Eliteekiko mesfidantzak, polarizazioak eta hautesleen zatiketak arriskuan jartzen dituzte demokrazia liberalak

EAJ-PNV alderdiaren eta Sabino Arana Fundazioaren pentsamendu eta berrikuntza politikoaren laborategiak, "Euskadi Think Next" ekimenak, demokraziaren etorkizuna aztertu dute adituen eskutik

Eliteekiko mesfidantzak, polarizazioak eta hautesleen zatiketak arriskuan jartzen dituzte demokrazia liberalak 22Maiatzak
MaiatzaK 22 |
Berria

PARTEKATU

Manuel Arias Maldonado politologo, idazle eta Malagako Unibertsitateko Zientzia Politikoko katedradunak eta Ramón González Férriz kazetari, idazle eta analista politikoak demokrazia liberalen oraina eta geroa aztertu dituzte EAJ-PNV alderdiaren eta Sabino Arana Fundazioaren «Euskadi Think Next» berrikuntza politikoaren laborategiak sustatutako «Demokraziaren etorkizuna. Nora goaz?» izeneko topaldian.

Jardunaldiaren irekieran Oihane Agirregoitia Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVk aurkezten duen zerrendaburuak ziurtatu duenez, egungo mehatxu, polarizazio eta ziurgabetasunaren aurrean “guri dagokigu lanari ekitea Europaren benetako izaera erdian jartzeko eta, batez ere, defentsa egitea eta babestea dagokigu. Europa sendo eta batuaren defentsaz hitz egitea dagokigu, aniztasunean batuta egongo denarena, Europaren berezko ezaugarria den aldetik. Pertsonen Europa, demokratikoa eta solidarioa”. “Ezin dugu ahaztu Europar Batasunaren oinarriak direla giza duintasunaren errespetua, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, Zuzenbide Estatua eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua”, azaldu du, “horiek dira Estatu kideok partekatzen ditugun baloreak, aniztasunaren nagusitasuna aldarrikatu nahi dugun gizartean; eta, horri lotuta, diskriminaziorik eza, tolerantzia, justizia, solidaritatea eta emakume eta gizonen arteko parekidetasuna”. “Horren alde lan egin behar dugu, Europaren ezaugarri horiei eusteko”, eta horixe da, hain zuzen, EAJ-PNVko ordezkarientzat “Aniztasunean batuta” goiburuak duen esanahia, goiburu horrek barne hartzen ditu askotariko nazio errealitateak, hizkuntzak eta kulturak, euskara eta euskal kultura euren artean, bai eta defendatzen dugun oinarri soziala ere”, azaldu du Agirregoitiak. “Horixe da guk nahi dugun Europa, defendatuko duguna, bere alde lan eginez, eredu estatubatuarrarengandik eta txinatarrarengandik bereizteko. Pertsonak erdian jartzen dituen eredua, bakegilea, giza eskubideekiko errespetua sustatzen duena; nazioarteko harremanak organismo multilateralen bidez defendatzen dituena, berdintzailea, eraldatzailea, kanpo eragileekiko mendekotasunak ezabatuko dituena”, amaitu du.

Manuel Arias Maldonadoren arabera, «krisiari buruz etengabe hitz egiten dugun arren, badirudi demokraziak ez daudela arriskuan»; izan ere, «herritarrek demokraziaren ideiei eta indarraldiari dieten babesa neurtzeko erabiltzen diren indizeek bizitasun handia erakusten digute».

«Beste kontu bat da —jarraitu du Manuel Ariasek— herritarrek dituzten demokraziaren ikusmoldeak populistek eta estremista edo muturrekoek defendatzen dituzten molde iliberalekin bateragarriak izatea, hau da, alderdien arteko lehia murriztea, prentsa-askatasuna edo epaileen independentzia ahultzea, edo gizarte-aniztasuna mugatzea, baldin eta euretarrek gobernatzen badute».

Horregatik, Malagako Unibertsitateko politologo, idazle eta Zientzia Politikoko katedradunaren arabera, «arriskua ez dago, hortaz, demokrazien kolapsoan, demokraziaren higaduran edo hondamenean baino».

«Aldi berean, baina, demokraziek erakusten dute orain ‘erresilientzia’ deitzen dugun horren hein handia: demokrazia bat ere ez da galdu, eta horietako bakarren batean, Hungariakoan, esate baterako, baino ez dirudi modu kezkagarrian mugatu dela boterearen txandakatze baketsua gertatzeko aukera», adierazi du.

«Beste alde batetik, hainbat gizataldek ezinegon nabaria agertzen dute demokraziaren emaitzekin, eta horrek laguntzen du populisten eta muturrekoen arrakasta erlatiboa azaltzen, batik bat, nazionalpopulismoarena eta eskuin muturraren gorakada; Europan, immigrazioaren aurkako gaitzespena, hazkunde ekonomiko ahula eta herrialde batzuek pairatzen duten belaunaldien arteko arrakala eta, gainera, Errusiak egiten dituen presioak eta trantsizio energetikoaren kostuak ere aintzat hartu behar ditugu. Horrela, elite politikoek agintzen dutena betetzen ez dutelako susmoa zabaldu ohi da, eta horrek sistemarekiko konfiantza uxatzen du; azken batean, finantza-krisiaren ondorio geroratua da, eragin guztiz hondagarria izan baitzuen mendebaldeko herritarren gogoan. Horren errua sare sozialei egoztea, aldiz, ez zait egokia iruditzen», azaldu du Manuel Ariasek.

Balizko irtenbideei doakienez, Ariasek ziurtatu du ez dagoela erantzun unibertsalik; hain zuzen ere, «arazo erkideak egon dauden arren, egoera oso bestelakoa da munduko eskualdeetan, eta ezin dugu idoro Latinoamerika, Ipar Amerika eta Mendebaldeko Europa bezain ingurumari desberdinetarako balio duen errezeta bakarra, eta Europaren barruan ere, ez dira gauza bera Europa protestantea, Mediterraneo aldekoa edo komunismoaren ostekoa».

«Gauza guztien gainetik, gobernu demokratikoek ziurtatu behar dute euren estatuek ‘estatu-ahalmena’ irabazten dutela, eta beharrezkoak diren neurriak hartzen direla herritarrek eskuratzen dituzten etekin materialak handitzeko; bestela, kontrako sentsazioa sortzen bada, muturrekoek eta populistek erakargarritasuna erdiesten dutelako», nabarmendu du.

Malagako Unibertsitateko Zientzia Politikoko katedradunaren iritziz, gomendagarria omen da «herritarrak prozesu demokratikoan era sinbolikoan integratzea errazten duten neurriak hartzea —herri-parlamentuak, parlamentu publikoak, eztabaida-foroak— eta polarizazioa murrizteko nahiz lankidetza areagotzeko adostasun-moduak bilatzea».

2008ko finantza-krisiaren ondorioak

Bestalde, Ramón González Férriz kazetari, idazle eta analista politikoak 2008ko finantza-krisiari egotzi dio «elite tradizionalekiko mesfidantza justifikatuaren» sorburua. Ramón González Férrizen ustez, 2008ko krisiak mugimendu jakin batzuen sorrera ahalbidetu zuen, hala nola M15a, Espainian, edo Tea Party, Estatu Batuetan. Mugimendu horiek eskatu zuten orduko eliteak baztertzea eta, horien ordez, gizartea hobeto ulertzen zuten eta ‘herria’ deitzen zutenaren atal beste mugimendu batzuk ahalduntzea. Kazetari eta idazleak gogora ekarri duenez, mugimendu horiek alderdi berri bihurtu ziren —Podemos eta Vox Espainian, Alternative für Deutschland (Alemaniaren aldeko Alternatiba) Alemanian, Syriza Grezian eta beste asko— edo alderdi zaharrak zeharo eraldatu zituzten —AEBetako Alderdi Errepublikarra edo Erresuma Batuko Alderdi Laborista, esaterako—. «Lehendik errotuta zeuden alderdi erradikalek, hala nola Le Penen Rassemblement national edo Italiako Lega alderdiek gorakada izugarria izan zuten. Eta gertakari traumatikoak jazo ziren, besteak beste, Kataluniako «procés» delakoa edo Brexit-a», azpimarratu du.

«Garai horretako ondorioak gaur ere pairatzen ari gara. Hautesleria oso zatikaturik eta polarizaturik dago; indar politikoek bi gertaera horiek sorrarazten dituzten joerak ulertu egin dituzte eta keinu populistak nahiz komunikazio itsutzailea erabiliz ustiatzen dituzte. Egiatan, alderdi batzuk ez dira aurkariak limurtzen saiatzen, ezpada, jarraitzaileak babesten eta mugiarazten. Hauteskundeetako parte-hartzea apaldu egiten da, eliteekiko mesfidantza ez da urritzen eta ekonomia eta gizarte esparruetako erabaki garrantzitsuak atzeratu egiten dira, baina horrek ez du politikaren traza aldarazten, ezta joera edo asmo tribal txarrenen erabilera okerrena murrizten ere», adierazi du González Férrizek.

González Férrizek ez du inondik inora antzematen ezin saihestuzko gatazkak modu egonkor eta antolatuagoan bideratzeko gauza den demokraziara itzultzeko bidea. Kazetariaren eta analista politikoaren arabera, «aukera bat litzateke identitate-gaien inguruan era maximalistan borrokatzeari uztea edo, bestela, ditugun arazo guztiak bitarrak direla ulertzea, hau da, «baiezko» ala «ezezko» erantzuna behar dutela. González Férrizen ustez, ordea, «zaila dirudi hori lor daitekeenik; izan ere, populazio politizatuaren zati handi bat, politikariak eta komunikabideak eurak era eroso bide daude egungo egoeran, nahiz eta demokrazia zahar eta aspergarria baino askoz ere eraginkorragoa ez izan».

Eva Silvan politologoak ere parte hartu du jardunaldian

Xabier Barandiaran, EAJ-PNV alderdiaren Berrikuntza Politikoaren Arloko arduraduna eta «Euskadi Think Next» ekimenaren zuzendaria eta Sabino Arana Fundazioaren presidente eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko idazkari Mireia Zarate izan dira EAJ-PNVk eta Sabino Arana Fundazioak Euskadiren egungo eta etorkizuneko erronkei euskal gizartearekin batera heltzeko asmoz abian jarri duten pentsamendu eta berrikuntza politikoari buruzko laborategiaren jardunaldi berri hau aurkezteaz arduratu direnak. Leire Palacios komunikatzaile eta berrikuntza-eragileak arteztu du mintegiko parte-hartzaileen arteko elkarrizketa-eztabaida.

Iturria: Sabino Arana Fundazioa 

Interesatu Zaitez