Joseba Zorrillak uste du espetxeratze iraunkor berraztergarriaren atzean biziarteko kartzela-zigorra dagoela, eta hori ez dela bateragarria arrazoian eta funtsezko eskubideetan oinarritutako sistemarekin. “Ezin dira gauzak beroaldian batu. Legegileak mendekua albo batera utzi beharra dauka, eta justizia bilatu”
Ganberako talde guztiek baztertu egin dute PPk baino defendatu ez duen espetxeratze iraunkor berraztergarria. EAJ-PNVk irmotasun osoz esan du justizia-eredu hori lege penalen eredurik txarrenetakoa dela, hauteskunde-bultzadaz egindakoa, eta azken hamarkadetako atzerakadarik handiena dela legegintza penalari dagokionez. Joseba Zorrilla legebiltzarkidearen ustez, zigorren helburua berrezkuntza eta birgizarteratzea izan behar dira, eta ez da hori kasua. “Espetxeratze iraunkor berraztergarriak zuzen-zuzenean talka egiten du espetxeratua birgizarteratzeko printzipioekin; zehaztugabea izatez gainera, legalitate-printzipioa urratzen du, eta ez da proportzionala, salbu eta “begia begi truk” esaeraren ikuspegi propio batetik.
Zorrillaren ustez, lege penalak lantzeko prozesuan delitu ororen biktimak entzun beharra dago, baina “horrek ez dakar legegileak biktimei zilegitasun osoa eman behar dienik beren kasa ezartzeko jarraitu beharreko politika kriminala”. Hori dela eta, uste du zigor hori ezartzearen arrazoia “populismo zigortzailea” dela, “zenbait hedabideren sentsazionalismoak elikatutakoa, gizartea astintzen dihardutenak zigor-eskari gero eta handiagoetan. Eta PPk bere egiten du hori guztia, bere zigor-ideologiarekin bat datorrelako”. Parlamentari jeltzalearen ustez, legeak ezin dira beroaldi batean egin, ezta neurri populisten ondorio gisa, hauteskunde-helburu hutsak jarraituz. “Zigor-sistemak 40 urte arteko zigorrak aurreikusten ditu, eta horiek eraginkorrak izan daitezke. Zer bilatzen dute, justizia ala mendekua? Legegileak ezin du mendekuz jokatu, justizia bilatu beharra dauka. Izan ere, zigorrak ez ditu inoiz erahildako ume baten gurasoak asetuko”.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk berriro ere eskatu du espetxeratze iraunkor berraztergarria bertan behera uztea, eta balio humanistak lehenetsiko dituen justizia-eredu batera itzultzea. “EAJ-PNV ez dago prest gogorkeriaren ereduan sakontzeko, PPk nahi bezala; berreziketa eta birgizarteratzea helburu izatea da EAJ-PNVren apustua”.