Bizkaiko Foru Aldundiak 2025erako onetsi duen aurrekontu orokorren proiektua 10.660,8 milioi eurokoa da. Zenbateko horretako 1.650,3 milioi bederatzi sailen artean banatuko dira; hori 2024an baino % 3,2 gehiago da. Aurrekontu-gehikuntza handiena Gizarte Ekintza Sailean gertatu da (% 5,5). Sail horrek 729 milioi euroko aurrekontua edukiko du, foru sail guztien gastu eta inbertsio ahalaren % 44,2. Erakunde-konpromisoetara etorrita, kopuru handienak honako hauek dira: Eusko Jaurlaritzarentzako kupoa (6.675 milioi euro) eta lurraldeko 113 udalak finantzatzeko dirua (1.170 milioi euro)
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Foru Arauaren proiektua onetsi du. Horren arabera, diru-sarrerak eta gastuak 10.660,8 milioi eurokoak izango dira. Beraz, datorren urteko aurrekontuan 2024ko ekitaldikoan baino 352,6 milioi euro gehiago daude (% 3,42ko gehikuntza).
Orain Batzar Nagusietan izapidetzen hasiko den aurrekontu-proiektua Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak aurkeztu du, eta azpimarratu du, erakunde guztiei baliabideak eta finantza-egonkortasuna emateaz gain, izaera sozial nabarmena izango duela, lurralde-kohesioaren orientazio argia alde batera utzi gabe. Diputatu Nagusiak nabarmendu duenez: "Aldundiak 778 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean pertsona ahulei arreta eta zaintza gehiago eta hobeak eskatzen dizkien gizarte baten beharrei erantzuteko. Adinekoak, desgaitasunen bat duten pertsonak, mendekotasuna dutenak, bazterketa-arriskuan daudenak edo beste kalteberatasun-egoera batzuetan daudenak. Aurrekontu horrek beharrezko baliabideak ematen dizkio sail bakoitzari Bizkaiko Foru Aldundiari dagozkion politikei ekiteko.
Diru-sarrerak
Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatu Itxaso Berrojalbizek aurrekontu-proiektuko kontu nagusiak xehatu ditu. Lehenengo diru-sarreren gehikuntzaz aritu da. 2025eko ekitaldirako aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta, tributu itunduen bitartez 10.274,2 milioi euro biltzea aurreikusten da, hau da, 2024ko aurrekontuan baino % 3,61 gehiago.
Diru-sarreren kapitulu honetan, tributu itunduen bidez bilduko da datorren ekitaldian Bizkaiak edukiko dituen finantzabideen % 96,3; gainera, Aldundiak 183,1 milioi euroko zorra jaulkitzeko asmoa dauka, aurreko urtean baino ia milioi eta erdi gutxiago.
Gastu konprometituak
Gastuen atalean, erakunde-konpromisoen partida guztiak 2024koak baino handiagoak dira: guztira 8.486,1 milioi euro jotzen dute (% 3,6 gehiago). Hauexek dira partida nagusiak: 6.675 milioi euro Eusko Jaurlaritzarentzat, ia 631 milioi euro Kuporako, eta 1.170 milioi euro Bizkaiko 113 udalerriak finantzatzeko.
Langile-gastuetarako partida % 3,2 gehitu da; ostera, Aldundiak puntu bat murriztu du zor publikoaren amortizaziorako kopurua. Guztira, gastu konprometituen zenbatekoan 2024ko ekitaldian baino 352 milioi euro gehiago daude.
Sailek eskura edukiko dutena
Gastuen atalean, erakundeen ekarpenak edo konpromisoak kontabilizatu ondoren, Foru Aldundiak erabiliko duen aurrekontua 2.174,3 milioi eurokoa izango da. Horri langile-gastuak, zorra eta ordainketa-kreditu globala kentzen badizkiogu, saileko kreditu erabilgarriaren gehikuntza % 3,2koa izango da, 1.650,3 milioi eurora iritsi arte, hau da, ekitaldi honetan baino 51,2 milioi gehiago. Ohi bezala, gizarte-gastua da aurrekontu-proiektuan pisurik handiena duen arloa, 729 milioi esleitu baitira guztira Gizarte Ekintzan (gehien hazi den saila, % 5,5ekin), eta beste 87 milioi Enpleguan, Gizarte Kohesioan eta Berdintasunean.
Datorren urteko aurrekontuan, sail guztietan banatuta, zenbait inbertsio egingo dira jarduera ekonomikoa, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko (80,5 milioi), lurralde-oreka sendotzeko (247 milioi euro azpiegituretarako eta lurralde garapenerako) eta garraioak, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko (208 milioi). Bederatzi sail; bakoitzak bere egiteko garrantzitsua dauka eta aurrekontu egokia edukiko du Bizkaiak lurralde historiko modura dauzkan erronkei aurre egiteko.
Datorren asteazkenetik aurrera foru diputatuak beren sailen aurrekontua azaltzen hasiko dira Batzar Nagusietako batzorde informatiboetan. Aurrekontua onesteko osoko bilkura abenduaren amaieran izango da.
Iturria: BFA