Ordezkari jeltzaleak uste du gehiengo batek espetxe-politika berri baten alde egiten duela, “dispertsioak ez baitu inolako justifikaziorik: ez legala, ez etikoa”
Iñigo Iturrate legebiltzarkideak adierazi duenez, Eusko Legebiltzarraren gehiengo zabal batek espetxe-politika berri baten alde egiten du, presoen sakabanatzeak ez duelako inolako justifikazio legal edo etikorik. “Sakabanaketa-politika injustua da, ez presoentzat soilik, baita senideentzat ere, kalte injustu bat pairatzen baitute”, esan du.
Hori dela eta, joan den asteazkenean ordezkaritza parlamentarioa duten talde guztiek –PP izan ezik- Giza Eskubideen batzordean lortutako akordioa nabarmendu du Iturratek. Akordio horrek desadostasuna erakusten du pertsona presoen urruntze politikaren aurrean, eta salbuespeneko isolatze-neurrien aurrean. Gainera, onetsitako proposamenak espetxe-politika berri baten beharra aldarrikatzen du, askatasuna kentzeko zigorrak ez daitezen gauzatu gizarte- eta familia-bizitzatik urrun, senideekin harremana ahalbidetuz.
Hori dela eta, Iturratek adierazi duenez, “akordio horrekin pausu bat eman dugu. Izan ere, bizikidetza normalizatua eraikitzeko, horrelako akordioak behar ditugu”. Hala ere, ordezkari jeltzaleak adierazi du erronka garrantzitsuak daudela, adibidez, presoek eta beren gertukoek urte askoan eragindako kalte injustua aitortzea. “Erronka handia daukagu eta ez da erraza. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira eta uste dut bide onetik goazela”, esan du.
Autogobernu gehiago, ongizate gehiago
Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzia ere aipatu du Iturratek. Egungo Gernikako Estatutua onartu zenetik hona, euskal gizarteak aurrerapauso handiak eman dituela nabarmendu du, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen gogoeta laburtu du: “zenbat eta autogobernu gehiago izan, ongizate handiagoa ere izango dugu”.
Ildo berean, Iturratek uste du euskal gizarteak eskumen gehiago lortu behar dituela, egungo ongizate-maila areagotzeko eta hobetzeko. “Bide onetik goaz. Euskal Ganberako alderdi guztiak euskal Autogobernua eguneratzeko Ponentzian gaude. Hitz egiteko eta negoziatzeko gai izan behar gara, gutxieneko akordio batera iristeko. Ezin dugu itxaropena galdu, lortzen duguna Euskadiko herritar guztiontzako ona izango baita”, amaitu du Iturratek.