Sei metroko (hiru, oinezkoentzat, eta beste hiru, txirrindularientzat) zabalera duen zubi mugikor hau egiteko obrak 2026an amaituko dira, itsasadarraren bi ertzetan haren ondoko eremuak urbanizatu ondoren
‘All Iron’ pasabidearen zimenduak jartzeko lanen lehen fasearen xedea da 30 eta 35 metro arteko luzera duten piloteak jartzea itsasadarraren ibilguan. Aurreikusitakoaren arabera betetzen ari da fase hori, eta datorren urteko lehen hilabeteetan amaituko da. Fase hori amaitzen denean, zubi mugikorraren egitura metalikoaren taulari eta akabera-elementu guztiei eutsiko dieten pilareak jarriko dira euskarri horien gainean. Lan horiek azpiegitura horren ondoko eremuen urbanizazioarekin osatuko dira, eta 2026. urtean amaituko dira.
Pilote horiek jartzeko (ekainean hasi ziren lanak), itsasoko bitarteko bereziak erabiltzen ari dira, ohikoak ez direnak, hala nola pontoi bat (ibai-ohantzean bermatzen diren lau ‘hankako’ ontzia) eta beste elementu batzuk (garabiak, pilote-makinak edo bulkatzeko ponpak, adibidez) hartzen dituzten ontziak, bai eta materialak garraiatzeko beste elementu osagarri batzuk ere. Piloteak ur-laminaren gainetik aterako dira, exekutatu eta hormigoitu ahal izateko, eta, ondoren, goiko aldea ebakiko zaie, gainean zepak jartzeko. Elementu horiek lotu egingo dituzte, eta haien gainean zubiaren egitura metalikoaren taulari eta haren akabera-elementuei eutsiko dieten pilareak jarriko dira.
Pasabidearen ezaugarri teknikoak
400 metro baino gehiagoko luzera izango duen pasabide hau SBP CALTER eta FULCRUM ingeniaritzen eta Mike Schlaich egitura-diseinatzaile ezagunaren arteko lankidetza-proiektu bat da. Diseinu kurbatua du, paisaian modu naturalean integratzeko, eta sei metroko zabalera izango du: haietako hiru oinezkoentzat izango dira, eta beste hirurak, txirrindularientzat. Bi zerrendak bereizita egongo dira. Gainera, hiri-altzariak izango ditu, baita argiztapena ere.
Harkaitz-ohean ainguratutako pilarek eutsiko diote zubiari, bi zati finkotan eta bi mugikorretan banatuta. Baoek 30 metro inguruko argia (pilareen arteko distantzia) izango dute, erdiko baoan izan ezik, zeinak nabigazio-kanala mugatzen baitu; bao horrek 60,20 metroko argia izango du, eta, haren ondoko bi baoek, berriz, 20 metrokoa.
Bi tarte mugikorrak erlojuaren orratzen noranzkoan biratuz irekiko dira; hortaz, Barakaldotik gertuen dagoen tartean, erdiko baoa ibaian gorantz orientatuta geratuko da, eta Erandiokoan, ibaian beherantz.
Zubiaren azpiko kanal nabigagarriak 50 metroko zabalera izango du, eta itsasadarrean nabigatzen duten ontzi gehienak zubia itxita dagoela pasatu ahal izango dira, diseinuaren arabera 6,5 metroko galibo librea izango baita taula azpian, itsasgoran. Ontzi handiagoetarako, astean bitan irekitzea aurreikusten da, ibai-trafikoaren beharren arabera.
Eraikuntzarako hautatutako materialek (hainbat motatako altzairua eta hormigoi armatua), eskakizun mekanikoak kontuan hartzeaz gainera, berrikuntza eta jasangarritasunarekiko konpromisoa ere islatzen dute. Gainera, hobekuntza esanguratsuak egin dira zubiaren zimenduetan eta pilareetan, eta indartu egin dira, hainbat esfortzuri eusteko.
Aurreikuspenen arabera, 25 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo da Erandio eta Barakaldo lotuko dituen pasabidea eraikitzeko; oinezkoei eta txirrindulariei itsasadarraren ertz batetik bestera mugitzeko aukera emateaz gainera, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren ikono berri bat ere izango da zubia.
ITURRIA: BFA