Herrialde exekutibak barne hauteskunde prozesuari eman dio hasiera. Prozesu hau azaroan amaituko da, hurrengo legealdian Gernikako Ganberan EAJ-PNV ordezkatzeko proposatuko diren behin betiko zerrendak aukeratzean.
Bizkai Buru Batzarrak Unai Rementeria Maiz, Ana Otadui Biteri eta Juan Mari Aburto Rike aukeratu ditu, hurrenez hurren, ahaldun nagusirako, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako eta Bilboko alkaterako, 2019ko maiatzaren 26rako deitu diren foru hauteskundeetan EAJ-PNV ordezka dezaten. Bizkaiko lau hauteskunde barrutien artetik, Rementeriak Busturia-Uribeko zerrendaburua izango da eta Otadui Durango-Arratiakoa. Beste barrutietako zerrendaburuak izango dira, beste behin ere, Ibone Bengoetxea Otaolea (Bilbo) eta Imanol Pradales Gil (Enkarterri). Izapide honen bidez, herrialde exekutibak hasitzat eman du azaroan amaituko den barne hauteskunde prozesua, azarorako deituko den Herrialde Batzarrean aldarrikatuko baitira herrialdeko herri kargudunak aukeratzeko bozketarako aurkeztuko diren hautagai-zerrendak.
Batzar Nagusietako ahaldunak aukeratzeko prozesuari dagokionez, Alderdiaren herrialde estatutuak betetze aldera, gaur arratsaldean bertan, Bizkai Buru Batzarrak Bizkaiko 123 Uri Erakundeetara bidali ditu ahaldun nagusirako, Batzar Nagusietako presidenterako eta Gernikako Ganberako ahaldunerako proposatzen dituen hautagaien zerrenda. Gogoratu beharra dago proposamen hau ez dela, inondik inora, loteslea, uri erakundeek erabat edo zati batean onar edo arbuia bailezakete, edo beste hautagai batzuekin osa lezakete.
EAJ-PNVren barne hauteskunde prozesuetan ohikoa denez, bi hautespen aldi egingo dira. Horietako lehenengoan, Uri Erakunde bakoitzak, Batzarrean bilduta, gehiengo soil batez, dagokion barrutiko hautagaiak aukeratuko ditu eta beste hautagai batzuk aurkeztu ahal izango ditu BBBk lehen instantzian proposatutakoen ordez. Batzarra amaituta, Uri Erakunde bakoitzak bere zerrenda osatuko du eta Aberri Berme eta Zaingo Batzordeari bidaliko dio. Bigarren hautespen aldian, Uri Erakundeek, EAJ-PNVren kontrol organoak bidalitako zerrendatik aukeratu beharko dituzte ahaldun nagusirako hautagaia, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako hautagaia eta uri erakundeari dagokion barrutian talde jeltzaleak aurkeztuko duen zerrenda osatuko duten pertsonak. Halaber, Uri Erakundeak aginduzko manamendua emango die bere ahaldunei, Herrialde Batzarrean hauteskunde barruti bakoitzeko zerrenda guztiak berrestera begira.
Albait arinen, Uri Erakundeek Bizkai Buru Batzarrari bidali beharko dizkiote beren batzarretan eginiko bozketen emaitzak. Ondoren, Bizkaiko exekutibak proposamen integratzaile bat osatuko du lantalde egokia osatze aldera eta batzarretan adierazitako borondatea errespetatuz. Azkenik, Herrialde Batzarra izango da, osoan edo zati batean, Bizkaiko exekutibaren proposamena onartu edo arbuiatuko duena, edo beste hautagai batzuekin osatuko duena.
Herrialde Batzarra izango da, Bizkaiko EAJ-PNVren barne organo gorena, azaroaren 8ko batzarrean Alderdiak Bizkaian aurkeztuko dituen zerrendak onetsi eta aldarrikatuko dituena.
BILBOKO ALKATETZA
Bilbon, ordea, udal herri kargudunetarako hautagaiak aukeratzeko prozesua, hauen artean alkategaia, Bizkai Buru Batzarraren eta Buru Batzarren Artekoaren artean erabakitzen da. Bi erakundeen artean behin behineko zerrenda osatzen dutenean Bilboko 13 uri erakundeetara bidaltzen da, dagokion barne hauteskunde prozesuari hasiera emateko. Aukeraketa prozesuak bi hautespen aldi egitea eskatzen du.
Horregatik, eta Bizkaiko erakunde jeltzalearen estatutuetan ezarritakoa betez,erakunde biek gaur arratsaldean erabaki dute Juan Mari Aburto Rike izango dela hurrengo hauteskundeetan Bilboko Alkatetzarako proposatuko duten hautagaia.