EAJ-PNVk berretsi du une egokia dela oraingoa Euskadin ekonomia politika ausartak sustatzeko

Markel Aranburuk, Ekonomia, Lana eta Enplegu Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, konformismoa baztertu eta langabezia tasa gehiago jaistea eta kalitatezko lana ahalbidetuko duten erabaki ausart eta irmoak hartu behar direla esan du

EAJ-PNVk berretsi du une egokia dela oraingoa Euskadin ekonomia politika ausartak sustatzeko 16Irailak
IrailaK 16 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Markel Aranburuk, Ekonomia, Lana eta Enplegu Batzordeko EAJ-PNVko bozeramaileak, Imanol Pradales Lehendariak duela gutxi adierazitakoa berretsi du gaur eta oraingoa ekonomia politika ausartak sustatzeko une egokia dela azpimarratu du. "Konformismoa baztertu behar dugu eta denon helburua izan behar da politika ausartak eta irmoak aplikatuz langabezi tasa ahal dugun gehien jaistea eta gure enpresei kalitatezko lanpostuak sortzeko aukera eta baliabideak ematea", esan du.

Aranbururentzat, Euskadiren egungo egoera ekonomikoa ona da, hasten ari delako eta langabezia tasa %7,5ekoa delako. Bere esanetan, beraz, une aproposa da "gure etorkizuneko ongizatearen oinarri horiek eraikitzen joateko. Jakina, lanaz eta enpleguaz hitz egiten dugunean oso presente izan behar ditugu langabezian dauden pertsonak eta lan baldintza txarretan lanean ari direnak. Horiei irtenbidea bilatzea da gure erantzukizuna", azpimarratu du.

Mikel Torres, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu sozialistak gaur aurkeztutako agintaldiko jarduera ildoen inguruan, Aranburuk zuzen bideratutako ibilbide berria dela esan du. Esan duenez, langabezian dauden pertsonak "Lanbideren eskutik orientazioa, laguntza eta, batez ere, formazioa indartzea inportantea da. Langabezia egoeran dauden pertsonak oso egoera zaurgarrian daude eta Lanbide tresna ezinbestekoa izan behar da jende horri laguntzeko". Ildo horretatik, joan den agintaldian onartutako Enplegu Legeari ekitea ezinbestekoa dela adierazi du.

Bestalde, Unibertsitate eta lanbide heziketa zentroekin lankidetza espazioak sortzearen alde agertu da Aranburu, gazteek lan mundura sartzeko egun dituzten trabak konpontzeko bidean. "Ezinbestekoa da enpresekin lankidetzan aritzea beren beharrak ezagutu eta gure gazteen talentua txertatzeko", adierazi du.

Era berean, Euskadik lan harremanen esparru propioa duela gogoratu du bozeramaile jeltzaleak eta esparru horrek, hain zuzen, denbora luzez kalitatezko enplegua sortzea ahalbidetu duela. Zentzu horretan, EAJ-PNV hizketa eta adostasunaren bila arituko dela beti esan du, "hori delako politika ulertzeko gure modua: elkarrizketa, negoziazio eta adostasuna gurekin hitzegitera eseri nahi den edozeinekin".

Azkenik, EAJ-PNVren asmoa lan harremanen euskal sistema eta bere baliabideak indartzea dela adierazi du, bai eta alderdiak sutsuki defendatzen jarraituko duela Euskadiren Negoziazio Kolektiborako esparrua, "argi eta garbi aplika dadin, eta ez Estatu mailakoa. Euskadik behar dituen hitzarmen kolektiboak hemen negoziatu eta hemen sinatutakoak dira", bukatu du.

Interesatu Zaitez