Joseba Egibar: “Garrantzitsuena da gogoratzea gaur ETAren amaieraren aurrean gaudela”

Bozeramaile jeltzalearentzat, ETA duela 59 urte jaio zen EAJ ordezkatzeko gure herriaren ardatz politiko gisa, baina gaur “alderdiak herri honen zerbitzura jarraitzen du eta, zorionez, ikustera goaz nola uzten diren bertan behera erakunde eta estrategia horiek. Beharrezkoak ez ziren mina eta sufrimendua eragin dituzte, eta gainera, bizikidetzan ondorio negatiboak izan dituzte”

Joseba Egibar: “Garrantzitsuena da gogoratzea gaur ETAren amaieraren aurrean gaudela” 03Maiatzak
2018
2018 MaiatzaK 03 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Gaur da amaiera. Hori da nabarmendu beharrekoa. Gero egongo dira ñabardurak, baina ETAren amaieraren aurrean gaude”. Joseba Egibar bozeramaile jeltzalearen adierazpenak dira, gaur arratsalderako iragarritako ETAren desegitearen inguruan. Egibarren ustez, garrantzitsuena da prozesu baten amaierara iritsi garela egiaztatuko dugula; herri honetan zauri anitz utzi duen prozesua, eta ondorioak utzi dituena bai giza ikuspegitik, bai ikuspegi politikotik. “Zorionez, ikustera goaz bertan behera geratzen dela estrategia politiko-militarra. Estrategia horrek hainbat ondorio izan ditu: giza eskubideen urraketak eta bizikidetza haustea; termino politikoetan, euskal herriaren ikuspegitik, proiektu abertzale bati dagokionez, ETA existitu izanak kalte estrategikoak ekarri dizkio euskal politikari. Amaiera hori azpimarratzea garrantzitsua da”.

Bozeramaile jeltzaleak gogoratu du Euzko Alderdi Jeltzalea baztertu eta ordezkatu nahian sortu zutela ETA 1959an. Orain, batzuk amaierara iristen direla, besteok lanean jarraitzen dugu herri honen etorkizuna eta ongizatea eraikitzeko lanean. “Klandestinitate garaiak ziren. Baina ETA jaio bazen, jaio zen herri honi itxaropena eta borroka eskaintzeko, eta uste izan zuen estrategiarik onena politiko-militarra zela, eta EAJk ez zuela inolako etorkizunik. EAJ ordezkatze asmoz jaio bazen, esan dezakegu 59 urte igarota, EAJk hemen jarraitzen duela, herri honen zerbitzura”.

Egibarrentzat, 2011n Sortu sortzeak markatu zuen ETAren amaiera. “Ezker abertzaleak berak dekretatu zuen ETAren amaiera, 2011ko otsailean Sortu eratu zuenean. ETAk indarkeria uzteko arrazioak ez zuen funts etikorik izan; norbaitek erabaki zuen errentagarritasun politikoko ikuspegitik, ETA bizirik irauteak kalte izugarriak zekartzala ordena politikoan, eta behin betiko uztea erabaki zuen. 7 urte igarota, ETAren amaieraren unea iritsi da, eta hori da nabarmendu beharrekoa”.

KALTEA AITORTZEA

Iñigo Iturrate parlamentariarentzat, gaur benetan inporta duena da inoiz existitu behar ez zuen taldearen amaiera dela. Euskal gizarteak aspalditik eta etengabe eskatu du ETA desegitea. Irrati bateko elkarrizketan, Iturratek deitoratu du prozesu hau hainbat urteko atzerapenaz iritsi izana. “Pausu hau aspaldi egin beharrekoa zen. ETAk ez zuen inoiz existitu behar, eta horrenbesteko mina eta sufrimendua eragin dutenek aitortu egin behar dute eragindako kalte injustua”, adierazi du. Iturraterentzat, ETAren desegiteak aldebakarrekoa, behin betikoa eta egiaztagarria izan behar du, eta euskal gizartean eragindako minaren ardura bere egin behar du. “ETAk gutxieneko asebetetzea eskaini behar die biktimei”.

Interesatu Zaitez