Ortuzarrentzat “paradoxa” da Estatutua ospatzen aritzea “45 urtetan hori bete ez dutenak” eta orain “Autogobernu gehiagorako bidean egin nahi ez dutenak”

EBBren burua gaur izan da Leioan EAJ-PNVk herri horretako lehen erakundea sortu zeneko 115. urteurrena ospatzeko ekitaldian, non EH Bilduri eskatu baitio Autogobernuaren gaiari heltzea “harrokeriarik gabe, inposaketarik gabe: bidean hainbeste erratu denak ezin du orain autobusaren gidaria izatea eta ibilbidea markatu nahi izatea exijitu”

Ortuzarrentzat “paradoxa” da Estatutua ospatzen aritzea “45 urtetan hori bete ez dutenak” eta orain “Autogobernu gehiagorako bidean egin nahi ez dutenak” 26Urriak
UrriaK 26 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Atzo bertan Gernikako Estatutuaren 45. urteurrena bete zen. Guk baloratu egiten dugu, ondo eta asko, zaindu egiten dugu, bete egin dugu eta babestu egiten dugu egunero jasotzen dituen eraso guztien aurka. Baina ezin dugu ospatu, bete gabe dagoelako, osatu gabe dagoelako. Ez esan paradoxa ez denik PP eta PSOE izatea aste honetan bertan Estatutuaren balizko defentsa egiteko ekitaldiak egin dituztenak. Felipe González, Aznar, Zapatero eta Rajoy-ren alderdiak, hain zuzen, gobernuko presidente izanik Estatutua osatzeko egin behar zena egin ez zutenak, edo behin eta berriz beren aldeko zuten Auzitegi Konstituzionalaren aurrean euskal autogobernuaren kontrako errekurtsoak aurkeztu zituztenak. Hamaika ikusteko jaioak gara! Bete gabe utzi dutena ospatu eta baloratu. Eta ez hori bakarrik, esan egin digute Autogobernuan ez dutela gehiago aurrera egin nahi, apetakeria abertzale arriskutsuak baino ez direla, abenturak, eta Euskadi amildegira eraman nahi dugula. Ez abertzaleen apetakeriarik, ez abenturarik ezta amildegirik ere: guk Euskadi etorkizunera eraman nahi dugu. Eta, egin egingo dugu. Lehenago egin bezala, kosta ahala kosta, laguntzarik gabe, 1980ean eta azken 45 urte hauetan. Oraingoan ere topera arituko gara benetako aurrerapausoa lortzeko, jauzi kualitatiboa etorkizuneko Autogobernuan. Eta ahalik eta babes eta adostasunik handienarekin egin nahi dugu. Hemen eta Madrilen. Beste horiekin ere, betorik eta inposaketarik gabe, hori bai”.

Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren buruak, Andoni Ortuzarrek, gaur Leioako José Miguel Barandiaran institutuko patioan egin den ekitaldi politikoan batu diren ehunka alderdikideri adierazi nahi izan dien mezua, ekitaldi horrekin amaiera eman baitzaio Uri Erakundeak EAJ-PNVk herri horretan egin dituen 115 urteak ospatzeko antolatu izan duen programa zabalari. Ortuzarrekin batera bertan izan dira Itxaso Atutxa, Ana San Nicolás eta Aitor Landa, BBBren presidente eta burukideak, hurrenez hurren; Mireia Zarate eta Ana Esther Furundarena, EBBko burukideak; Uribe Kosta eta Txorierriko alkateak, Iban Rodríguez Leioako egungo alkatea buru izan dutela, eta EAJ-PNVreren Uri Erakundeetako barne ordezkariak Leioan eta inguruko herrietan. Ekitaldiari hasiera emanez, ohi bezala, ikurrina altxatzeko unearen protagonista izan dira Iñaki San Juan alkate izandako eta jeltzale historikoa eta Uxue San Juan, Leioako alderdikide gazteena, erakundearen iragana eta etorkizuna irudikatuz. Ekitaldiaren unerik hunkigarriena izan da Leioako Uri Erakundeko 16 alderdikideri beren lana, konpromisoa eta egin duten ekarpena eskertzeko egin dena, eta alderdikide hauen izen abizenak argi eta ozen eman dira jende aurrean. Gaurko ospakizunari amaiera emanez, hermandadeko bazkaria egin da 250 lagun batu dituena.

Arestian esandako ildotik jarraituz, EH Bilduri Autogobernuaren inguruko mezua bidali nahi izan dio Ortuzarrek. “Oraingo honetan akordioan Ezker Abertzalea ere sartzea nahiko genuke”, esan du. “Gainera, orain ematen du Ezker Abertzaleak onartu duela gradualista izatea , gauzak pausuz pausu egitea, zentzuzkoa den horretan aurrera egitea, egin ahal den hori planteatzea… Orain ematen du Ezker Abertzaleak onartu egiten duela hiru lurralde esparrutan zatituta daukagun errealitate administratiboa. Orain, Ezker Abertzaleak eredu konfederalaz hitz egiten du, bilateralitateaz, hitzartu behar den erabakitzeko eskubideaz. Baietz hori dena ezagun egiten zaizuela! Horixe da EAJk azken hamarkada hauetan defendatu izan duena. Orduan, gu traidoreak, aberriaren kontrakoak, espainolak baginen, oraingo honetan zer dira eurak? Nondik datorkie aldatzeko grina? Ez legoke gaizki jende aurrean autokritika apur bat egitea eta galdera horiek erantzutea”, esan du ondorengoarekin amaitu baino lehen “Bilduri esan nahi diogu etor dadila, harrokeriarik barik eta inposaketarik barik. Bidean hainbeste huts egin duenak ezin du orain autobusaren gidaria izatea eta ibilbidea markatu nahi izatea exijitu. Benetako aukera dugu orain gure autogobernuan jauzi kualitatibo bat emateko. Euskadin eta Madrilen eragile politiko berberak gaude, eta gehiengo nahikoa dago euskaldunen arteko eta Euskadiren eta Estatuaren arteko itun politiko berri bat babesteko. Aprobetxa dezagun aukera hau. Presarik gabe, beldurrik sartu gabe, gehiegikeriarik eta alderdikeriarik gabe. Euskadiren etorkizunari begiratzeko ordua da. Gure Herriaz eta gure Herriaz bakarrik pentsatzeko garaia da. EAJk jakingo du egoerak eskatzen duen maila ematen”.

Ortuzarrek gaurko mezuari amaiera emanez gogora ekarri nahi izan ditu egunotan EAJ-PNVren baitan egiten ari diren barne hauteskunde prozesuak. “Bururatu ere ez zait egiten zuek zer bozkatu behar duzuen esatea. Baina, gauza bat bai eskatu behar dizuet. Prozesuak, zuenak dira, alderdikideenak. Mesedez, inori ez utzi kentzen, inori ez utzi zuena den prozesu bat kutsatzen”, eskatu du jeltzaleen buruak. “Kanpotik badago prozesua baldintzatu nahian dabilenik. Kanpotik badaude Alderdiaren izen ona zikindu nahian ari direnak. Ezin diegu utzi. Eta, ba al dakizue hori zelan lortzen den? Parte hartuz; batzarretara joanez; bakoitzak bere aukerakoa bozkatuz eta Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak esaten duena betez, egunkariren batek esandakoari kasu egin barik, ez baita sekula abertzalea izan. Batzuk dabiltza EAJ ahuldu nahian gure Herriarentzat benetan garrantzitsua den une honetan. Ezin diegu utzi. Euskadik inoizko EAJ sendoa behar du, eta horixe izango garela”, amaitu du Ortuzarrek.

Interesatu Zaitez