Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Iraupen Luzeko Zainketen Trantsiziorako Planaren garapenaren berri eman du, Leioako egoitzan funtzionatzen ari diren lehenengo bi bizikidetza-unitate independenteak bisitatu dituen bitartean
Bizkaiak nabarmen egin du aurrera iraupen luzeko zainketen pertsonalizazio-ereduan: lurraldeko zenbait egoitzatan bizikidetza-unitateak zabaltzen ari dira. Gaur egun, 476 plaza daude martxan, dozena bat egoitzatan, eta 900 baino gehiago ezarpen-prozesuan daude, Bizkaiko 14 egoitzatan.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak datu horien berri eman du Leioa egoitzara egindako bisitan, zeina Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) kudeatzen baitu. Etxanobek adierazi duenez, 2022ko amaieran, lurraldeak bizikidetza-unitatetan funtzionatzen zuten 225 plaza zituen baimenduta. Gaur egun, horren bikoitza baino gehiago dira. Etxanobek azpimarratu du Bizkaiak, une honetan, 1.400 plaza dituela kokapen zehatzarekin, eta horrek islatzen duela sarean, dagoeneko, benetako aldaketa eman dela: Pertsonentzako proiektuak. Pertsonak zaintzeko haiek nahi, behar eta erabakitzen duten moduan: etxean, eta, hori posible ez bada, etxean bezala. Egoitzak giza mailara ekarriz eta zainketen gaineko begirada aldatuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak pertsona ardatz duten zainketen eredua sustatzen du, bizikidetza-unitateen bitartez; eta eredu hori funtsezko aldaketa da mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko moduari dagokionez, lehentasuna ematen baitio zerbitzuak pertsonalizatzeari eta egoiliar bakoitzaren premia espezifikoetara egokitzeari. Ikuspegi horrek erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzen du, eta, horrez gain, etxekoaren antzekoena den ingurunea sustatzen du, familiartekoagoa eta abegitsuagoa, komunitateari irekitako egoitzekin. Antolaketa-molde horren helburua da laguntza behar dutenen behar, nahi eta itxaropenei erantzutea, haien eskubideak eta nortasun biografikoa errespetatuz.
Bizikidetza-unitateak itxura fisiko eta arkitektonikotik harago doaz. Barruan gertatzen dena da funtsezkoa, alegia, bizitza eta harremanak. Gure zaintza-kontzeptutik urrats bat harago joan behar dugu. Zaintzaren funtsa bera da eraldatu beharrekoa: oinarrizko premiak edo behar instrumentalak bakarrik artatzetik mendekotasuna duten pertsonei lagun egitera igaro behar dugu. Zaintza harremana da, batez ere, azpimarratu du Elixabete Etxanobek.
Jarduera estrategiko hori Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Iraupen Luzeko Zainketen Trantsiziorako Planaren parte da. Espero izatekoa da aurrerapen horrek, gero eta zaharragoa den biztanleriaren egungo premiei erantzuteaz gain, egoitza-arretaren pertsonalizazio handiago baterako oinarriak ere ezarriko dituela, aurrera egiteko bai aniztasunari emandako arretan, bai beren bizi-proiektua garatzeko laguntza behar duten pertsonen premien, itxaropenen eta lehentasunen bilakaeran.
Leioa egoitzaren eraldaketa, trantsizio soziosanitarioaren bizkortzearen adibide
Ahaldun nagusiak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) kudeatzen duen Leioako egoitzan egongo diren sei bizikidetza-unitateetatik abiarazitako lehenengo biak bisitatu ditu. Bi bizikidetza-unitate horiek independenteak dira, eta eraikinaren laugarren solairuan daude. Udalerriko auzoen izena daukate (Artaza eta Mendibile). Bakoitzak 20 logela ditu, eta, gehienez, 22 pertsonari arreta emateko gaitasuna du. Era berean, bizikidetza-eremu komunak dituzte (egoteko gunea eta etxeko sukalde irekia, jantokiarekin eta terrazarekin integratua).
Solairu guztiak eraldatzeko prozesua amaituta dagoenean, zentroak 132 egoitza-plaza izango ditu, sei bizikidetza-unitatetan banatuta; eta, lehenengo solairuan, 25 plazako unitate soziosanitario bat izango du. Ahaldun nagusiak obra horiek ere bisitatu ditu. Horrez gain, Leioak laguntza emango die Uribe eskualdeko gainerako egoitzei, zaintzak pertsonalizatzeko prozesuetan.
Obra-prozesu mailakatu eta segurua
Zentroa egokitzeko lanak modu progresiboan garatzen ari dira, obrak egin bitartean egoiliarrak bertan bizi baitira, eta langileak lanean ari baitira. Horiek horrela, ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko neurri guztiak hartzen ari dira.
Beraz, laugarren solairuko bizikidetza-unitate biak martxan daude, eta lehenengo solairuan unitate soziosanitarioa sortzeko eraberritze-lanak egiten ari dira. Ostean, apurka-apurka, 2. eta 3. solairuetan aurreikusitako obrei ekingo diete, horiek ere bizikidetza-unitateetarako egokitzeko.
Eraldatze-proiektu horrek 20,8 milioi euro baino gehiagoko kostua izango du. Horren zati bat Next Generation EU funtsekin finantzatuko da, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Estatu Planaren barruan.
ITURRIA: BFA