Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Oihane Agirregoitia EAJren eta CEUSen Europako Hauteskundeetako zerrendaburuak ekitaldi politiko batean parte hartu dute gaur arratsaldean Gernikako Foru Plazan
“80 urte daramatzagu Europar Batasunaren eragile aktibo izaten. Lehen egunetik. Gure aurrekoek, Agirre Lehendakariak, Landaburuk, Irujok eta Leizaolak hasierako urratsetan parte hartu zuten eta gaur Europar Batasuna den hori sortzeko bilerak hartu zituzten. Haiek Europako hastapen horretan ikusten zuten gure herriak diktadura frankistan bizi zuen askatasun demokratiko eta nazionalik ezaren konponbidea. Laurogei urte igaro dira, eta gaur egun Europa da bizi kalitaterik onena duen eremua, desberdintasun gutxien dagoen eremua, herritarren eskubide zibil eta sozialak hobeto bermatzen dituena, demokrazia sendoen finkatuta dagoena. Seguru nago, gaur Agirre Lehendakaria hementxe egongo balitz, Landaburu, Irujo edo Leizaola hemen egongo balira, seguru esango zutela bide onetik goazela, EAJk Europaren alde egiten duen apustua ona dela, Euskadiren askatasuna Europatik etorriko dela, Europarekin. Horregatik da hain garrantzitsua ahots propioa izatea, Bruselan presentzia indartsua, Euskadik Europari ekarpena egin diezaion eta Europak ere Euskadiri ekarpena egin diezaion”. Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVk gaur arratsaldean Gernika-Lumoko Foru Plazan egin duen ekitaldi politikoan zabaldu duen mezu nagusietako bat. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Oihane Agirregoitia alderdi jeltzalearen eta CEUS koalizioaren zerrendaburua izan dira gaurko ekitaldiko beste hizlariak. Urkulluk gogora ekarri nahi izan duenez, EAJ-PNVren aldetik “bakea, memoria, giza eskubideak eta bizikidetza defendatzen ditugu, Bruselatik, Euskadiko herri guzti-guztietatik, Gernikatik”. Agirregoitiak bat egin du Ortuzarren eta Urkulluren bake mezuekin, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko “estrategikoki subiranoa izango den Europa” baten alde egin du.
Historiari egin dion errepasoan, Ortuzarrek harro adierazi du EAJ-PNV beti egon dela “Europaren alde lanean eta beti Euskadiren aldarrikapen nazionalari eusten”. Jarrera horrek talka egiten du gaur egun “duela hiru egun” gaitzesten zuten europeismoaz harrotzen direnen jarrerarekin. “Orain haiek dira Bruselara `euskal enbaxadore´ bat bidaliko dutenak. Orain, 2024an. Datu bat: Euskadik enbaxada du Bruselan, Ordezkaritza Ofiziala du Bruselan, duela hogeita hamar urtetik. Espainiako Gobernuaren kontra ekinean aritu ondoren, Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zigunean, Eusko Jaurlaritzaren presentziak Ordezkaritza Ofizialaren maila izatea lortu genuen”, gogorarazi du Ortuzarrek”. Ordezkaritza hori 1996ko otsailaren 6an inauguratu zen. Egun hartan, Donostian, ETAk Fernando Mugica Herzog sozialista hil zuen, eta Bruselan orduko Herri Batasunak manifestazio bat egin zuen, eta “inaugurazio-ekitaldia izorratu nahi izan zigun. Gaur egun Euskadiren enbaxadore izan nahi dutenak atzo Bruselan euskal presentzia ofiziala izatearen aurka zeuden, eta Europar Batasunaren existentziaren beraren aurka zeuden, mespretxuz `merkatarien Europa´ deitzen baitzuten. Baina Euskadik ,zorionez, badu Bruselan defendatuko duenik”, azpimarratu du Ortuzarrek. “Euskadik pertsonarik onenak merezi ditu Bruselan bere posizioak defendatzeko. Euskadik merezi du Europa gehiago eta hobea lortzeko ordezkaritza. Europa eta Euskadi hazi arazten jakingo duen jendea. Gure interesak han defendatuko dituen jendea, gure herritarren interesak, kalitatezko enpleguak, industria, lehen sektorea, energiaren eta ingurumenaren trantsizio ona, gure hizkuntza, euskara… Euskadik Bruselan merezi du Izaskun Bilbao Barandica eta Oihane Agirregoitia moduko pertsonak: pertsona leialak Herri honekin, jende trebatua, langilea, ideiak argi dituena, ahots argi eta sendoa, Europan entzun diezaguten”, amaitu du buru abertzaleak.
“Gure ibilbidea eta konpromisoa irmoak dira: bakea, memoria, giza eskubideak eta bizikidetza defendatzen ditugu, Bruselatik, Euskadiko herri guzti-guztietatik, Gernikatik”, ziurtatu du Iñigo Urkullu lehendakariak bere hitzaldian. “Hemen dugu Europa Parkearen adibidea, bertan landatu ditugu sinbolo unibertsal diren zuhaitzen kimuak, Gernikako haritza mundu osoan landatzen den bezala”, azaldu du. “Europa nazioa bakearen berme gisa; hori da Eusko Alderdi Jeltzalearen aldetik defendatzen dugun helburua”.
Agirregoitiak bat egin du Ortuzarren eta Lehendakariaren mezuekin, eta azpimarratu du EAJ-PNVko emakume eta gizonek “bakean eta demokrazian sinesten” dutela. “Beti defendatuko ditugu giza eskubideak, eta salatu egingo dugu edozein eraso, Putinen eta Netanyahuren aurrean, bai eta Hamasen aurrean ere”. Ildo horretan, nabarmendu duenez, “Errusiak Ukrainari egin dion eraso honek zerbait frogatu badu, hori da Europak estrategikoki subirano izan behar duela. Europak ezabatu egin behar ditu beste herrialdeekiko dituen mendekotasunak. Europa ezin da egon Estatu Batuen, Txinaren edo gorabidean dauden herrialdeen mende. Autonomia estrategikoa behar dugu elikagaietan, segurtasunean, lehengai estrategikoetan, teknologian, energian... Batasunaren subiranotasun estrategikoa, herritarren babesean oinarrituta “, azaldu du. Gainera, hautagai jeltzaleak energiaren arloan EAJ-PNVren programan jasotako hainbat proposamen zerrendatu ditu, hala nola baterien ekoizpena eta biltegiratzea babestea edo energia alternatibo eta berriztagarri horiei buruzko ikerketa bultzatzea.