Sabino Arana Kultur Elkargoaren aginte batza gorena berrituta, Juan Mª Atutxa lehendakari hautatu eta beste zaindari batzuk sartu ondoren

 

Kultur Elkargoaren organo gorena den Patronatu Batzak Eusko Legebiltzarraren lehendakari ohi Juan Mª Atutxa hautatu du Sabino Arana Kultur Elkargoaren lehendakari gisa.

Sabino Arana Kultur Elkargoaren aginte batza gorena berrituta, Juan Mª Atutxa lehendakari hautatu eta beste zaindari batzuk sartu ondoren 19Urriak
2005
2005 UrriaK 19 |
Berria

PARTEKATU

Horrela, Juan Mª Atutxak Andoni Olabarri ekonomialaria ordeztu du karguan. Andoni Olabarrik bost urtez jardun du kultur erakunde horren buru eta hemendik aurrera Patronatuko biziarteko kide izango da. Horrenbestez, Atutxa Kultur Elkargoko seigarren lehendakaria izango da; zeregin horretan euskal abertzaletasuneko zenbait pertsona nabarmen garrantzitsuk jardun dute, hala nola Jesus Insausti “Uzturre” edo Anton Aurre, zeintzuek euren jakinduriaren eta esperientziaren lorratza utzi baitute.

 

Orobat, bilera horretan Patronatuko beste kide batzuk hautatzea erabaki zen: Fidel Bustingorri aholkularia; Jon Gurutz Gomez Goikolea kazetaria eta Arantza Aurrekoetxea. Bestalde, Anton Aurrek ohorezko lehendakari izaten segituko du, Jose Luis Aurtenetxe letratuak ere bai lehendakariorde-karguan, eta Iñaki Goikoetxeta abokatu eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak jardungo du idazkari-zereginean.

 

Patronatukide berriak aurkezteko ekitaldian, lehendakari berriak bere aurrekoek, Sabino Arana Kultur Elkargoak “euskal herriaren historiaren funtsezko zati bat hobeto ezagutzea ahalbidetzen duen agiri-ondare garrantzitsu bat gordetzen, sailkatzen eta ikertzaileen, historialarien eta, oro har, gizartearen eskura ipintzen”  daramatzan hamazazpi urteetan egindako lana nabarmendu du.

 

Halaber, Juan Mª Atutxak  Kultur Elkargoaren asmoa azpimarratu du, hots: “abertzale guztientzako  elkargune-izaera indartzea eta gogoeta intelektualaren arloan abertzale ez direnekiko harreman eta bizikidetzarako plataforma gisa  sendotzea”. “Gure helburua, bizi ditugun aldaketa zorabiagarriek eskatzen duten etengabeko gogoeta egitera animatzen segitzea izango da” zehaztu du.

 

Dibertsitatearen eta kultura gutxitu guztien eta ezagutza-arazoak dituzten nazionalitateen eskubideen kausak aldeztea ere erabaki du. “Ildo horretatik migrazio-mugimenduak direla medio dagoeneko gurekin bizi diren kultura-errealitate desberdinen arteko elkarguneak sustatuko ditugu”, esan du.

 

Beste alde batetik, Juan Mª Atutxak adierazi du, Sabino Arana Kultur Elkargoak areagotu egingo duela “modernotasuna eta gaur egun euskal abertzaletasunak bultzatzen duen aurrerapenaren aldeko apustua hedatzeko” egiten ari den lana. Ildo horretan, aurreratu du ezen, Kultur Elkargoak Euskal Abertzaletasunaren Agiritegian eta Museoan gordetzen duen ondarea ezagutarazteko lana burutzen eta espezialistek eta ikertzaileek agiri-funtsak erabiltzea sustatzen segituko duela.

 

Patronatuak ezartzen ditu Kultur Elkargoaren jardun-ildoak. Sartu berri direnak  orain arteko beste  zaindarikide batzuei batzen zaizkie, honako hauei: Patrick de la Sota, Txema Montero edo Jose Mª  Makua ekonomialaria, edo Julio Jauregi, Jose Mari Otxoa de Txintxetru, Gerardo Bujanda, Carlos Claveria edo Jose Maria Cuñado bezalako abertzale historikoak. Sabino Arana Kultur Elkargoaren aginte-organo goreneko kideak dira, besteak beste, Jose Ramon Scheifler, Ana Galarraga, Kepa Etxebarria, Karmelo Intxausti. Maria Jose Lamikiz, Koldo Mediavilla, Pello Caballero, Joseba Agirre, Begoña Aiarza, Ramuntxo Camblong eta Gregorio Arrien historialaria.

Interesatu Zaitez