Bizkai Buru Batzarreko presidenteak jakin daki honakoa “herri anitza dela”, baina era berean baieztatu duenez “hirugarren batzuen betoak onartzeak ez gaitu pluralago egingo”
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, gaur aldarrikatu du Autogobernu lantaldean “ahalik eta akordiorik zabalena” lortu ahal izatea, eta gogoratu du eztabaida Eusko Legebiltzarrean sortu zela itun berria izan dadin “Gernikakoa gaindituko duen Estatutua”. “Jakin dakigu gure herria anitza dela; eta ez da uste soil bat, aniztasun hori defendatzen dudalako. Gehiengo ez direnak ere integratu behar dira, baina hirugarren batzuen betoak onartzeak ez gaitu garen baino pluralago egingo”, esan du jeltzaleen eta EH Bilduren artean estatus berriari buruz adostu duten akordioaren inguruko eztabaidaz.
Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan Bizkaiko burukideak azpimarratu duenez, “inork are adostasun zabalagoa nahi izatekotan, ikusi nahiko nuke une honetan zer eskaintzen ote duten EAJ eta EH Bilduren artean adostutako aurre akordioa arbuiatzen dutenek; hain zuzen ere, adostasun puntu bat egon dadin oinarria Gernikako Estatutua bada, kontuan izan behar dugu EAJren eta EH Bildu-ren arteko akordiora sartu ez direnak direla estatu mailan Estatutua ez betetzea bultzatu duten alderdiak (PP y PSOE)”, gogoratu du.
Bizkaiko jeltzaleen buruak adierazi duenez Euskadin alderdien arteko adostasuna “zenbat eta zabalagoa izan”, “orduan eta hobea” izango dela, Estatuak ere onar dezan. Edozein kasutan, era berean esan du testu berria arbuiatua izan ez dadin PSE-EE eta Podemos alderdiek bat egin beharko luketela ‘galdeketa gaitzailea’ abian jartzeko aukeraren alde (Eusko Jaurlaritzak onartuko duen akordioa Gorte Nagusietara heldu dadin). Honek “bermatuko luke herri honetan zer biztanleria zati ote den, legebiltzarrean indar abertzaleen artean gehiengoa den ordezkaritzatik harago, babesten duena Madrilera eraman beharko litzatekeen hori”, zehaztu du. “Galdetzea ez da txarra izaten eta, gainera, demokraziaren oinarria ere bada”, esan du.
AURREKONTUAK EUSKADIN
Bizkaiko EAJ-PNVko buruak Euskadiko datorren urteko aurrekontuez ere hitz egin du eta gogora ekarri du boto bat falta zaiela datorren urteko kontuak aurrera atera ahal izateko. Zentzu honetan esan duenez 2018ko kontuak “oso onak” dira eta luzatuta ere “ez lukete herria zapuztuko eta Jaurlaritzako sailei ez liekete arazo handirik eragingo, beste urte bete kontu horiekin jarraitu beharra gertatzekotan”. Dena dela, erabat konbentzituta dago Urkullu Lehendakariaren asmoa dela “akordio batetara iritsi ahal izaten saiatzea”.
“Alde batetik, PP dago, erantzun behar lukeena iaztik hona zer aldatu ote den Aurrekontuaren aurrean bestelako jarrera bat erakusteko”, esan du eta ‘popularrei’ gogoratu die gaia “aurrekontuei buruzkoa” baino ez dela. EH Bilduri ere gogoratu dio udan bertan bere koordinatzaile nagusiak Autogobernu Lantaldean adostutako akordioa “historiko” jotzen zuela eta esan zuela akordioak “beste bide bat” irekitzen zuela. Horregatik, jeltzaleek eskatu zioten jarrera hori “gauza zehatzekin” erakusteko, baina gai zehatzagoak jorratzeko orduan, erantzuna ‘ezetza’ da. Horregatik eskatu die “Pedro Azpiazuk Aurrekontuei buruz aurkeztuko diena seriotasunez, zorroztasunez baina, batez ere, aurreiritzirik gabe aztertzea”. Era berean adierazi du Elkarrekin Podemos taldeak bere jarrera zehaztu beharra duela. “Politika Orokorrari buruzko osoko bilkuraren ondoren, nik ez dakit beren bozeramailea non geratu den. Lehendakariari egotzi zion marrazki bizidunen edo kartoizko munduan bizi zela eta gozokiez eta piruletez hitz egiten zion, baina uste dut Podemos taldearen arazoa dela, politika munduan ez duelako bere tokia aurkitzen”, azpimarratu du.