu eta eraikitzen jarraitzeko” duen konpromisoa berritu du.
Alor honetan, gauzak nola egiten direnaren garrantzian jarri du azpimarra. Honela, esan du gobernantza ireki eta elkarlanekoaren alde egiten duela apustu, hori baita bere ustetan gizarteak politikarekiko duen urruntzea gainditzeko formularik eraginkorrena. Bere esanetan, “politika zaharra” porrotera bideratuta dago, eta gizartearen inplikazioa lortzea da herritarrek erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko bide bakarra. “Edo honela egiten dugu, edo ez du ezertarako ere balioko. Etorkizuna denoi eragiten digun kontua da, eta proposatzen dugun konponbideak ere partekatua izan behar du. Gizarteak izan behar du erdigunea, eta berak izan behar du aldaketaren lidergoa”, itxi du.
Olano, amaitzeko, adierazi du ez dela nahikoa jendearen boza eskatzearekin. “Herritarren inplikazioa lortzea ezinbestekoa da gure sistema suntsitu nahi duten populista eta demagogoei aurre hartzeko modu onena delako”.
Lehiakortasun ekonomikoa eta elkartasun soziala
Eider Mendozak, EAJ-PNVren Bidasoa-Oiartzuneko hautagaitzaren buru izango denak, alderdi jeltzalearen ibilbide historikoa aldarrikatu du. Bere ustez, eragile hau izan da “lehiakortasun ekonomiko eta elkartasun sozialak osatzen duten binomioa ondoren uztartzen jakin izan duena”. Mendozak esan du EAJ-PNVk “argi eta garbi” erakutsi duela gizartearen zerbitzura lan egiteko bokazioa, pertsona erdigunean kokatuta, “gizartearen lidergoan sinisten baitugu eta ez dugulako bilatzen gizartearen errealitatea interes politiko zehatz batzuen markoan ahokatzea”. Lan egiteko modu hau, gehitu du, jeltzaleek lurraldearentzako duten etorkizuneko proiektura ere hedatzen da.
Xabier Ezeizabarrena Donostialdeko zerrendaburuak, bere aldetik, adierazi du Gipuzkoa jada ari dela bidea egiten, aldatu eta bere etorkizuna eraikitzeko. Esparru honetan, EAJ-PNVk egiten duen proposamenak lau ardatz nagusi ditu: ekonomia, gizarte kohesioa, aniztasuna eta berdintasuna. “Lanean jarri gara denon artean gure lurraldearen etorkizuna marraztu eta eraikitzeko. Eta, prozesu hau, guztion artean egingo dugu edo ez dugu egingo”, azpimarratu du.
Azkenik, Maria Eugenia Arrizabalagak, Deba-Oriako hautagaitzaren buru izango denak, egungo sistema instituzionalak duen berritzeko beharrean jarri du azpimarra, garai berrietara egokitu ahal izateko. “Erakunde sistema berria behar dugu, gure etorkizuna eraikitzea ahalbidetu digutenak, eta herri honen erabakitze eskubidearen instituzionalizazioari ateak irekiko dizkiona”, azpimarratu du. Bere ustez, hau gauzatzeko modu bakarra gizartea barne hartu eta “berarekin elkarlanean aritzea da”. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da “gizartearen eta politikaren artean dagoen dibortzioa gainditzea”. “Urruntze hori gainditu behar dugu, eta politika eta gizartearen artean lankidetzan aritzeko eredua aurkitu. Honela, guztion artean, gure etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izango diogu”, nabarmendu du. Amaitzeko preso dauden Kataluniako politikariei babesa adierazi die.