Herritarrek hamar eguneko epea izango dute, larunbat honetatik azaroaren 13ra, Batzar Nagusien webgunean aurrekontuaren aurreko alegazioak aurkezteko
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak 2025ko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua jaso du gaur Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren eskutik. Horrela hasi da aurrekontuen Bizkaiko Batzar Nagusietako tramitazioa. Batzar Nagusien Bilboko egoitzan kontu publikoak euskarri elektronikoan entregatzeko eta erregistratzeko ohiko irudiarekin, horreek onartzeko prozedura hasiko da. Prozedura hurrengo hilabete bietan luzatuko da.
Batzar Nagusietako Mahaiak arauaren proiektua onartu ostean, foru diputatuek euren sailen kontuak azaldu beharko dituzte informazio-batzordeetan. Azaroaren 6tik aurrera, sail bakotxeko arduradunak Ogasun eta Finantzetako Batzordera joango dira (bederatzi saiotan) hurrengo urterako jarduketa-ildo nagusiak eta proiektuak zehaztera. Fase hori herritarren alegazio-aldiarekin bat etorriko da.
Herritarrei aurrekontuetan parte hartzeko aukera emango zaie, Batzar Nagusietako Araudiak jasotzen duen moduan. Aste honetan, Bizkaiko Batzar Nagusietako webgunean azalduko dute arau-proiektu osoa, bizkaitarrek euren ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketak helarazteko aukera izan dezaten. Epea hamar egunez egongo da zabalik, azaroaren 2tik 13era bitartean.
Aurrekontuen eztabaida prozesua urtea amaitu baino lehen bukatu daiten dago antolatuta. Horretarako, diputatuen agerraldien ostean, eta herritarrek dokumentuaren aurrean alegazioak aurkezteko duten epea amaitu eta gero, beste epe bat zabalduko da Batzar Nagusietako bost taldeek aurrekontuei zuzenketa-eskeak aurkezteko. Aurrekontuak 10.660,8 milioi eurokoak dira eta diru kopuru horretatik sailek 1.650,3 milioi euro izango ditue erabilgarri.
Zuzenketa-eskeen aldia itxi eta gero, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko dituzte, lehenengo osoko batzarrera deitu aurretik osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar hori abenduaren erdialdean egingo da eta, ostean, zuzenketa-eske partzialak batzordean eztabaidatuko dira. Batzar Nagusietako tramitea hilabete horren amaieran bukatuko litzateke, Ogasun eta Finantzetako batzordetik igaro ostean geratzen diren zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituen beste osoko batekin.
ITURRIA: BBNN Bizkaia