Leixuri Arrizabalaga: “Benetako berdintasuna emakume pentsiodunentzat ere iritsi behar da”

Legebiltzarkide jeltzaleak salatu duenez, “emakumeek pairatzen duten diskriminazioaren beste adierazpen bat dira pentsioak”, eta “benetako diagnostiko bat” izateko beharra defendatu du, emakume horiek bizi-baldintzak hobetzeko. Eusko Legebiltzarrak ebazpen bat onartu du gaur, talde guztien babesaz, Gobernuari eskatzeko kolektibo horren premien plan integrala egin dezala

Leixuri Arrizabalaga: “Benetako berdintasuna emakume pentsiodunentzat ere iritsi behar da” 18Urriak
2018
2018 UrriaK 18 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala are larriagoa da pentsioetaz ari garenean. Leixuri Arrizabalagak emandako datuen arabera, Euskadiko emakumeek bataz beste jasotzen duten jubilazio pentsioa hilean 907 eurokoa da, eta gizonena, berriz, 1.568 eurokoa; alegia, emakumeek gizonek baino 661 euro gutxiago jasotzen dituzte. Gainera, horien %73ak hilero 1.000 euro baino gutxiago jasotzen du. “Soldata arrakala” hori ematen da Euskadin pentsioa duten emakumeen %45 alarguna delako, eta kasu horietan, bataz besteko pentsioa ez delako 800 eurora iristen.

Datu horiek ikusirik, Arrizabalagak esan duenez, argi dago pentsioak direla Euskadin emakumeek pairatzen duten diskriminazio ekonomiko larrienetakoak. “Soldata diskriminazioak, gaur egun, emakume eta gizonen arteko desberdintasunak betikotu eta baldintzatu egiten dituzte. Hori dela eta, sexuen arteko benetako berdintasunaren aldarria eta horren aldeko borroka eremu honetan ere eman behar da, emakume pentsiodunen eremuan”.

Arrizabalagaren ustez, emakume horien egoera sozio-ekonomikoaren benetako argazkia funtsezkoa da konponbidea lortzeko eta beren bizitza duintzea ahalbidetuko duten neurriak proposatzeko. Hori dela eta, gaineratu du, gaur Legebiltzarrean lortutako akordioa pausu bat gehiago da benetako berdintasunaren aldeko borrokan.

Euskal Ganberak aho batez onartu du ekimena, Gobernuari eskatzeko ezen, Emakunderekin elkarlanean, azterketa bate gin dezala 2019an emakume pentsiodunei buruz; eta azterlan horretan kuantifikatu dezala ugalketa-lanen ekarpena eta baloratu dezala gizarte bazterketan duten maila. Txosten hori oinarri izango da jarduera plan integral bat egiteko, helburu izango duena emakume pentsiodunen prekaritate-egoera horiei erantzutea eta beren bizitza baldintzak duintzea. “Legebiltzarrean gaur lortutakoa aurrerapausoa da gizarte justuagoa eta berdinkoiagoa lortzeko, diskriminazioak ez dezan espaziorik izan eta behin betiko baztertzeko”.

Interesatu Zaitez