Ortuzar: “Oso akordio garrantzitsua da, onuradunak euskal hiritar guztiak izango direlako”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak aitortu du Espainiako Gobernu buruarekin aurrekontuei buruz adostu duen akordioa “une latz batean” iristen dela, baina era berean aldarrikatu du EAJ-PNVk gauza guztien gainetik “Euskadiren interesak“ jarri dituela

Ortuzar: “Oso akordio garrantzitsua da, onuradunak euskal hiritar guztiak izango direlako” 03Maiatzak
2017
2017 MaiatzaK 03 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Akordio hau benetan garrantzitsua da alderdi politikotik eta ekonomikotik. Baina, batez ere, garrantzitsua da euskal hiritar guztientzat onurak ekarriko dituen akordioa delako”. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek hitz horiekin laburbildu du gaur goizean Madrilen Mariano Rajoy gobernu buruarekin aurrekontuei buruz hitzartu duen akordioa. Ituna “une latz batean” iritsi da, jeltzaleen buruak ere aitortu duenez, Partido Popularreko hainbat kargu ustelkeria kasuetan nahastuta daudelako. Horregatik, Ortuzarrek azpimarratu nahi izan du, zailtasun horien gainetik ere, EAJ-PNVk euskal hiritargoari U-26ko kanpainaren aurretik, kanpainan bertan eta ondoren esan zuena betetzea hobetsi duela: Euskadi defendatzea. “Esan genuen konplexurik gabe negoziatuko genuela eta Euskadiren interesak gauza guztien gainetik jarriko genituela, arduraz jokatuz eta egonkortasuna bilatzeko helburuarekin. Gure ahalegin guztia euskal gizartearen beharrizanetan jarriaz, garapen ekonomikoan,ongizatean eta gizartearen modernitatean. Baina ez hori bakarrik, baita gure autogobernua bermatzeko eta zabaltzeko ere. Gaur ere, konplexurik gabe agertzen gara lortu dugun akordioa azaltzeko. Akordio ona da Herri honentzat eta herritar guztientzat. Akordioak aurrerabidea ekarriko du, lehiakortasuna eta enplegua hobetuko ditu eta Euskadiko txoko guztietara iritsiko da” baieztatu du.

Zentzu honetan,Ortuzarrek bere egin ditu EBBko presidente izan zen Xabier Arzalluzek esan zituen hitzak, duela urte batzuk EAJk Espainiako beste Gobernu batekin orduko akordio historikoaren berri emateko momentuan: “EAJk ez dauka adosteko arazorik gure kausaren onerako, Euskadiren kausaren onerako, izango dela ikusten badugu". “Alderdi honek Espainian egon diren gobernu guztiekin negoziatu duen guztietan, gure helburua izan da Euskadiren ongizatea lortzea eta bermatzea. Oraingo honetan ere izan da. EAJren bost diputatuen botoak oso garrantzitsuak ziren Estatuko Aurrekontu Orokorrei jarraipena emateko. Eta bost boto horiek- lehen eta orain- `euskal agendaren´ zerbitzura egon dira, hau da, gure Herriaren oinarrizko beharrizanen zerbitzura”.

Ortuzarrek hitzarmenarekin pozik dagoela erakutsi du Rajoyren Gobernuarekin adostutako akordioak izan duen lehen ondorio zuzenagatik: alde batetik,azken hamar ekitaldietako Kupoen kitapena “Euskadiko kutxak ia 1400 milioi euroko likidazioa jasoko du” eta,beste alde batetik, 2017ko Kupoari dagokion behin behineko kitapena, zeinen arabera hurrengo bost urteotarako Lege berria egituratuko den. “Akordio garrantzitsua da. Lehena eta orainaren arteko marra ezartzen duen horietakoa. Akordioak ziurtasuna ematen die Euskadiko erakundeei, eta erakutsi egiten du gure Herriak gainerako erkidegoekin solidario izaten dakiela”, esan du.

Ortuzarrek era berean azpimarratu nahi izan du beste hiru akordio esparruen garrantzia. Bata da Euskal “Y “ trenbideari eta Trenbidearen Hegoaldeko Saihesbideari eta gure Herrian trenbide sarean egingo diren jarduera garrantzitsuei dagokiena, besteak beste Araba Bizkaia eta Gipuzkoan 18 trenbide pasabide kentzea ekarriko baititu. “Orain arte ez da sekula halako konpromiso zehatzik lortu, hau da inbertsioak,egutegia eta egin beharreko lan guztiak behar bezala zehaztuta. Urte askotarako aurreikusi den 3.380 milioi euroko inbertsioarekin 2023 urtean Abiadura Handia errealitatea izango da Euskadin eta 2025 urtean lotura zuzena izango du Frantziako TGV trenarekin”. Ortuzarrek era berean azpimarratu ditu Lezoko plataforma Logistikorako aurreikusi den 100 milioiko inbertsioa eta Jundizeko terminal intermodala egiteko 120 milioi euroak “biak dira merkantzien garraiorako funtsezko azpiegiturak eta Bilbo eta Pasaiako portuekin eta Forondako aireportuarekin egongo dira lotuta”.

Bigarren ondorioa da akordio honi esker hainbat euskal enpresen argindar faktura nabarmen merkatuko dela. Akordio honek urtean 50 millioi euro aurreztea suposatu ahal du eta ondorio modura ekarriko du enplegu berriak sortu ahal izatea eta gure enpresen lehiakortasuna areagotzea.

Azkenik, jeltzaleen buruak azpimarratu duen hirugarren esparruak Ertzaintzarekin du zerikusia. “Segurtasunaren kontrako mehatxuak nazioarte mailakoak diren garai honetan, lortu duguna da gure Ertzaintza, Polizia integrala den aldetik, Europako segurtasun zerbitzuekin konektatuta egotea eta bere lana hobeto egin ahal izatea. Eskari hau aspalditik planteatu izan dugu eta gaur egun urrats handia ematea lortu dugu. Enplegu eskaintza publikoak arazorik gabe egin ahalko dituen Ertzaintza izango dugu”.

Horiek guztiak eta gehiago dira-36 jarduera- Ortuzarrek eta Rajoyk gaur bertan izenpetu duten itunak aurreikusten dituenak, asko eta garrantzitsuak dira eta Euskadiko txoko guztietara iritsiko dira. “Gu oso pozik gaude akordioarekin.Ahaleginak merezi izan du eta gure aldetik oso adi egongo gara akordio hau osorik bete dadin” amaitu du EBBko presidenteak.

Interesatu Zaitez