Ortuzar minduta agertu da Espainiako gobernuak bere mezuari eman dion erantzunagatik, eta Celaári eta Valeriori exijitu die “EAJ, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra errespetatzea”

EBBko buruak berretsi du,Madrilgo egoeraren aurrean, EAJren denbora eta pazientzia “agortzen” ari direla, eta Pedro Sánchezi eskatu dio Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioan hitzemandako konpromisoak berehala betetzea

Ortuzar minduta agertu da Espainiako gobernuak bere mezuari eman dion erantzunagatik, eta Celaári eta Valeriori exijitu die “EAJ, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra errespetatzea” 02Urriak
2018
2018 UrriaK 02 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, ez du ezkutatu nahi izan Isabel Celaá eta Magdalena Valerio ministro andreek atzo egin zituzten adierazpenek EAJren baitan eragin duten haserrea. Ministro andre biek adierazpen hauek egin zituzten Pedro Sánchezen inbestidura ahalbidetzearen truke hitzeman ziren akordioak bete gabe jarraitzen dutela ikusirik, jeltzaleek igandean egin zuten ohartarazpenaz galdetu zaienean. Celaák ohartarazpen hau “EAJren biktimismoaren barruan” kokatu zuen eta Valeriok adierazi zuen Segurantza Sozialaren transferentzia ez dela gaur egun Exekutibo sozialistaren lehentasunetako bat. Gaur goizean Radio Euskadin eskaini duen elkarrizketan, adierazpen hauei buruz galdetuta, jeltzaleen buruak argi baino argiago hitz egin du. “Bai, pazientzia amaitzen eta agortzen ari zaigu. Gobernu zentrala, Euskadiri dagokion aldetik, ez da mugitzen ari, eta jasotzen ari garen erantzunak, gainera, ez zaizkigu batere gustatzen. Nik igandean esan nuen denborak aurrera darraiela eta pazientzia agortzen ari zaigula, eta gaur, bi egun geroago, denbora are laburrago dago eta pazientzia are agortuago.Igandean kezka bat adierazi genuen. Gaur, kezkaz gain, minduta eta haserre gaude gure ohartarazpenari eman zaion interpretazioa ikusita. Uste dut ministro bozeramaile andreak argi eta garbi ikusi beharko lukeela hor dagoen Gobernuko kidea dela batzuek erabaki batzuk hartu genituelako eta, beraz, errespetuz tratatzea behar eta merezi dugu. Begirunea behar da. Begirunea EAJrentzat, Pedro Sánchez gaur Moncloan egotea eta beraiek ministro izatea ahalbidetu zuelako, horrek ere Valerio ministro andrearentzat ere balio duelako. Begirunea Eusko Jaurlaritzarentzat, bere gobernu programan transferentzien egutegia negoziatzea jasota duelako eta horretan bi transferentzia nagusi daude: Gizarte Segurantza eta espetxeak. EAJk eta Euskadiko Alderdi Sozialistak izenpetutako gobernu ituna. Eta begirunea Eusko Legebiltzarrarentzat, argi baino argiago utzi duelako Estatutuaren betepenerako zer falta den eta 6 hilabeteko epean transferentzia batzuk gauzatzea eskatu duelako. Eta horren guztiaren erantzuna izan da biktimismoan erori garela. Ez, ez. Gaur asteartea da, Alderdi Eguna igaro da eta berriro esan behar dut: denbora gero eta laburragoa da eta pazientzia gero eta txikiagoa”.

Ortuzarrek bere ohartarazpena serioa dela azpimarratu nahi izan du: “Igandean jendaurrean ez genuen ezan lehenago pribatuan esan ez dieguna. Ohartarazpena serioa da. Ez dakit nik zer gehiago egin behar dugun. Zer nahi dute? Bozkatu behar dugun hurrengoan guk ezetz bozkatzea?Ministro bat gaitzesteko saiakeraren bat ematen denean guk ezetz esatea?. Seriotan hartuko gaituzte orduan? Gero beranduegi izango da, denborak aurrera darrai eta gauzek ez dute funtzionatzen. Ez, ez: igandekoa serioa izan zen eta gaurkoa ere serioa da. Bizkortu ezik, edozein konpromisotik libre sentituko gara. Partido Popularrarekin eginda zeuden gauzak, Aldizkari Ofizialera eramatekotan zeudenak, ez dira Aldizkari Ofizialera eraman eta berriro ari dira negoziaketa ireki gurean; gainditutzat jotzen genituen gauzak, aurrekontua ezarrita zutenak, tarifa elektrikoa, besteak beste, berraztertu gurean ari dira; Auzitegi Konstituzionalaren aginduz eginda egon beharko luketen trenbideen transferentzia bien inguruan, orain euskal autogobernuarentzat txarrak diren transferentzia dekretu birekin etorri zaizkigu. Zelan ez gara haserre egongo?”.

EBBko presidenteak uste du borondate politikoa baldin badago, oraindik egoera honi buelta emateko aukera egon badagoela. “Gauzak ez doaz bide onetik, baina denbora daukagu oraindik. Denbora badago, baina seriotan hartu behar dute. Guk Estatuko administrazioaren 30. mailen erresistentziak gainditu genituen PPrekiko negoziaketan. PPk eta Rajoyren gobernuak erresistentzia horiek gainditu zituzten, baina orain ematen du aurreko egoeran gaudela, eta ezin da izan. Politika behar da, konpromisoak bete behar dira eta adorea behar da” .

Ortuzarri galdetu diote Torra Presidentearen irizpide berekoa ote den eta “CDRek gogorrago egin behar ote duten”. “Ez”, erantzun du. “Duela urte bete urriaren 1eko irudiak izan ziren kataluniar herria bozkatzera irten zela, zibikoki, eta Espainiako Segurtasun Indarren errepresioaren biktima izan zela. Urte bete geroago daukagun irudia da kataluniar batzuk Parlamentera indarra erabilita sartzen saiatu direla eta kataluniarrek eurek erreprimitu behar izan dituztela. Uste dut irudi horietan galtzaile irteten direnak Kataluniar herria eta bere kausa direla. Kataluniako erakundeek kataluniar prozesuaren gidaritza berreskuratu behar dute. Ulertzen dut kataluniar politikaren egoera konplexua dela, faktore emozional handia dagoela, presoak daudela, pertsona batzuk asko sufritzen ari direla; amorru handia dagoela, ezinegona dagoela urteko borrokak ez duelako amaiera onik ekarri … baina orain bakearen bidetik aldentzeak gehien kaltetuko duena da kataluniar herriaren kausa bera”.

Ortuzarrek baieztatu du oraindik ez dela Alfonso Alonso Euskadiko PPko buruarekin batzartu, Eusko Jaurlaritzaren Kontuak babestea eskatzeko, baina epe laburrean egin ahal izatea espero du “uztailetik hona Euskadiko gainerako alderdi politikoetako presidenteekin egin dudan bezala”. Popularrek Aurrekontuak babestuko ote dituzten galdetuta, Ortuzarrek zera baieztatu du “Aurrekontuak negoziatzeko orduan EAJk EAJ izateari utzi behar badio, ez da izango”. Dena dela uste du Euskadin badagoela “PPrekin lankidetzan jarduteko esparrua”. “Iaztik hona Eusko Jaurlaritzaren eta PPren artean zer gertatu ote den, duela urte bete egingarria zena, Aurrekontuak hitzartzea, orain ezinezkoa izan dadin? Ezer ere ez. Guk Aurrekontuetan ezarritakoa bete dugu eta aurtengo Aurrekontuak bide beretik joango dira… Logikoena litzateke PP negoziaketan sartzea. Zer gertatzen den? Madrilen harremanak apurtu direla. Arazoa ez dago hemen, ez dago Euskadin, eta ez dira Aurrekontuak: PPk Euskadiko harremanen ardatzak aldatu ditu Euskadiz kanpoko gaiengatik, Madrilen daukan egoera politikoagatik. Guztiz legitimoa da, baina ez dezatela esan EAJ mendira igo dela edo ez dakit nora joan dela, edo ez dakit nolako Aurrekontuak egiten ari garela…. Ez, ez dituzte Aurrekontuak negoziatuko zentsura mozioan egin genuenagatik minduta daudelako. Edo ez dituzte hitzartuko edo negoziatuko Casadoren tesi gogorrarekin bat egin dutelako,hau da, abertzaletasun periferikoak makilarekin arteztu nahian dabiltzatelako. Baina aldaketa eurena izango da, ez gurea. PPrekin egin dugun ibilbidean akordio batzuk adostu ditugu Aurrekontuetan, eta zehatzak izan dira, baina baita garrantzitsuak ere. Guk harreman horri eutsi nahi diogu. Ezin dela izan? Bada, orduan, beste bide batzuk bilatuko ditugu”.

Interesatu Zaitez