Pradales Lehendakaria: "Euskadin badugu politika egiteko modu eraikitzailea"

Lehendakariak euskal alderdi politikoekin izandako bilera-sorta baloratu du eta Euskal Osasun Sistemaren eta herri-erronka handien inguruan akordio handia lortzeko bide orria partekatzeko balio izan dutela azaldu du. Honetaz gain, aurreratu du alderdiei Politikan Aritzeko Etikarako Euskal Itunarekin aurrera egitea proposatuko diela.

Pradales Lehendakaria: 17Uztailak
UztailaK 17 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Imanol Pradales Lehendakariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin egindako bilera-sortaren balantzea egiteko. Horietatik ondorioztatu duenez, "Euskadin badugu politika egiteko modu eraikitzailea".

Pradalesek agerraldia hasi du, "batzen gaituena bilatzeko eta indartzeko gure ezberdintasunak alde batera uzten" saiatu dela azpimarratuz, eta eskerrak eman dizkie alderdietako ordezkariei; izan ere, adierazi duenez, "sekreturik ez da izan", eta planteamenduak "askatasunez eta zintzotasunez" partekatu ditu alde bakoitzak.

Hala, jarrera horrekin, "gure gizartea indartzeaz gain, demokrazia bera indartzen dugu", eta jarrera hori datozen urteetan mantentzea espero duela gaineratu du. "Akordioak lortzeko, bi aldeek borondatea erakutsi behar dute".

LEHENTASUNEZKO GAIAK

Horrela, bileretan alderdiei aurkeztu dizkien bi dokumentuak aipatu ditu Lehendakariak. Zehazki, Euskal Osasun Sistemaren Itun Sozialaren planteamendua eta bide orria jasotzen dituena eta lehentasunezko gaiei buruzkoa. Planteamendu bietan, Imanol Pradalesen hitzetan, "bat etorri gara eta, beraz, elkarlanerako oinarri sendoa dago".

Osasunari buruzko Itunari dagokionez, Imanol Pradalesek bost bloketan banatzen dela adierazi du eta, besteak beste, bertan jasotzen da hori lortzeko epea 6 hilabetekoa dela eta irailean Osasun Itunerako Mahaia sortuko dela.

Bestalde, sei izan dira lehendakariak ordezkari politikoei helarazi dizkien lehentasunezko gaiak: Estatutu Itun Berria, belaunaldi arteko elkartasuna, Hezkuntza Legearen garapena, Euskara eta Etika eta Demokraziarako Euskal Ituna. Pradalesek zehaztu duenez, "ezberdintasunak izan ditugu fokoa edo indarrak non jarri adierazterakoan", baina normaltzat jo ditu.

DEMOKRAZIAREN GARRANTZIA

Pradalesek demokraziaren balioa azpimarratu nahi izan du, "Munduko leku askotatik datozen olatu antidemokratikoen aurrean, demokraziaren alde lan egin beharko dugu gure indar guztiekin", eta "demokrazia biziberritzen inbertitzen dugun guztia askatasunean, giza duintasunean, ongizatean eta justizia sozialean inbertitzea da", gaineratu du.

Horregatik, Lehendakariak iragarri du irailaren hasieran mahai gainean jarriko duela Politikan Aritzeko Etikarako Euskal Itun baten proposamena.

ITURRIA: Irekia

Interesatu Zaitez