Ortuzarrek EAJren indar eta eraginkortasun politiko osoa eskaini du “Kataluniari irtenbide bidezko eta demokratikoa emateko”

Jendetza handia batu duen Alderdi Egunean Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak baieztatu duenez “bozkatzea ezin da sekula arazoa izan, arazoa bozkatzen ez uztea da”

Ortuzarrek EAJren indar eta eraginkortasun politiko osoa eskaini du “Kataluniari irtenbide bidezko eta demokratikoa emateko” 24Irailak
2017
2017 IrailaK 24 |
EBB

PARTEKATU

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVren indar politiko guztia eta eraginkortasun guztia kataluniar erakundeen zerbitzura jarri ditu “Kataluniarentzat irtenbide bidezko eta demokratikoa” bilatze aldera. “Bozkatzea ezin da inoiz arazoa izan, arazoa da bozkatzen ez uztea”, esan du EAJ-PNVko buruak. Ildo beretik, Iñigo Urkullu lehendakariak Estatuak “inposatutako batasunaren” eredua aldatzea eta euskal eta kataluniar gizarteen gehiengo baten nahiak demokratikoki uztartzeko bidea zabaltzea aldeztu du. “Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna daukagu. Eskubide hori lege barruan eta hitzarmenaren bidez eta berme guztiekin baliatu ahal izatea aldarrikatzen dut. Irtenbidea legez eta hitzartuta egingo den erreferenduma egitea da, Quebec eta Eskozian egin zen bezala”, esan du Urkulluk.

Ortuzar eta Urkullu EAJ-PNVk Forondako zelaietan ospatu duen Alderdi Eguneko ekitaldi nagusiko protagonistak izan dira. Aurten ere milaka alderdikide eta alderdizale elkartu dituen jaia izan da . Aurtengo Alderdi Egunean oso presente egon da 1977ko irailaren 25ean Aralarko San Miguelen ospatu zen lehen Alderdi Egun historiko hura, bere 40. urteurrena ospatuko delarik. EBBko presidenteak eta Lehendakariak orduko Alderdi Eguna EAJren benetako dimentsio eta indarra erakusten lagundu zuten milaka pertsona haiek gogoratzeko eta beren ahalegina aitortzeko hitzak esan dituzte. Askok esaten zuten Alderdia zaharra zela, baina orduan inoiz baino gazteago agertu zen eta euskal gizartearen erraietatik irten zen Euskadi etorkizunera eramateko. “Aralarko argazkia martxan jarri zen herriaren argazkia izan zen”, baieztatu du Ortuzarrek.

Bertaratuei ongi etorria eman eta bere esker ona adierazi ondoren, EBBko presidenteak honela hasi du bere diskurtsoa “gure elkartasuna kataluniar erakundeekin, azken egunotako atxiloketak eta debekuak pairatzen ari diren pertsonekin. Han gertatzen denak ez dauka ez hankarik ez bururik, benetako zentzugabekeria demokratiko eta politikoa da. Eta argi eta garbi esan nahi dugu. Behin eta berriz esango dugu, eta ez gara nekatuko, Catalunya, Euskadi bezala, Nazioa dela, eskubide politikoak dituela. Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Eta Kataluniako erakundeek beren herria bozkatzera deitzeko eskubidea dute. Printzipio horiek foro eta erakunde guztietan defendatuko ditugu, hemen eta batez ere hemendik kanpo”. Une horretan Ortuzarrek EAJ jarri du kataluniar kausaren zerbitzura. “Kataluniaren ondoan egon gara beti, Guda Zibilean eta diktadura garaian; erbeste aldian eta Trantsizioan; eta oso modu berezi batean 2006ko abuztuaren 31etik aurrera, Rajoyren PPk Auzitegi Konstituzionalean Estatut-a errekurritu zuenean ere. Eta Kataluniaren ondoan jarraituko dugu. Horregatik, Euskadiren interesen defentsarekin batera, Kataluniarentzako irtenbidea bilatzea izango da gure lehentasuna. Politikan aritzeko dugun gaitasun osoa, eragiteko eta bitartekaritza lanerako izan ditzakegun aukera guztiak eskaintzen ditugu Kataluniarentzat irtenbide zuzen eta demokratiko hori lortzeko”, esan du Ortuzarrek .

Urkulluk esan du Estatuko botereak direla Kataluniaren oraingo egoera politikoaren arduradun eta erantzuleak, eta hartu dituzten azken erabakien ondorioei buruz hausnartzera gonbidatu ditu. “Duela zazpi urte Estatuko botereek kataluniar eta espainiar erakundeen artean adostu zuten eta kataluniar herriak berretsi zuen Estatutua mutilatu zuten. Ez zituzten ondorioak ondo neurtu. Gaur Espainiako gobernuari galdetzen diot: ondo baloratu al dituzu une honetan bultzatzen ari zaren erabaki judizial, penal eta polizialek etorkizunean izango dituzten ondorioak? Beldur naiz ez dutela egin. Hauxe da nire iritzia: erabaki hauek apurketa soziala eta apurketa politiko eta instituzionala ekarriko dute, eta oso zaila izango da denbora luzean egoera honi buelta ematea. Ez ezazue duela 7 urteko hutsegitea errepikatu”. Lehendakariak aldarrikatu du “konponbideari atea irekiko dion elkarrizketari bidea zabaltzea”. “Ez dago beste biderik. Elkarrizketa proposatu dut, espainiar, euskal eta kataluniar gizarteen gehiengoaren asmoak uztartzeko elkarrizketa eta borondate politiko eta erreala proposatu dut. Hori da konponbidea, Quebec eta Eskozian egin zen bezala”.

Urkulluk era berean salatu du oraindik ere Espainiako Estatuak bere errealitate nazio anitza aitortu gabe jarraitzen duela. “Kezkatu egiten nau itzulerarik gabeko egoera sortu ahal izateak, atzera bueltarik izango ez duelako. Kataluniarekiko jarreran zuhurtzia eta errespetua erakutsi nahi izan dut. Elkarrizketa eta negoziaketa politikoa defendatu ditut. Ez da erantzunik egon eta gatazkak muga guztiak gainditu ditu. Kezkatu egiten nau emozioen kudeaketak, frustrazioak. Kezkatu egiten nau gizartearen apurketa gertatzeko dagoen arriskuak, politika instituzionalarengandik eman daitekeen urruntzeak. Errealitatea, errealismoa, aitortza, legitimitatea, legalitatea, erakundeekiko errespetua, gizartea. Gatazkek konponbide politikoak behar dituzte. Abiapuntua da beren etorkizuna erabaki nahi duten nazio bi daudela aitortzea. Demokrazian. Askatasunez. Berme guztiekin. Non dago arazoa?”, galdetu du.

Legeak alde bakarretik erabili eta baliatu izanak urteotan aldebitasuna hautsi duen arren, lehendakaria konbentzituta dago berak proposatutako ‘euskal bidea’ baliagarria eta eraginkorra izan daitekeela. “Herri hau nekaezina da. Gure nortasuna eta askatasuna defendatzen jarraituko dugu. Akordioa eta aldebitasunaren kultura aldarrikatzen jarraituko dugu. Bermeekin. Gure bidea zuzena da eta Estatua une honetan galduta dago bere labirintoan. Estatu ereduak porrot egin du. ‘Denontzako kafea’ ez zaie errentagarri irten. Guk horixe esan genuen”. Urkulluk gogoratu du akordioa eta aldebitasuna direla berak proposatzen duen ‘euskal bide’ horren zutabe nagusiak. “Akordioa eta aldebitasuna Euskadi errespetatzea da, gure eskubide historikoak, hizkuntza, kultura, hezkuntza, ekonomia, zerbitzu publikoak eta autogobernua. Hori da ‘euskal bidea’. Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna dugu. Eskubide hori legez eta akordio bidez baliatzea proposatzen dut. Bermeekin. Eredua Quebec da. Edo, hobeto esanda, Kanada, argitasun legea onartzen duelako. Eredua Eskozia da. Edo, hobeto esanda, Bretainia Handia, bere errealitate nazio anitza onartzen duelako, Euskadik bere etorkizuna demokrazian eta askatasunez erabakitzea onartzen du. ‘Euskal bidea’ Estatutua betetzea da; Autogobernua eguneratzea; aldebitasuna bermatzea; Estatuaren errealitate nazio anitza onartzea; galdeketa lege bidez eta hitzartuta egitea bideratzea; atxikimendu askea, alegia”.

Ideia bera azpimarratu du Ortuzarrek. “‘Euskal bidea’ ez da besteak baino txarragoa edo hobea: gurea da. Euskadik behar eta merezi duena. Euskadi Europar nazio izan dadin. Bere etorkizunaren jabe izango den Euskadi, askatasun osoz erabaki dezan zer izan nahi duen eta norekin eta nola bizi nahi duen. Estatu ereduan aldaketa sakona exijitzen eta behar duen Euskadi. Gure proposamena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dugu. Denekin hitz egiteko prest gaude, bazterketarik gabe, betorik gabe”.

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, era berean, mezu bat bidali nahi izan die ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozi eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari. Ortuzarrek salatu du biak Kataluniaren oraingo egoera larria baliatzen ari direla EAJri “egurra” emateko. “Gaixotasunetik hurbil dago EAJ erasotzeko duten obsesio hau. Berdin dio zer nahastu behar den edo zer manipulatu edo zer gezur esan behar den. Oraingo kontua da PPrekin apurtu behar dugula. Baina, zer apurtu? Guk PPrekin eta Madrilgo Gobernuarekin aurtengo aurrekontuak onartzeko akordioa baino ez dugu izan. Akordio hori, kosta ahala kosta defendatuko dugu eta Euskadirentzat eta euskal gizartearentzat oso garrantzitsua izan delako”. Ortuzarren esanetan, LABek eta EH Bilduk ‘euskal bidea’ eta ‘kataluniar bidea’ antagoniko bihurtzea nahi dute, baina era berean ohartarazi duenez “ez dute lortuko. Une bakoitzean hartuko dugu Euskadirentzat eta Kataluniarentzat egokien joko dugun erabakia. Ez diegu nahasten utziko nahi dituzten itzulipurdi dialektiko guztiak egin arren. Guk aurpegia erakutsiko dugu beti. Aurrez aurre eta aurpegia erakutsiz, beti joan garen moduan. Beraiek ezin dute gauza bera esan”. EBBko presidenteak, azkenik, batzuen zinismoa gaitzetsi du. “Prozesu burujabe eta aldebakarrekoa martxan jartzea exijitzen diguten horiek udazken eta negu bero-beroa prestatzen ari dira orain. Alderdi sindikala erabiliko dute politika egiteko. Lehen dinamika politiko-militarra zuten, orain politiko-sindikala. Baina ez, ez diegu gure Herria arriskuan eta kolokan jartzen utziko. Horretan ere aurpegia erakutsiko diegu, aurrez aurre izango gaituzte”.

Interesatu Zaitez