EAJ-PNVk Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa Euskadira eskualdatzea eskatu du

Josune Gorospe legebiltzarkideak salatu egin ditu espainiar gobernuek behin eta berriro bete gabeko aurrekontu-aurreikuspenak. “PPk eta PSOEk herri hau zigortzen dute”.

EAJ-PNVk Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa Euskadira eskualdatzea eskatu du 03Martxoak
2016
2016 MartxoaK 03 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

EAJ-PNVk berriro ere eskatu du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa-eskumena Euskadira transferitzea. Josune Gorospe legebiltzarkideak adierazi duenez, eskaera hori “bat dator Gernikako Estatutuan jasotakoarekin. Lege Organiko hori Gorte Orokorrek eta Eusko Legebiltzar honek hobetsi zituzten, herritarrek berretsi zuten, eta 36 urteotan lege arrunten bidez mozten saiatu dira. Espainian izandako gobernuek estatutu-aurreikuspen hori bete ez izana salatu du Gorospek, hala nola “Estatuko legeen eta Konstituzio Auzitegiaren sententzien irakurketa estua, zekena eta birzentralizatzailea”. Borondate politikoko kontua da, esan du Gorospek, baina popularrek eta sozialistek ez dute adierazi. “Zuen jarrerarekin, herri hau zigortzen duzue”.

Gure taldearen ustez, gehitu du ordezkari jeltzaleak, “eskumen utziezina da eta eskatzen jarraituko dugu. Izan ere, horri esker bermea izango genuke Euskadin gizarte babeserako sistema publikoa, pentsioak barne, mantentzeko”. Hala ere, deitoratu du Gorospek, “Madrilen topatzen ari garena danbatekoa da. Eusko Jaurlaritzak eskualdatze hau aldarrikatu duen bakoitzean eta euskal agenda mahai gainean jarri den bakoitzean, erantzuna ezezkoa izan da. Ez aurrerapausorik, ez negoziaziorik, ezta hitz egitera eseritzerik ere. PPk ez du ezertxo ere egin. Agian, eskumen hori delako Espainiako Gobernuari Euskadin geratzen zaion azken gotorlekuetako bat”.

Euzko Abertzaleak Legebiltzar Taldeak dio kudeaketa euskal erakundeen esku badago, etorkizun hobea bermatzen dela. “Hezkuntza, Osasuna edo gizarte babeserako sistema kudeatzen ditugu eta Espainiarenak baino emaitza hobeak dauzkagu. Ez dugu arriskatu eta bai asmatu; ez da mitoa hemen hobeto kudeatzen dela”. Josune Gorospek gogoratu du Euskadin 100 lagunetik 64k kotizatzen dutela, eta Espainian berriz 57k baino ez. Bestetik, gogoratu du langabezia-tasa 10 puntu txikiagoa dela hemen. “Datu horiek ikusita, begibistakoa dirudi Euskadik baliabide gehiago izango lituzkeela prestazio ekonomiko justuak eta pentsio duinak bermatzeko”. 

Interesatu Zaitez