Donibane Lohizunen batzartu da EBB eta gorazarre egin dio Agirre Lehendakariari, gaur lehen Euzko Jaurlaritzaren 88. urteurrena bete dela

“Gaur adierazten dugu EBBk eta Lehendakari berriak demokraziarekin, askatasunarekin eta euskal autogobernuarekin hitzemanda daukagun konpromisoa, lehen Euzko Jaurlaritza haren jardunaren ardatz nagusiak izan baitziren”, ziurtatu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruak

Donibane Lohizunen batzartu da EBB eta gorazarre egin dio Agirre Lehendakariari, gaur lehen Euzko Jaurlaritzaren 88. urteurrena bete dela 07Urriak
UrriaK 07 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Euzkadi Buru Batzarrak bisita eta gorazarre egin dio gaur Eusko Jaurlaritzak izan duen lehen Lehendakari José Antonio Agirre Lekuberi, Euzko Jaurlaritza haren eraketaren 88. urteurrena bete den egunean, 1936ko urriaren 7an eratu baitzen. Aberri Exekutiboaren presidente Andoni Ortuzar, Ipar Buru Batzarraren presidente Peio Etxeleku eta Imanol Pradales Lehendakari buru izan dituela, ordezkaritza jeltzaleak gaur arratsaldeko lehen orduan bisita egin dio Donibane Lohizunen Agirreren gorpuzkiak gordetzen dituen hilobiari.

Hilobian lore eskaintza egindakoan eta 'Agur Jaunak' eta 'Gora ta Gora' ereserkiei tartea eman ondoren, Ortuzarrek adierazpen batzuk egin ditu bertan bildu diren hedabideen aurrean. “Urriaren 7a gorriz markatutako eguna da euskal historiaren egutegian. 1936an, gerraren eraginez setiatuta zegoen Gernikako hiribilduan, Agirre Lehendakaria bere karguaz jabetu zen eta lehen Euzko Jaurlaritza eratu zen”, ekarri du gogora EBBren presidenteak. “Lehendakari hark eta Jaurlaritza hark ardatz nagusi bi izan zituzten gerran lehenengo eta erbestealdi luzean geroago: demokraziaren eta Euskadiko autogobernuaren defentsa. Gaur Donibane Lohizunera etorri gara Agirre Lehendakariari, bere Jaurlaritzari eta belaunaldi oso hari gorazarre egitera, eurei esker baikaude hemen eta euskaltasunaren garrak bizirik dirau. Baina gure konpromisoa adieraztera ere etorri garra, gurea, EBB osoarena eta Lehendakari berriarena, lehenengo demokraziarekin eta askatasunarekin eta ondoren euskal autogobernuarekin. Bi dimentsio dituen euskal autogobernua: gaur egungoa, Gernikako Estatutua behingoz itxi eta borobildu behar dugulako, eta horixe izango da gure ahalegina eta helburu nagusia datozen hilabeteotan; eta etorkizunekoa, burua altxatu behar dugulako, etorkizunari begiratu eta Euskadin Euskal Herriaren autogobernua eta ahalmenak zabaldu eta indartuko dituen autogobernurako oinarriak ezarri eta, batez ere, egungo euskal gizartearen nahiei erantzun eta bere erabakiak errespetatuko dituena. Eta, horixe da Estatutu berrian pentsatzeko baldintzarik garrantzitsuenetakoa, Euskadiren autogobernu Estatus Berria izango den horretan”, gaineratu du buru abertzaleak.

Peio Etxelekuk bere aldetik adierazi duenez “Abertzaleontzat badira leku sinboliko batzuk Euskadin. Gernika hala da; Itxasuko Haitzaren lekua ere, non lehen Aberri Eguna ospatu zen Ipar Euskadin; eta hemen, Donibane Lohizunen, Euskadiren batasuna sinbolizatzen duen hilobi hau dugu, Agirre Lehendakariaren azken egoitza. Imanol Pradales Lehendakariaren lehen bisita Ipar Euskadira oso garrantzitsua zen urriaren 7ko egun berezi honetan izatea, Euskadi aske bat nahi baitugu baina Euskadi batu bat ere, Iparra eta Hegoa behin betiko batzen dituena”. Hilerria bisitatutakoan, EBBren burukideak Donibane Lohizuneko Batzokira joan dira, bertan egin baitute beren asteroko batzarra, bertan Pradales Lehendakaria izan dela.

Gaur 86 urte betetzen dira Euzko Jaurlaritza eratu zenetik, lehenengo euskal gobernua. Altxatutako tropek beren posizioak aurreratzea lortu zutela, Jose Antonio Agirre Lekube 936ko urriaren 7an aukeratu zuten Lehendakari, gudari eta milizianoen ahaleginari esker Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan frontea egonkortzea lortu zutelako. Agirrek udal ordezkarien ia ahobatezko babesa jaso zuen. Egun hartan, 15:00etan, Gernikako Batzar Etxean egin zen hauteskundeetako mahaietan batutako botoen zenbaketa. Lehendakari gisa Agirrek bere zina egin zuen Gernikako Arbolaren azpian : “Jaungoikoaren aurrian apalik. Eusko Lur ganian zutunik eta Bizkaiko areitz-azpijan asabaen gomutaz. Nire aginbidia zintzoruen betetia, zin dagit” . Hura dena egin ahal izan zen une hartan Elgeta, Orozko, Legutio eta Ondarroako fronteak egonkortzea lortu zelako. Euzko Jaurlaritza hari ibilbide latza egokitu zitzaion. Lehenengo eta behin 1937ko ekainean altxatutakoen mende lurralde osoa galdu arte eta, ondoren, 40 urte luze iraungo zuen erbestealdian, horietako 23 Agirre Lehendakari zela, 1960ko martxoan zendu zen arte.

Interesatu Zaitez