Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko zerrendaburuak eta Imanol Pradales lehendakarigaiak Barakaldon egin den ekitaldi politikoan hartu dute hitza
“EAJ- PNVn garrantzia handia ematen diogu programari. Euskadin gara hauteskunde programa bat egin eta aurkeztu duen alderdi politiko bakarra. 160 proposamen zehatz Europa indartzeko eta Euskadi Europan indartsuagoa izan dadin. Madrilen Euskal Agenda dugun moduan, hemen ere, Europarentzat, prest daukagu gure Euskal Agenda. Hori esan dezakeen alderdi politiko bakarra gara. Estatuko alderdiek, lerro bakar bat ere ez Euskadiren inguruan, eta hemen daukaten sukurtsalak, Madriletik esaten dutenari begira. Eta Bildu, beste horrenbeste: antifaxismoa aitzakiatzat erabiliz ez dute beste proposamenik. Ez daukate ideia propiorik Euskadi Europan ondo kokatzeko. Euskadin, boto on bakarra, datorren igandean Euskadiren aldeko boto on bakarra, EAJren aldekoa. Zergatik? Europarentzako Euskal Agenda bakarra Euzko Alderdi Jeltzalearena delako, Oihanek Bruselan eta Estrasburgon aurkeztu eta defendatuko duena, Europako Parlamentuan eta Europako Batzordean, Euskadiren gaiak erabakiko diren foro guztietan”.
Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVk gaur arratsaldean Barakaldoko Foruen Plazan egin duen ekitaldi politikoan zabaldu duen mezu nagusia. Oihane Agirregoitia alderdi jeltzalearen eta CEUS koalizioaren zerrendaburuak eta Imanol Pradales lehendakarigaiak ere parte hartu dute mitinean. Agirregoitiak jeltzaleen hauteskunde-programan jasotako esparru berri bat aletu du, teknologia, hain zuzen ere, “gero eta arinago eboluzionatzen ari den arloa”, “potentzial hori guztia aprobetxatu behar dugu, erabiltzaileak babestuko direla ziurtatuz”, gaineratu du. Imanol Pradalesek, bere aldetik, ohartarazi nahi izan du europar proiektu bera sendotzeko beharraz: “Bi aukera ditugu horren aurrean, europar proiektua indartu ezean gainbehera joateko prozesu geldo baina atzeraezinean sartuko garelako”, esan du.
Ortuzarrek azpimarratu du igandean EAJ-PNVren alde emango den botoaren balioa, eta apirilaren 21ean Euskal Hauteskundeetan EAJ-PNVren aldeko botoa eman zuten euskal herritarrak animatu ditu, berriz ere, beren konfiantza jeltzaleengan jartzeko. “Ultraeskuina geldiaraztea alderdi guztiok partekatzen dugun zerbait da. Eta, gainera, lan horretan, batzuek egiaztatuago daukagu gure jarreraren zintzotasuna. Nor izan zen iazko uztailaren 24an Feijoori esan ziona Voxekin ezer egiterik ez zegoela? Nork eragotzi zuen Espainiako eskuinaren eta eskuin-muturraren inbestidura mistoa? EAJk boto erabakigarriak zituen orduan, eta ezetz esan zien, horrela ezetz, horretarako ez. Eta orain berriro esango diogu: horretarako, ez”, ziurtatu du. Ultraeskuindarrek “hauteskunde hauetan ez dute aukerarik izan behar” esatean denok ados egonik, zein izan daiteke boto baliogarria mugiaraziko duen beste gaia? “Bada, Bruselan herritarren interesak hobekien defendatzen dituena, han behar baitugu gure beharrak ondoen ulertuko dituena, ideiarik onenak izango dituena. Azken batean, “Europarako Euskal Agenda” duena. Eta “Europarako Euskal Agenda” EAJk du, eta EAJk besterik ez. Beraz, igande honetan balioa duen boto bakarra ,Eusko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoa”, esan du Ortuzarrek.
Oihane Agirregotiak EAJ-PNVk bere burua herritarren aurrean aurkezteko prestatu duen hauteskunde programaren beste puntu garrantzitsu bat aipatu du, gaurko hitzaldia teknologiaren inguruan egin nahi izan baitu, “gero eta arinago eboluzionatzen ari den arloa da hau”, nabarmendu du. “Pertsonen zerbitzura eta haien bizi-kalitatea hobetzearen zerbitzura egon behar duen tresna indartsu bat da, jasangarriagoak eta lehiakorragoak izan gaitezen abian jarri beharreko prozesuen zerbitzura, oinarri teknologikoko zerbitzu berriak eta kalitatezko enpleguak sortzeko aukera berriez betetako mundu baten zerbitzura”, azaldu du, eta, ondoren gaineratu duenez “potentzial hori guztia aprobetxatu behar dugu, erabiltzaileak babestuko direla ziurtatuz”. “Hori dela eta, ekintzailetza digitalerako, berrikuntza irekirako eta GOVTECH alorrerako zazpi proposamen zehatz jasotzen dituen programa bat dugu. Berriro esango dut, guk bai dugu programa bat”, aldarrikatu du.
Imanol Pradalesek bere aldetik ohartarazi nahi izan du europar proiektu bera sendotzeko beharraz, mundu mailan Euskadiren lehiakortasuna eta ongizatea baitaude jokoan. “Europa igaro da, 1990. urtean, gutxi gora behera, munduko ekonomiaren %25 izatetik, gaur egun %17 besterik ez izatera. Bi aukera ditugu horren aurrean, europar proiektua indartu ezean gainbehera joateko prozesu geldo baina atzeraezinean sartuko garelako. Gure ahalmen industrial eta teknologikoak finkatu behar ditugu beste potentzien aurrean”, azaldu du. Hala, EAJ-PNVren lehendakarigaiak hitzeman du eskura dituen tresna guztiak aktibatuko dituela joera hori aldatzeko eta Euskadi ardatz atlantiko dinamiko eta lehiakorreko eragile sendo bilakatzeko. “Onartuko ez duguna da Europako ardatz atlantikoa ardatz periferiko bihurtzea. Euskadik esparru atlantikoak eskaintzen duen potentzialaren garapena lideratu dezake, eta egin behar du. Gaitasun logistiko, industrial eta teknologikoa izango duen ardatza, Europako polo dinamikoenekin konektatua. Horregatik, Euskaditik lideratzen ari garen Europako Makroeskualde Atlantikoa, Euroeskualdea edo Gaitasun legegileak dituzten eskualdeen eta nazionalitate konstituziogileen inguruko Protokoloa funtsezkoak dira helburu hori lortzeko. Aliantzak bilbatu behar ditugu, esparru politikoarekin, ehun ekonomiko eta industrialarekin, unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin eta beste lurraldeekin”, ziurtatu du Pradalesek.