Sabin Etxean eskaini den prentsa aurrekoan, Aitor Estebanek baieztatu du atzo EBBk hartu zuen erabaki honek ez duela “bermatzen” EAJ-PNVk datorren asteko bozketetan emango duen botoa
Atzo EAJ-PNVren EBBk aditzera eman bezala Diputatuen Kongresuko EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeak ez die osoko zuzenketa aurkeztuko Estatuko Aurrekontu Orokorrei. Sabin Etxean eskaini duen prentsa aurrekoan, Behe Ganberako bozeramaile jeltzaleak baieztatu du erabaki hau hartu dutela EAJ-PNVko hainbat ordezkarik esparru ezberdinetako eragile politikoekin egunotan izan dituzten harremanen ondoren,hauen artean talde independentistetako buruekin, eta esan du “har daitekeen erabakirik onena” dela “ 155 a indargabe gera dadin eta Katalunian normalizazio politikorako bidea zabal dadin”. Izan ere, Estebanek azpimarratu du horixe izan dela beti “EAJ-PNVren helburua”.
Bozeramaile jeltzalea kritikoa izan da Katalunian ireki den egoera politikoaren kudeaketan, zeinetan “politika ageri ere egin ez den eta judizializazioak dena are nahasiago jarri duen”, baina itxaropentsu agertu da eta espero du inguruabarrak “epe laburrean aldatzea”. Zentzu berean, Madrili zuzendutako mezu argia zabaldu du 155. artikuluaren aplikazioa luzatzea eskatzen dutenen aurrean. “155a ezin da luzatu, denon helburuak izan behar du artikulu hori indargabe uztea”, adierazi du.
Atzo EBBk adierazitako ildo beretik Aitor Estebanek azpimarratu du osoko zuzenketarik ez aurkezteak ez dakarrela Euzko Abertzaleak taldearen babesa “bermatuko denik” datorren asterako aurreikusi den lehen izapiderako. Euzko Abertzaleak taldeak orduan emango du ezagutzera gaur Taldeek aurkeztuko dituzten osoko zuzenketen bozketan emango duen botoa. “Atzo Euzkadi Buru batzarrak hartu zuen erabakiak ez du gure jarrera bermatzen Proiektuak parlamentuko izapidean jasoko duen erantzunaren aurrean. Ez du bermatzen datorren ostegunean osoko zuzenketak bozkatzeko orduan, ezta prozesu hori gaindituko balu, maiatzeko azken bozketan ere, orduan ere gerta litekeelako Aurrekontu Proiektua onartua ez izatea”, baieztatu du.
Amaitzeko Aitor Estebanek esan du Espainiako Gobernuarekin ez dela inolako negoziaketa prozesurik ematen ari, eta baieztatu du momentuz ez dagoela “halakorik egiteko asmorik”. “Une bakoitzak dauka bere helburua,hitz egiten jarraitu behar da eta ikusiko dugu gauzek zer nolako bidea hartzen duten”, ezarri du. Edozein kasutan, Aurrekontu Proiektuak lehen izapide hori gaindituko balu, erantzukizunez jokatzeko eta epeak murritzak direla kontuan hartuz, Euzko Abertzalea taldea zuzenketa partzialak lantzen hasia da, Estatuko Aurrekontu Orokorrak goitik behera aztertu ondoren eta nabarmen hobe daitezkeela egiaztatu ondoren.