“Espainiar Gobernuak inposatutako murrizketen aurrean, Eusko Jaurlaritzak sakondu egin du pertsona guztien osasun-eskubidean”, nabarmendu du Kerman Orbegozo legebiltzarkideak.
EAJ-PNVren legebiltzar-taldeak defendatu egin du Jon Darpon sailburuak Osasun Sailean egindako kudeaketa. Legegintzaldi zaila izan arren, krisiaren eta espainiar Gobernuaren austeritate-politiken eta murrizketen aurrean, Iñigo Urkulluren exekutiboak osasun sistema unibertsalaren aldeko apustua indartu du. “Saiakerak egon dira kolektibo ahulenak sistema publikotik at uzteko, eta Jaurlaritzak gelditu egin ditu saiakera horiek. Bere politikek, gaur gaurkoz, bermatu egiten dute Euskadin bizi diren herritarren osasunerako eskubidea”.
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean eztabaida monografikoa izan da gaur, osasun sistema publikoaren kalitatea, ekitatea eta unibertsaltasuna bermatu beharrari buruz. Marko horretan, ordezkari jeltzaleak azpimarratu du Euskadik, bere politikei esker, Madriletik etorritako mehatxuei aurre egin diela, mehatxu horiek euskal osasun sistema publikoaren eraketa arriskuan jartzen baitzuten. Orbegozok adibide gisa jarri du PPren gobernuak 2012an onartutako kopago farmazeutikoa. “Sistema injustua ezarri zuen eta Eusko Jaurlaritzak zuzendu egin du, horretarako laguntza ekonomikoak jarriz, kolektibo ahulenek bere botikak ordaintzeko ahalmena izan dezaten. 30 milioi euro baino gehiago prestazio horiek emateko 18.000 eurotik beherako errentak dituzten pentsiodunentzat, langabezia-prestaziorik edo diru-sarrerak bermatzeko errentarik ez duten langabetuentzat eta beste hainbat kolektibo ahulentzat”.
Eztabaida monografikoan, EAJ-PNVk nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi osoan zehar osasun-alorrean egindako aurrekontu-ahalegina. Ordezkari jeltzalearen esanetan, pertsonen osasunean egindako inbertsioa da Euskadiko gizarte politiken ardatzetako bat, eta hori zifretan islatzen da. Ondorioz, Sail honetara bideratutako aurrekontuak handituz doaz urtetik urtera, pertsonako egindako bataz besteko gastuak ere gora egin duen bezalaxe. “Estatuko bataz bestekoaren oso gainetik eta EB-28ko bataz besteko gastuarekin bat datorrena. Euskadik 1.572 euro bideratzen ditu, urtero, herritar bakoitzeko. Horrek erakusten du pertsona dela gizarte politikak egituratzen dituen ardatza”, adierazi du Orbegozok.
Halaber, pertsonako sendagile espezialista eta erizain kopurua ere bataz bestekoa baino handiagoa da. Orbegozok gaineratu duenez, “Osakidetzako langilegoa egonkorra da, espainiar Gobernuak, reposizio-tasen bidez, traba legalak inposatu baditu ere”. Osakidetza da Euskadin langile gehien dituena: 26.000 pertsona. Azken urteotan 2.214 lanpostu eskaini dira, aurreko legegintzaldien antzeko zifra.
Kalitatezko arretaren aldeko apustu horretan, EAJ-PNVk elkarlan publiko-pribatuaren garrantzia defendatu du. “Kontzertazio politika hori herrialde aurreratuenetan darabilte, eta zerbitzu hobeak eskaintzea ahalbidetzen du. Kontzertazio hori sistema publikoaren osagarri gisa eskaintzen da eta balioa ekartzen dio gizarte osoari”, goraipatu du Orbegozok. “Legegintzaldiaren zehar kontzertazioari eta autokontzertazioari bideratutako errekurtsoak gutxitu diren heinean, Osakidetzaren kontratu-programarako baliabideek gora egin dute. Kontratu hau 2.560 milioi eurokoa izan da 2015ean, eta kontzertazioari bideratutakoa 250 milioikoa izan da”.
Bukatzeko, EAJ-PNVk garrantzitsutat jo du “Osakidetzako erabiltzaileek beren osasun sistemarekin duten asebetetzea. Euskal herritarrek nota ona ematen diote osasun-funtzionamenduari, eta horrek animatzen gaitu lan-ildo horretan jarraitzera; hobetzera, aurrera egitera, eta inguruko herrialde askorentzat sistema erreferentea izaten jarraitzera”.