EAJ-PNV-k Bruselan babestu du errefuxiatuei buruzko gailurra egitea, eta herri eta erregioen solidariotasunak aldaketa bideratuko duela adierazi du

Izaskun Bilbaok adierazi du guztiz ados dagoela eta txalotu egiten duela bere taldeko presidenteak irailaren 14an egiteko dagoen Justizia eta Barne ministroen bilera gobernu buruen gailur bihurtzeko aurkeztu duen ekimena

EAJ-PNV-k Bruselan babestu du errefuxiatuei buruzko gailurra egitea, eta herri eta erregioen solidariotasunak aldaketa bideratuko duela adierazi du 03Irailak
2015
2015 IrailaK 03 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

ALDE taldeko presidente orde Izaskun Bilbao Barandicak gaurkoan adierazi du guztiz ados dagoela eta txalotu egiten duela bere taldeko presidenteak irailaren 14an egiteko dagoen Justizia eta Barne ministroen bilera gobernu buruen gailur bihurtzeko aurkeztu duen ekimena,  eskuragarri dauden baliabideen bidez Europara abiatzen den errefuxiatuen mugimenduaren ondorioz sortu den krisiari aurre egitea xede. Eurodiputatu jeltzaleak herri eta erregioetako agintariek orain arte hartu dituzten neurriak babestu ditu hiritargoak krisi honi aurre egiteko orduan aldarrikatu duen solidariotasuna bideratzeko, eta konbentzituta dago halako mugimenduek aldaketa eragingo dutela estatuek krisi honen aurrean erakutsi duten gelditasunean.

Izaskun Bilbao Barandicak azaldu egin duenez bost izan dira jeltzaleen ekarpenak  Estrasburgon datorren asteazkenean  egingo den eztabaidara  bere taldeak eramango duen jarrera ezartzeko orduan. "Eztabaida honetan gizatasuna  sartzeko ahalegina egingo dugu, eztabaida bera humanizatzeko, gai honetan tartean dauden baloreetaz hitz egin dezagun eta bestelako hizkerak erabil ditzagun. Lehenengo eta behin  pertsonak, haiei arreta eman eta bere bizitza eta duintasuna errespetatu. Era berean gogoratu dugu bakoitzak bere mailan egin ahal duena. Horrez gain azpimarratu dugu Lampedusako lehen krisi hura gertatu zenetik estatuek behin eta berriz muzin egin diotela  etorkinen eta errefuxiatuen drama honen aurrean jarrera bateratua hartzeari, eta orduan ere oinarriak Cecilia Malmstrom Barne Komisario andreak proposatu zituen. Krisi honek berriro erakutsi digu benetako Europa Federala behar dugula, Batasunaren erakundeekin, estatuei bidea markatzeko gai izango direnak  halako krisien aurrean geldirik mantentzen diren kasuetan" . 

ALDE taldeko presidente ordeak egoki jo ditu hainbat herri eta erregiotako erakundeek , besteak beste hainbat euskal udal eta Eusko Jaurlaritza bera, hartu dituzten neurriak, hiritarrek  izen abizenak dituen drama honen aurrean erakutsi duten solidariotasuna bideratzeko "pertsonak hiltzen ari dira gerratik, jazarpenetik eta gosetetik ihesi, eta ez dute bihotz-gogortasuna eta burokrazia besterik aurkitzen". Euskal eurodiputatuak uste du jarduera hauek  balioko dutela estatuei jarrera aldarazteko, "solidariotasunaren aldeko herri ekimenaren ondorio direlako; gerrak kontinente hau suntsitu zuenean ere,hainbat eta hainbat europar hiritar salbatzen lagundu zuenaren antzekoa" . 

Izaskun Bilbao Barandicak, ordezkatzen duen taldeak defendatzen duen jarrerarekin bat eginik, iragan apirilean  etorkinen krisiari aurre egiteko dekalogo bat planteatu zuen,  eta Demokrata eta Liberalen taldeak  Euroganberan egoera hau konpontzeko aurkeztu dituzten bost neurriak babesten ditu. Lehenengo eta behin, ezinbestekoa da gatazka guneetan babes on eta seguruak egitea,  errefuxiatuei bisatu humanitarioak eta bizitzeko baldintza duinak emateko. Neurri honekin uztartu behar da  Europara lege barruan bidaiatzeko  bideak egiteko ekimena, ihesi datozen pertsonak ez daitezen erori tragedia honetaz baliatuta negozioa egiten duten mafien eskuetan. Bilbao Barandicak ezinbesteko jotzen du mafia hauen arduradun eta eragileak ikertzea eta jazartzea. "Onartezina da europar legeriak halako mafiak sustatzea. Errefuxiatu askok hegazkin txartela ordaindu ahal dute, baina ezin dute gatazka guneetatik irteteko erabili, Europan sartzeko bisaturik ez dutelako. Horrela heltzen dira gizakien trafikante hauen eskuetara." 

EAJ-k  Europara heldu diren errefuxiatu guztiei aldi baterako babesa emateko zuzentaraua berehala aplikatzea defendatu du eta estatu kideen artean solidariotasun eta partekatze mekanismoa berehala bultzatzea proposatzen du, errefuxiatuak estatu kideen artean ekitatez banatzeko. Era berean defendatu du Frontex hobetu behar dela Schengen esparrua indartzeko, eta estatuek beren kabuz eta aldebarkartasunez jardutea edo antzinako nazio mugak berrezartzeko proposamenak  egitea arbuiatu du . Amaitzeko, europar txartel urdina sortzea babestu du, Kanada, AEB eta Australian dagoenaren antzekoa,  gatazka guneetatik eta txirotasunetik ihesi datozen pertsonen lan munduratzea errazteko.

Espetxe politika

Honetaz gain, EAJ-PNV-ren eurodiputatu  Izaskun Bilbao Barandicak Europar Batzordeari eskatu dio gaur Batasuneko estatu kideetan  europar beste estatuetan bete diren espetxe zigorrak aitortzeko erabaki markoa Espainiaren aldetik  betetzen ez dela zuzentzeko, Bruselatik martxan jarri diren eginkizunak arintzea. Jeltzaleek azpimarratu dute urratze honek  mehatxatu eta arriskutan jartzen duela Europa mailan askatasun eta justizia esparru batua eraikitzeko ahalegina. Ez betetze hori frogatzeko gertakizunak azaldu dira eta Europar Batzordeari galdetu zaio  erabakia bete gabe segitu ezkero  gaia Europar Epaimahaiaren aurrean aurkeztuko ote duen.

EAJ-k bere ekimenean gogoratzen duenez, Europar Batzordeak argi utzi zuen Erabaki Marko hori derrigorrez bete beharrekoa dela eta Bruselak esku  hartzekotan zegoela batasunaren legeria " Europar Batasun osoan homogeneotasunez aplika dadin" . Adierazpen biak eman ziren eurodiputatuak berak europar Batzordeak gai honen inguruan egin dituen jardunak kontrolatzeko egiten duen lan sistematikoaren barruan aurkeztu zituen galderei erantzuteko. Europak tutoretza ukaezina du gai honen inguruan,  Funtsezko Eskubideen Europar Kartak babesten dituen berdintasuna eta atzeraezintasuna moduko oinarrizko Eskubideak urratu egin direlako batasunaren beraren legeria aplikatzean .

Hori dela eta, Izaskun Bilbao Barandicak azalpenak eskatu ditu orain arte egin diren gestioen inguruan. Lan horiek eman duten emaitzaz galdetu du eta jakin nahi izan du Batzordea Epaimahaietara joango ote den Espainiak bere horretan segitzen baldin badu gobernuak Europar Kontseiluaren baitan onartu zuen legeria ez betetzeko jarrerarekin tematuta . Era berean jakin nahi du  zer neurri har daitekeen elkarren zigor sistemak eta erakunde judizialak aitortzean oinarritzen den justizia eta askatasun esparrua eraikitzeko orduan behar den konfiantza berreskuratzeko. Konfiantza hori urratuta dago  espainiar estatuak legeria betetzen ez duelako, eta horrek haserrea eragin du beste estatu kide batzuengan.

Izaskun Bilbaok ekimen honen bidez adierazi duenez, espainiar agintariek indarrean dagoen europar legeria argi eta garbi urratzen dutelarik, jokaera horrek eraginak izan ditu hainbat estatu kidek Espainiarekin dituzten alde biko harremanetan. Eurodiputatu jeltzaleak gogora ekarri du Britainia Handiak  berriki uko egi diola terrorismo delituak egozten zaizkien hainbat pertsona estraditatzeari, eta hauetako bat da Domingo Troitiñoren kasua. Era berean  salatu du  gai honi lotutako  eta zorionez desagertuta dauden terrorismo adierazpen batzuk tratatzeko orduan interesgarriak izan daitezkeen koordinazio neurriekin zerikusia duten gaiak  alde biko gailur batzuetako agendetatik desagertu direla, Espainian terrorismo delituengatik zigortutakoei ezartzen zaien salbuespen tratamendu hori , Frantziar legeriarekin bateraezina dena, onesten ez delako. Eurodiputatuak amaitzeko esan duenez  "gaur egun komunikabideetan agertzen hasiak dira dibergentzia horietako batzuk" Frantziak preso batzuk Euskal Autonomi Erkidegotik hurbilago dauden espetxeetara hurbiltzeko hartu duen erabakiaren kariaz, atzo bertan Espainia eta Frantziaren artean erregistratu zen gatazka gogoan.

Gogoratuko denez, 2014ko abenduan Espainiak 2008/675/JAI Erabaki Markoaren transposiziorako 7/2014 Lege Organikoa onartu zuen. Lege Organiko honek espresuki ukatzen du kasu zehatz batzuetan atzerriko epaitzen ondorioak aitortzea. Horren helburua da Frantziak ETA-ko presoei ezarritako zigorrak  kontuan hartzea eta estatu horretan bete diren zigorrak aitortzea eragoztea. Horrela egin zen europar legeria betetzeko sortu zen jurisprudentzia aldatzeko ekimena. Hori dela eta, hainbat epailek adierazi egin dute lege horrek  europar araudian ezarritakoaren hitza eta izpirituaren kontra egiten zuela eta Epaimahaian  epaiketa aurreko gaia planteatzea proposatu zuten. Proposamen hori errotik moztu zuen Auzitegi Gorenaren erabakiak, hainbat boto partikular jaso dituen arren.  Boto partikular guzti horien aburuz   espainiar legeriak  eta gai honetan eman diren epaitzek eta hartu diren erabakiek urratu egiten dituztela Giza Eskubideen Europar Hitzarmenak babesten dituen oinarrizko eskubideak (berdintasuna,atzeraezintasun penala).

Eurodiputatu jeltzaleen esanetan lege erabaki hauek "agerian uzten dute Espainian pertsona batzuen kasuetan salbuespenezko zigor zuzenbidea aplikatzen dela eta politika horiek Europan onesten ez direla. Europan koordinazioaz, lankidetzaz eta nazio segurtasunari buruzko kontzeptu zaharkitua berrikusteko beharraz ari garen bitartean, Espainian gobernua tematuta dago zigorrak gogortzeko eta funtsezko eskubideak urratzeko hartu duen bidean. Era berean, egiaztatuta geratu da botere judizialaren zati handi bat arazoak konpontzeko baino, arazoak  larriago egiten  dituzten praktiken mende dagoela ”. 

Interesatu Zaitez