Andoni Ortuzar EAJ-PNVren ordezkari Bahía Blancako Euskal Astean

Euzkadi Buru Batzarraren burua gaurtik aurrera eta igandera arte Argentinan izango da, hango euskal komunitateak egingo duen ospakizun nagusian, eta hainbat topaketa izango ditu diasporarekin eta bertako alderdikide jeltzaleekin

Andoni Ortuzar EAJ-PNVren ordezkari Bahía Blancako Euskal Astean 15Azaroak
AzaroaK 15 |
EBB

PARTEKATU

Euzkadi Buru Batzarraren buru Andoni Ortuzar EAJ-PNVren ordezkari izango da Bahía Blancako Euskal Astean, 2024ko edizio honetan Unión Vasca elkartearen sorreraren 125. urteurrena beteko delarik. Ortuzar Argentinako kostako herri horretara iritsiko da ostiralean eta igandera arte, hilak 17, bertan izango da Argentinako diasporak egin ohi duen topaketarik nagusienean. Jai horren aurtengo edizioa aurreko larunbatean hasi zen, azaroak 9. Jeltzaleen buruak Bahía Blancan dagoela aprobetxatuko du EAJ-PNVko alderdikideekin eta Argentinako diasporako kideekin batzartzeko.

Gaur bertan, azaroak 15, ostiralarekin, Ortuzar ordezkarientzat eginiko ekitaldian izango da aurtengo egitasmoan aurreikusten diren euskal kulturako ekitaldi ugarietara joan aurretik. Bihar, azaroak 16, larunbatarekin, jeltzaleen buruak Euskadiko gaurkotasun politikoko hitzaldian parte hartuko du Argentinako lurraldean zehar diren laurogeitik gorako Euskal Etxeetako ordezkarien aurrean.  Euskal Etxeetako ordezkariak Bahía Blancan elkartu dira aurten, Euskal Astearen kariaz. Eta igandean, hilak 17, itxiera eguna, antolatzaileek euskal dantzen alardea antolatu dute Rivadavia Plazan, eta bazkaria egingo dute Korrontzi, Xabi Aburruzaga eta Euskal Argentinar Erakundeen Federazioko (FEVA) musikarien musikarekin.

EBBren buruak Hego Amerikako Herrialde horretara bidaiatzen dela aprobetxatuko du EAJ-PNVren Argentinako Erakundeko alderdikideekin elkartzeko. Topaketa berean izango da Euzkadi Buru Batzarraren idazkari eta Alderdiak kanpo aldean dituen erakundeekiko harremanetarako burukide Mireia Zarate. EAJ-PNVk Euzkadiz Kanpoko Erakunde deritzenak ditu Madrilen, Mexikon, Txilen, Venezuelan eta Argentinan. Guztiak ordezkatuta daude Aberri Batzarrean eta alderdiaren barne-jardueran parte hartzen dute. Gainera, erakunde horiek harremanak dituzte kokatuta dauden herrialdeekin.

Interesatu Zaitez