Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrean duen taldearen bozeramaile Joseba Díez Antxustegi Ajuria Enean batzartu dira gaur Lehendakariarekin: “Gogotsu ikusi dugu, erabakimen eta lidergo handiarekin; Euskadi esku onetan dago”
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta Eusko Legebiltzarrean talde jeltzalearen bozeramaile Joseba Díez Antxustegi gaur goizean Ajuria Enean batzartu dira Imanol Pradales Lehendakariarekin, Vox kenduta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin egiten ari den bilera errondaren baitan. Topaketa amaitutakoan hedabideei eskaini dien agerraldian Ortuzarrek iragarri du irailean bertan “erronda diskretua irekiko da azken egunotan Ajuria Eneatik igaro diren alderdi politiko guztiekin, beren jarrera ezagutzeko eta euskal autogobernua eguneratzeko eta Euskadirentzako Estatus Berria adosteko erronka handi horri heltzeko beharko diren metodologia eta edukiak adosten saiatzeko”. EAJ-PNVk bere gain hartu du Pradalesek eratze bilkuran alderdi politiko guztiei eskatu ziena burutzeko lidergoa: alderdiak eurak izan daitezela lehenik eta behin beraien artean hitz egingo dutenak estatutuaren inguruko itun berria bideratzeko prozedurarik onena adosteko. “Pradales Lehendakariari adierazi diogu lan horretan laguntzeko prest gaudela, gu eta Gasteiz eta Madrilgo parlamentuan ditugun taldeak, albait arinen bete daitezen Gernikako Estatutuan jasotzen diren transferentziak”, azaldu du Ortuzarrek.
Hedabideen aurreko agerraldian, Ortuzarrek ziurtatu du Díez Antxustegi eta biok “oso pozik” atera direla bileratik eta “nola ez, sintonia izan da nagusi. Pradales Lehendakariaren diagnostiko berbera egiten dugu eta lehentasun berberak ditugu”, esan du EBBren presidenteak. Erabateko adostasuna Euskal Osasun Sistemaren inguruko Herri Ituna adosteko beharraren inguruan. “EAJk eta Pradales orduko Lehendakarigaiak lehen momentutik identifikatu genuen lehentasuna izan da hori, eta behin eta berriz adierazi dugun konpromisoa da Itun hori egingarri egiten laguntzea. EAJ-PNVgatik ez da izango. Alderdi politiko guztiei eskatzen diegu erantzukizunez jokatzea, eta beren lehen adierazpenek behintzat norabide onean jartzen gaituzte. Egunotan esandako hitzek etorkizuneko jokaeretan jarraipena izatea espero dugu. Euskal herritarren osasuna izan da, da eta izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen lehentasuna”, adierazi du.
Ortuzarrek ildo beretik esan du EAJ-PNVk begi onez hartu duela “bi aste eskasetan Eusko Jaurlaritzak bere lehen Aurrekontu egitasmoaren inguruan egin duen planteamendua”, zeinaren ildo nagusiak osasun publiko, unibertsal eta kalitate handieneko batera bideratuta egongo baitira, bai eta euskal hezkuntza-eredua indartzera; Ertzaintzaren egitura hobetzera eta modernizatzera; Ongizate egoera garatzen jarraitzea ahalbidetuko duen enplegua lortzera, talentua erakartzera eta bertan atxikitzera eta euskal industriari laguntzera; I+G+B sektorearen aldeko apustua indartzera eta lehen sektorea finkatzera. Buru abertzaleak beste gai batzuk aipatu nahi izan ditu, Lehendakariak mahai gainean jarri dituenak, hala nola “belaunaldien arteko elkartasunerako estrategia, Trantsizio Energetikoaren Legea eta Hezkuntzaren Legea hedatzea, euskararen biziberritzea edo demokraziaren egikaritzerako euskal itun etikoa. Gure alderdiak gai hauen inguruko adostasun zabalak lortzen laguntzeko konpromisoa hartu du”, esan du Ortuzarrek.