EBBko presidenteak deitoratu duenez Ezker Abertzalea “erosoago sentitzen da pankartaren atzean eta zarataka, erakundeetan pertsonen arazoak konpontzen baino”
Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian
“Dena eskatuz, `hegan doana´ eskatuz, Bildu ez da `txoria eskuan´ izateko gai izan. Hori da errealitatea, gaur, Bilduk Aurrekontuak onartu izan bazituen,hainbat pentsiodunek urtarrilean 50 euro gehiago jasoko lituzketelako, eta datorren urtean hilean 100 euro gehiago jasoko lituzkete,eta ondoren 858 eurotan jarriko lirateke…… orain zero euro. Hori da Bilduk Aurrekontu hauek zapuztean egin duen eragiketa handia. Hori eta gehiago, langile publikoak ere kontuan izan behar direlako. Aurrekontu hauek aurreikusten zuten langile publikoen baldintzak hobetzea, eta gogoan izan 90.000 pertsona direla. Horiek ez al dute eskubiderik?Bada, Aurrekonturik ez dagoenez… Gu saiatu egingo gara Bilduk eman duen danbateko honek ekarriko dituen ondorioak arintzen, baina ez da erraza izango, asmo horri eusteko legerik ezean…. ez baita lortzen erraza”. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak argi baino argiago dauka zergatik Euskadik gaur ez dituen Aurrekontu onak 2019 urterako: EH Bilduren borondate politikorik ezagatik eta sektore erradikalaren garaipenagatik, EAJrekin akordioak adosteari muzin egiten diolako, koalizioaren baitan negoziaketa prozesuan izan duten borroka horretan. “Aurrekontuekin Autogobernuaren inguruan erakutsi duten borondate politiko berbera izan bazuten, gaur akordio bat izango genuke. Baina ez da borondate politiko hori eman”, baieztatu du EAJ-PNVko buruak Radio Euskadiri gaur bertan eskaini dion elkarrizketan.
Jeltzaleen buruak argi eta garbi utzi nahi izan du Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PNVk eskura izan duten guztia jarri dutela 2019 urtera begira Euskadik aurrekontu onak izan zitzan, milaka euskal hiritarren bizitza kalitatea hobetzeko aurrekontuak; baina ezin izan du lortu, mahaiaren bestaldean eserita zegoen eragileak, azkenean, bere interes politikoak hiritargoaren interesen gainetik jarri nahi izan dituelako. “Atzora arte egon ginen eskaintzak aurkezten, Bilduk negoziaketetan eskatzen zigun guztiari erantzuna ematen; seguruenik, dena ez zen datorren urte honetarako, baina bai lortuko zen epe laburrean, hurrengo bi ekitaldien buruan. Guk akordio bat nahi izan dugu, baina haiek ez dakit ezinezko egin ote zaien ala nahi izan ez dutelako izan ez ote den. Hori da gure zalantza: hori dena Bilduren estrategia izan ote den gauzak `zenbat eta okerrago”, haientzat “gero eta hobeto” omen daudelako eta oraingoa moduko egoerara eraman nahi gaituztelako; edo ,azkenean, beren barruko eztabaida horretan, akordioa nahi ez zutenek irabazi ote duten. Bost eskaintza ezberdin egin ditugu. Atzo, eskaintza hobetzea ia ezinezkoa zenean, Azpiazu sailburuak eta bere lantaldeak beste hobekuntza bat aurkitzea lortu zuten, ia-ia Bilduk eskatu zigunaren %100ari erantzuna ematen ziona, baina ez ekitaldi honetarako, guztiz ezinezkoa delako. Gobernu baten aurrekontua familia baten aurrekontua bezalakoa da: denok nahi genuke etxean gauza gehiago egitea, egoera hobea izatea, baina daukagunarekin egin behar diogu aurre”, baieztatu du Ortuzarrek. “Nori kenduko diogu Bilduk 2019rako eskatzen ziguna? Justiziaz banatu behar da denona dena. Oso erraza da kolektibo batean dena fokalizatzea, baina gazteek, ez ote dute beren lehen lanpostua lortzeko eskubidea?. Hiritar arruntek ez ote dute osasun zerbitzuetan eta hezkuntzan hobekuntzak jasotzeko eskubidea? Ez al ditugu behar inbertsioak azpiegituretan, mugitzeko eta herri honetan hobeto bidaiatzeko? Ez al ditugu gizarte zerbitzu hobeak behar hiritar guztientzat? Hori dena da Bilduk ulertu behar duena, eta uste dut jakin dakiela, baina oso erraza da manipulatzea eta esatea Gobernu honek edo EAJk ez diela herritarrei kasurik egiten ….. Beno, herritarrez inor arduratzen bada, horiek gu gara, gure begira eta gure atzetik pertsona gehien ditugunak garelako. Zer uste du Bilduk, guk ez daukagula pentsiodunik? Nire ama zen pentsiorik baxuenetakoa jasotzen zuenetako bat, nire aita kamioi gidari autonomoa zelako. Ez ote dut jakingo nik pentsiodun batek zer behar duen? Halako pertsonez inguratuta gaude denok. Baina dagoena zuzentasunez banatu behar da, denon artean, behar duten guztien artean”.
EBBko presidenteak argi utzi nahi izan ditu negoziaketan mahaigaineratu diren zenbakiak. “Bilduk eskatzen zuen orain 858 euro jartzea Diru Sarrerak Bermatzeko errentaren sistemaren barruan dauden pertsonentzat, eta guk hori 2021era eramaten genuen, apurka-apurka kopuru horretara heltzeko. 2019an 780 euro izango ziren; hurrengoan 830 eta hurrengoan, KPIaren arabera, 858 edo gehiago. Zein da gaurko errealitatea?. Pertsona horiek dauden moduan geratuko direla Bilduk nahi izan ez duelako: dena eskatuz, `hegan doana´ eskatuz, Bildu ez delako`eskua txorian´ izateko gai izan”. Gaur hainbat pentsiodun egongo lirateke urtarriletik aurrera pentsioan 50 euro gehiago jasoko lituzketenak, eta hurrengo urtean 100 euro gehiago izango lirateke, azkenean 858 eurotan jartzeko. Orain, zero euro. Hori da Bilduk Aurrekontu hauek zapuztean egin duen eragiketa handia. Hori eta askoz gehiago, langile publikoak ere kontuan izan behar direlako.”
Jeltzaleen buruak uste du, beste behin ere, Ezker Abertzalearen sektore gogorrak berea ateratzea lortu duela. “Betidanik egon da beren barruko halako borroka hori; alde batetik daude akordioa nahi dutenak, politikoagoak direnak eta Bildu sistema instituzionalaren barruan jarri nahi dutenak euskal politikagintzaren erdian kokatuz, eta bestetik daude indar sindikalek eta mugimendu sozialek bultzatuta, erradikalizatuta daudenak. Bilduren arazoa da oraindik erosoago sentitzen dela pankartaren atzean eta zarataka, arazoak konpontzeko konpromisoa hartzen baino. Horien bien artean aukeratu behar du Bilduk: pankartaren atzean egon ala erakundeetatik jendearen arazoak konpontzen jarri”.
Ortuzarrek era berean salatu nahi izan du Ahal Dugu taldearen koherentziarik eza, Madrilen EAJ goraipatzen duelako, atzo bertan Pablo Iglesiasek egin zuen bezala, baina Gasteizen egun batean eta hurrengoan deskalifikatzen duelako. “Atzekoz aurrera dagoen mundua da hau. Non eta hemen, Euskadin, pentsioei buruz hitz egiten, gure zoritzarrerako, eskuduntza hori Madrilgo Gobernuarena denean. Eta Madrilen, zentsura mozioa babestu genuenon artean, behar besteko gehiengoa osatu ahal genuen pentsioen gaiari behin betiko konponbidea emateko: Ahal Dugu/Podemos, Bildu, gu, kataluniarrak eta Alderdi Sozialista… Baina han ez du inork proposatzen eta hona datoz, EAJri proposatzera. Zer pentsatua ematen du horrek, ahal den tokian, eskuduntza han dagoelako eta gehiengoak daudelako, ez delako egiten. Non daude Podemosen proposamenak? Nik badakit zer negoziatu duten Alderdi Sozialistarekin eta Sánchezen gobernuareki, pentsioei buruz atera direnez aparte proposamen bakar bat ere ez dute planteatu. Han ez dituzte 1080 euroak eskatzen, eta hori hantxe eskatu behar da, baina hemen bai eskatzen dutela. Horrek denak eramaten zaitu halakoen planteamenduen benetakotasuna auzitan jartzera. Hemen pentsiodun guztiek, Euskadikoek eta Espainiakoek, eraman duten bakarra, asko edo gutxi, EAJk atera zuen iaz Aurrekontu Orokorren negoziaketatik. Hori da benetako gauza bakarra. Hori da pentsiodun guztiek gaur `eskuan daukaten txoria´. Gainerako guztia diskurtso politikoa da. EAJren botoak hor daude: beraiek Madrilen gai hori planteatzen badute, EAJ, oso-osoan, han egongo da, horren aldeko botoa ematen”.