Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek eta datorren igandeko Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVren eta CEUS koalizioaren zerrendaburuak adierazpen bana irakurri dute talde jeltzalearen ehun eta hogeita hamar barne ordezkari eta ordezkari publikoren aurrean
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta igandeko Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVren eta CEUS koalizioaren zerrendaburuak gaur goizean, Gernikako Batzar Etxean, Demokraziaren, Bakearen eta Giza eskubideen defentsan talde jeltzaleak egiten duen aldarrikapena berretsi dute. Gernikako Arbolaren azpian, Ortuzarrek eta Agirregoitiak adierazpen bana irakurri dute talde jeltzaleko 150 bat barne ordezkari eta ordezkari publikoren aurrean, beren presentziarekin EAJ-PNVren konpromiso sendo hau babestu nahi izan baitute bost egun besterik ez falta direla, ezkerreko eta eskuineko estremismoen gorakadaren mehatxuak, Ukrainako gatazka belikoak eta Hamasen atentatu terrorista gaitzesgarrien ondoren Gazan giza eskubideen urraketa onartezinak baldintzatuta egingo diren Europako Hauteskundeetarako.
Ondorengoa da Ortuzarrek eta Agirregoitiak irakurri duten testuen edukia.
Andoni Ortuzar
Euskal herritarrontzat, euskaldunontzat, Gernikak esanahi handia dauka, esanahi ugari ditu. Haritz zaharraren gerizpean, mendeetan zehar, gure arbasoak batzartu egiten ziren demokrazia gauzatzeko. Horregatik, toki hau burujabetasunaren sinbolo da, elkar ulertzearena, askatasunarena.
Gernika, era berean, bakearen alegoria da. Basakeriak eragiten duen sufrimenduaren eta, aldi berean, sufrimendu horretatik altxatzearen sinboloa. Eta gaur hartzen gaituen haritz honek sinbolizatzen du Herri baten borondatea, Euskadirena, harmoniaz, oparotasunez eta justizia sozialarekin bizi nahi duen herriarena, munduko besteekin aliantzan, berdinetik berdinera. Elkarbizitza nahi dugu, elkarren arteko harremana. Bakoitza bere nortasunarekin, bakoitza bere kulturarekin, errespetuz eta lankidetzan oinarrituta. Bakoitzak bere ahots propioarekin eta denok bat eginik.
Mundu horri begiratzen diogu orain, babesa ematen digun Europari, bere baitan landu nahi dugu gure etorkizuna.
Europaren lehen urratsetatik, euskal herritarrok europar proiektuarekin bat egin dugu, gure etorkizuna gure inguruko herriekin partekatzeko helburuarekin. Elkarren interesak defendatuz eta etorkizunera begira aurrera egiten lagunduko diguten harremanak landuz. Europari begiratzen diogu Europa garelako. Nazio komunitate bat garen aldetik, han daukagu leku bat. 1918. urtean aldarrikatu genuen, Lehen Mundu Gerraren amaieran Alderdi honen ordezkariak Woodrow Wilson Amerikako Estatu Batuetako presidentearen deiari erantzunez Versaillesera joan zirenean Europako herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzera. 1933an ere egin genuen, Donostian, ‘Euzkadi-Europa’ goiburupean, gure bigarren Aberri Eguna egin genuenean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren berretsi genuen, 1947an, Nazioarteko Lantalde Berriak izenekoan parte hartzean. Europako Mugimenduaren sorburua izan zen hura, Schuman, Monnet, De Gasperi edo Adenauerrek sortu zuten Europako Komunitatearen hasiera.
Europar proiektuaren sorburuan parte hartu genuen, faxismo eta nazismoaren totalitarismotik eta lehen urratsak ematen ari zen estalinismotik ihesi nahi zuen espazio komuna zelarik. Aurrerabidea zekarren proiektua, muturreko posizioetatik urrun, Kontinentea bake iraunkorra ekarri nahi zuena mendeetako borroka eta giza sufrimenduaren ondoren.
Eraikuntza bidean zegoen Europa hartan egon zen Euzko Alderdi Jeltzalea. Ondo baino hobeto genekien, gure haragi eta odolean sufritu genuelako, fanatismo antidemokratikoak zer ondorio ekarriko zituen. Ezagutzen genituen kanpoko erasoaren aurrean nazioarteak bertan behera uztearen ondorioak ere. Horregatik, Agirrek, Landaburuk, Leizaolak, Irujok eta beste horrenbestek bat egin zuten hasieratik Europa berri bat eraikitzeko proiektuarekin.
Europa sortu zen bake iraunkorra finkatzeko proiektu gisa. Zoritxarrez, gaur egun, gatazka beliko ankerren lekuko izatea egokitu zaigu, hala nola Ukrainako inbasioak ekarri duena eta Hamásen ekintza terroristen ondoren Gazan gauzatu den masakre bidegabea. Une honetan premiazko dugu gure indar guztiak batzea Europan segurtasuna bermatzen lagunduko digun defentsa propioa eraikitzeko, Batasunaren ahotsa ozen eta sendo entzun dadin nazioarte osoan, armak isildu daitezen eta bakezko denbora has dadin denontzat. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu Batasunaren baitan adierazpen politiko batzuk erradikalizatzen ari direla ikusita. Ahulduta kanpora begira, ziurgabetasunak eta erronkak alde guztietan, gure inguruko iritzi publikoa muturreko jarrera populistetara abiatzen hasi da. Hori da Giza Eskubideen kontrako erradikaltasunerako ongarririk onena.
Horregatik, solemnitate osoz, Gernikan, askatasunen eta bakearen sinbolo den foru hiribildu honetan, Euzko Alderdi Jeltzaleak ondorengoa aldarrikatu nahi du:
1. Europar Batasunarekiko konpromiso irmoa deklaratzen dugu. Proiektu demokratiko, sozial eta ekonomikoki oparoa. Aberastasun, enplegu eta elkartasunaren sorburu. Integratzailea, nazio aniztasuna, lurraldeen eta kulturen aniztasuna errespetatzen dituena, mundu bidezkoago, askeago, seguruago eta baketsuagoaren defendatzaile izanik, non Giza Eskubide guztiak errespetatuko diren.
2. Inor baino gehiago izango ez den Europa bat aldarrikatzen dugu, denok merezi baitugu gure ideiak, erabakiak eta ekintzak errespetatzea. Herri batek ez du besteek baino duintasun handiagorik merezi. Arrazakeria arbuiatzen dugu, herri batek beste bat menderatzea, eta bakoitza bere borondate eta izaeraren arabera izateko, bizitzeko eta besteekin bizitzeko eskubidea defendatzen dugu, gure herriaren baloreekin zein beste edozein herriren baloreekin.
3. Kausa bakar bat ez dago etikaren eta Giza Eskubideen errespetuaren gainetik jar daitekeenik, absolutu etiko baitira, edozein kausaren gainetik jarri behar direnak. Horregatik, mundua astintzen duten gatazka armatuekin amaitzeko lana egingo dugu, defentsarik gabeko biztanleria zibilaren kontra erabilitako indarkeria irmotasun osoz kondenatzen dugularik.
4. Ez dago demokraziarik, ez eta justizia sozialik ere, berdintasunik gabe. Giza harremanei emakume eta gizonen arteko berdintasun egoeran baino ez diegu beren balio osoa aitortzen. Aukera berdintasuna, eskubide eta betebeharren berdintasuna. Berdintasuna legearen aurrean, parte hartze aktiboan, kontziliazioan.
5. Adierazten dugu Euskadiren ahotsa izan nahi dugula Europan. Eta, hala izanik, Autogobernua defendatuko dugu; demokrazia, askatasunak eta Giza Eskubideak sustatuko ditugu; muturreko posizioei eta populismoei, demagogiari eta epelaburkeriari bidea mozteko harresia izango gara; politika bestela egiteko molde bat praktikatuko dugu, bide ezagun eta fidagarria eginez; azken finean, bide zentrala izango gara, erakunde bakoitzeko lanari ekinez, Udal bakoitzean, Foru Aldundi bakoitzean; bide zentrala Eusko Jaurlaritzan eta Legebiltzarrean, Nafarroako Gobernuan eta Parlamentuan, Kongresuan eta Senatuan; bide zentrala ere Europan, Oihane Agirregoitiarekin, Europako Parlamentuan.
Oihane Agirregoitia
Hemen da Euzko Alderdi Jeltzalea. Demokraziaren alde, askatasunen alde eta giza eskubideen defentsan. Beti egon den lekuan. Faxismoari aurre egiteko prest! Duela 88 urte Agirre Lehendakariak hemen bertan zin egin zuen bere agindua ondo betetzea euzko gudariak Intxortan, Elgeta eta Elorrio artean, demokrazia eta eskubideak defendatzen ari ziren bitartean. Gaur demokrazian bizi gara. Eskubideak eta askatasunak ditugu.Baina ezin ditugu segurtatutzat eman, orduan hasiko baikara galtzen. Europa Bigarren Mundu Gerrako sakaskitik eraiki zen. Ez da ahaztu behar. Eta Europak bidegurutze bat bizi du gaur egun. Mundu mailan gatazkak ugaritzeak inoiz baino beharrezkoagoa egiten du Europar Batasunaren zeregina indartzea. Europan erreferenteak gara mundu osoko eskubideen eta askatasunen defentsan.
Kanpo-politika koherentea behar dugu:
Eta abiapuntu horretatik, gure konpromisoak dira:
Europa bizitzeko munduko lekurik onena da. Eta balio hauek zaindu behar ditugu: demokrazia, askatasuna, justizia soziala, elkartasuna, berdintasuna eta aniztasuna. Giza Eskubideen urraketen aurkako jarrera irmoa izatea. Eta ez, ez dugu bandoen Europan sinesten. Gu beti batasunean, akordioan eta askatasunean. Faxismoaren kontra, eta muturreko mugimenduen kontra, eskuin zein ezkerrekoak. Gu demokraziaren alde. Egonkortasuna eta ongizatea, edo populismoak eta muturreko ideia.