Bilbon urtero ospatzen den ekitaldi honetan, Bizkai Buru Batzarreko burukide Miren Aranetak esan du omenaldi hau dela "kulturak herriak adiskidetzen dituenaren adierazgarri argia”
EAJ-PNVko hainbat ordezkari izan dira gaur goizean Euskadiko Galiziar Zentroen Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak antolatuta Alfonso Daniel Rodríguez Castelao galiziartasun modernoaren eta galiziar kulturaren XX. mendeko eragilerik nagusienetakoaren omenez urtero egin ohi den ekitaldian. Ekitaldian Miren Araneta Bizkai Buru Batzarreko burukideak zera adierazi du “Castelaori egiten diogun omenaldi hau da kulturak herriak adiskidetzen dituenaren adierazgarria”. “Castelao kultur arloko eragile bat izan zen, maiuskulaz eta pluralean idatzita, gaurko ekitaldi honetan argi eta garbi geratu den ezaugarri bat. Euskal herriak eta galiziar herriak harreman bikainak izan ditugu beti eta harreman estu hori da ekitaldi honetan urtero berresten duguna”, azaldu du burukideak. “Elkarbizitza, aniztasuna eta adiskidetasuna”, laburbildu du.
EAJ-PNVko ordezkariek betidanik parte hartu izan dute aurten hogeita bigarren urteurrena egin duen lore eskaintzan. Oraingo honetan, ekitaldia antolatu duten Pilar Rodríguez Euskadiko Galiziar Zentroen Elkarteko presidentearekin eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentearekin batera izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Miren Araneta eta Jon Andoni Atutxa BBBko burukideak; Iñigo Pombo, Itziar Urtasun eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko zinegotziak; Ana Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria eta Begoña Otalora legebiltzarkide jeltzalea, este ordezkari batzuen artean.
Omenaldian lore eskaintza egin da Bilboko Txurdinaga parkean, Castelaoren omenez jarri zen monumentuan.