Ortuzarrek berretsi du EAJ-PNV prest dagoela PSE eta Podemos Estatus Berrirako akordiora ekartzeko baina “gutxieneko borondatea” erakustea eskatu die

EBBko buruak gogoratu du EH Bildu izan dela “EAJren irizpideetara hurbildu dena” eta ohartarazi du batzuk Autogobernu Lantaldearen jardunaren kontrako manipulazio informatibo “lotsagabe eta lotsagarria” egiten ari direla

Ortuzarrek berretsi du EAJ-PNV prest dagoela PSE eta Podemos Estatus Berrirako akordiora ekartzeko baina “gutxieneko borondatea” erakustea eskatu die 19Uztailak
2018
2018 UztailaK 19 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur goizean berretsi du Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Lantaldearen baitan Estatus Berrirako lanak egiten hasi zirenez geroztik bozeramaile jeltzale guztiek adierazi duten berbera: EAJ-PNV akordio transbertsala lortzeko prest dago eta horretarako borondatea dauka, ahal denik eta talde politiko gehienekin. Jeltzaleen buruaren hitzetan, akordio hori EH Bildurekin baino ezin izan da lortu “PSEk eta PODEMOSek, bakoitzak bere arrazoiagatik, beste albora begiratu nahi izan dutelako”. Talde biei eskatu die Ortuzarrek “busti daitezela” eta “gutxieneko borondatea” erakustea Autogobernu Lantaldearen baitan geratzen den izapidean, eta biei adierazi die EAJ-PNV prest dagoela “aldaketak edo aldarazpenak egitera, kontsentsuaren mesedetan”, baina aldaketa horiek, argitu du, “oraingoak baino konpromiso zabalagoetan” oinarrituta beharko dute. “Inork ez dezala pentsatu akordioa edo kidea alda daitekeenik, ez; denok izan behar dugu behar besteko malgutasuna jende gehiago akordiora hurbiltzeko, eta aurrekoak asebeteko dituzten akordioak izan daitezen”.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek erantzun nahi izan die PSE eta Podemosetik EAJ-PNVk eta EH Bilduk Autogobernu Lantaldean adostu dutenaren kontra egin dituzten kritikei. “Guk EH Bildurekin adostutako oinarriak Alderdi Sozialistarekin eta Podemosekin negoziatzeko prest egon gara, eta akordiotik kanpo geratu direnak dira zergatik mugitu ez diren azaldu beharko luketenak. Baina errazagoa da esatea EAJ mendira joan dela, hemen gertatu dena izan denean EH Bildu EAJren jarreretara hurbildu dela, eta nik hori aintzat hartu behar dut. EH Bilduri hainbatetan eskatu diogu errealismo politikoz joka dezala, joko-arauak onar ditzala, eta egin egin du. Eta bere jarrera defendatuaz egin du, argi eta garbi. Sozialistak prest egon balira eta negoziaketan inplikatu balira, seguru nago testua bestelakoa izango zela”, baieztatu du.

Ortuzarren aburuz “PSE alderdia beste albora begira jarri da, seguruenik egiten ari ziren analisi politiko globalaren arabera Mariano Rajoy Madrilen egongo zelako eta Euskadiko akordioaren kudeaketa oso konplikatua izango litzatekeelako Gorte Nagusietan. Orain PSOEk gobernatzen du Madrilen eta, ez dezagun ahaztu, EAJren botoei esker; eta, beraz, erantzunkidetasuna eta ordainen bat egon beharko litzateke erabaki horren truke eta EAJkook hartu dugun arriskuaren truke. Baina PSE beste albora begira jarri da eta ez da negoziaketan sartu: ez da negoziatzeko edo hurbiltzeko borondaterik eman”. Podemos taldeari dagokionez, EBBko presidenteak uste du “estrategia aldaketa eman dela”. “Podemos elkarrizketa prozesuan integratuta zegoen. Beraiekin hainbat testu partekatu genituen hitzaurretik aurrera, eta harremana nahiko aurreratuta zegoen. Eta egun batetik bestera ezetza eman ziguten. Uste dut nolabaiteko zorabioa sentitzen hasi zirela, Podemosen baitan, funtsean, nolabaiteko espainiartasuna dagoelako, eta zorabioa sentitzen hasi ziren bakarrik geratuko zirela pentsatuta (eta bakarrik kakotx artean esaten dut, herri honen gehiengoarekin geratzea delako) EAJ eta EH Bilduren arteko akordio batean”.

Ortuzarren hitzetan, borondate politikoa baldin badago, akordio berrietarako marjina badago. “Oinarriak adostu ditugu, eta orain ahalegin bat egin behar da oinarri horiei artikuludun testu baten itxura emateko. Ondoren, beste negoziaketa prozesu bat egongo da berriro ere hitz egiten hasteko eta negoziatzeko. Eta, geroago, hirugarren momentu bat egongo da eta zuzenketak aurkeztu ahal izango zaizkio artikuludun testu horri. Beraz, negoziatu nahi duenak, akordioa nahi duenak, hori lortzeko aukera izango du, eta zalantzarik gabe EAJren borondatea horren aldekoa izango da. Gure helburua da testua denik eta adostasun mailarik handienarekin ateratzea: EH Bildurekin, Alderdi Sozialistarekin eta Podemosekin. Eta eskuan daukagun guztia emango dugu horrela gerta dadin, baina gutxienekoa behar dugu beste aldetik ere, gutxieneko borondatea, orain arte egon ez dena. Nik eginahalak egingo ditut Alderdi Sozialista akordioan sar dadin”.

EH Bildurekin orain arte adostutako akordioak eta neurri apalago batean bada ere Podemosekin lortutakoak aldeztu ditu Ortuzarrek. “Oinarriak legitimoak dira. 40 urte geroago Estatutuaren erreformaren aurrean gaude eta belaunaldi baterako edo bi belaunalditarako balio izatea nahi dugu. Beraz, asmo handiak behar ditugu. Eta hori da egin duguna, Konstituzioarekin bat egin dezaketen kontzeptuak ezarriaz, Konstituzioaren Xedapen Gehigarriak eta Gernikako Estatutuaren Azken Xedapenak babesten dituztela ulertzen dugulako. Beste batzuek gauzak horrela izatea eztabaidatzen dutela?. Beno, eser gaitezen mahai baten inguruan eta ikusiko dugu hori dena artikuludun testu batean nola jasotzen den. Hesgailua ez dezagun jarri zauria egin baino lehen”. Puntu horretan, EBBko buruak baieztatu du EAJ-PNV ez dela eroriko “manipulazio kanpaina lotsagabe eta lotsagarria egiten ari diren talde batzuek edo egunkari batzuek jarri nahi diguten amarruan. EAJren jarrera argia baino argiagoa da: ahal denik eta akordio zabalena eta transbertsalena nahi dugu. Orain daukagun akordioa da akordio zabala eta transbertsala. Nahiago ote dugun? Jakina baietz. Indar politikoekin hitz egiteko prest ote gauden eta beren aldetik jarrera aldaketa ematen den eta bustitzeko prest ote dauden ikusi nahi ote dugun? Kontua da orain arte ez dutela busti nahi izan”.

Gernikako Estatutua aldatu baino lehen, sozialistek Konstituzioa aldaraztea nahiago dutela jakinik, Ortuzarrek esan du ulertzen dituela “Pedro Sánchezek konstituzioaren erreforma egiteko prest dagoela esanez egin dituen iragarpenak”, baina era berean esan duenez “ezin gara geratu hori dena noiz gertatuko zain. Lehenago urrats batzuk eman behar dira eta, batez ere, argi eta garbi adierazi behar dugu joko eremua zein izango den. Euskadiko Alderdi Sozialistak, Partido Sozialista Obrero Español alderdiak eta Sánchezen Gobernuak argi eta garbi esan behar digute zein joko-eremutan jardun nahi duten euskal autogobernuaren gai honetan. Gauza bera egin beharko dute Kataluniarekin. Eta, ikusiko dugu joko eremu horrek zenbat elkargune dituen Eusko Legebiltzarrean marratzen ari diren joko eremuarekin. Eta elkargune horiek behar bezain handiak badira, negoziaketara eta akordiora joango gara. Bestela, bakoitzak bere proiektu politikoa berretsi eta neurtu beharko du eta”.

Amaitzeko, Ortuzarrek ezeztatu du EAJ-PNVk pribatuan eta jendaurrean gauza ezberdinak esan izana. “Pribatuan eskatu dioguna [Espainiako gobernuari] da Aitor Estebanek iragan asteartean Kongresuan eskatu zuen gauza bera. Guk azaldu dugu gure jarrera zein den eta EAJren gutxienekoak zein izango liratekeen akordio batetara sartzeko eta kudeaketaren erantzukizuna hartzeko orduan, eta eskatu duguna da beraiek ere beren arauak eta joko-eremuak azaltzea, eta baita beren marra gorriak zein diren esatea. PSOEk, Granadako paper famatu hura egin duenez geroztik ez du beste ezer idatzi, ez dugu jaso bere lurralde ereduari buruzko idazkirik”. Ortuzarren hitzetan “oinarrizko froga-harria izango da ea zer gertatzen den Gernikako Estatutuarekin, pendiente dauden transferentziekin, Eusko Legebiltzarrak berak egin dituen eskariekin, Alderdi Sozialistaren oniritziarekin, Estatutua garatzeko eta Estatuko Gobernutik plan bat egon dadin eskuduntza horiek noiz transferituko diren esanez… Hori hemendik eta urte bukaerara arte egon behar da bideratuta. Momentuz, berba onak eta jarrera ona, baina gauzak gertatu ahala ikusiko dugu”.

Interesatu Zaitez