Imanol Pradales: “Harrotasunaren botoa eskatzera natorkizue, ongizatearen Euskadi hau esfortzu handiz eraiki dugun guztiona”

Barakaldon, EAJ-PNVren Lehendakarigaiak, EBBren presidente Andoni Ortuzarrek, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Amaia Del Campo alkateak botoa eskatu diete “zuri-beltzeko Euskadira eramango gintuzkeen abenturarik” nahi ez duten herritarrei

Imanol Pradales: “Harrotasunaren botoa eskatzera natorkizue, ongizatearen Euskadi hau esfortzu handiz eraiki dugun guztiona” 16Apirilak
ApirilaK 16 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Egunotan topatzen ditugun pertsona guztiei galdetu behar diegu: `EAJ-PNVrekin, Euskadik hobera edo txarrera egin du azken urteotan? Zure bizimodu pertsonalak eta zure familiaren bizimoduak hobera edo txarrera egin dute? Zure bizi-kalitatea Euskadi ona da ala ez? Eta erantzuna bada Euskadik hobera egin duela eta zure bizitzak hobera egin duela, argi baino argiago daukazu: Bozkatu EAJ-PNV!. Adi eta kontuz horrenbeste esfortzu eta sakrifizio eginda denon artean eraiki dugun etxea  itsu-itsuan aldatzera eraman nahi gaituen horrekin. Egiten duen iragarpenaren arabera etxebizitza hori handia da eta ikuspegi onak ditu, baina ez du beste gehiagorik esaten. Argazki bakar bat ere ez. Zuen etxea, besterik gabe aldatuko al zenuten bestea ikusi gabe? Ez, ezta? Adi eta kontu handiz itsu-itsuan egin nahi diren aldaketa erradikalekin, ez dadila gertatu gero ezusteko desatsegina dugula eta atzera bueltarik ez dagoela. Horregatik, gaur aldarrikatu nahi dut harrotasunaren botoa. Denon artean, beti lan egiteko prest egon garenon artean  eraiki dugun Euskadik eragiten digun harrotasun horren botoa. EAJ- PNV bozkatzea da harro egoteko moduko Herri honen alde egitea, bai eta  Euskadi, daukagun etxe bakarra hobetzen jarraitzea ere”.

Horixe izan da EAJ-PNVren Lehendakarigai eta Bizkaiko zerrendaburu Imanol Pradalesek gaur arratsaldean Barakaldoko Herriko Plazara hurreratu diren guztiei luzatu nahi izan dien mezu nagusia.  EA-PNVren ehunka alderdikide eta  alderdizale hartu ditu gaur  arratsaldean, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko alderdikide jeltzaleen topagune tradizionala den Herriko plazak. Pradalesekin batera izan dira eta hitza hartu dute EBBren Presidente Andoni Ortuzarrek, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Amaia Del Campo alkateak. Denek bat egin dute herritarrei luzatu beharreko mezuan: Euskal herritar guztiok harro egoteko moduko Herria dugula eta Euskadiz harro gaudela . Euskadin badago zer hobetu, jakina, baina gaur egun bizi-kalitatearen adierazle oso altuak aurkezten ditu. Oposizioko alderdiek,alabaina, ez dute arazorik izan Euskadin dugun bizi kalitatea desitxuratzeko eta zikintzeko, eskukada boto baten truke. “Ni harro nago Euskadi honekin. Euskadiko herritar izateaz harro nago!”, esan du Lehendakarigai jeltzaleak.

“Euskal gizarteak nahi du Euzko Alderdi Jeltzaleak gobernatzea. Herritarrak fidatu egiten dira gure gestioaz, eta fidatu egiten dira, hutsegiteren bat egin dugun arren, balantze orokorra positiboa delako. Eta Euskadik aurrera egin du beti, zailtasunak gorabehera”, azpimarratu du Pradalesek, eta jarraian zehaztu ditu Euskadi etorkizuneko ekonomiaren trenera igotzeko dituen proposamenak, inbertsioak egiteko konpromiso zehatzak aurreikusten dituztenak, zergak igotzera mugatzen direnen proposamenen aurrean. “Uste dut ezin direla hobeto laburbildu politika ekonomiko edo fiskalerako dauden ereduen arteko ezberdintasunak: presio fiskala edo inbertsio fiskala. Bestela esanda, badago Euskadiko langileen eta klase ertainen poltsikoan eskua sartu gurean dabilenik.  Bestetik, batzuk daude egunero ahalegina egiten dutenak, esfortzua eginez eta sakrifizioak eginez. Horregatik, igandean, etxean geratzea oso garesti irten ahal zaigu. Bozkatzera joan behar da”, eskatu du. Lehendakarigaiak EAJ-PNVk sustatu duen politika sozialen ereduaren defentsa trinkoa egin du, eta hitzeman du eredu hori bultzatzen jarraituko duela, are eraginkorrago eginez. “Gure herriak argi baino argiago izan du beti inor ezin dela atzean geratu, horregatik eskua luzatzen diegu beharra duten guztiei. Bazterkeria egoeran ez erortzen laguntzen diegu, berriro ere lan mundura sartzen, bizimodu duina izaten edo pentsioak osatzen. Euskadik ditu estatuko babes sozialeko neurririk aurreratuenak , bai eta Europako onenetakoak ere. Baina ez dugu onartuko bakar bat ere horretaz baliatzea, probetxu ateratzea. Laguntzak dira benetan behar dituztenentzat. Horregatik, beren eraginkortasuna hobetuko dugu eta kontrola areagotuko dugu. Prestazio Sozialen Euskal Agentzia sortuko dugu. Laguntzak bai, Kontrola eta ikuskatze lana, ere bai!”, amaitu du Pradalesek.

Ortuzarrek ere harrotasunaren ideia nabarmendu nahi izan du, hobetzeko ideiarekin erabat bateragarri egiten den zerbait. Gainerako alderdiak “itxurakeriak eta plantak” egitera mugatzen diren bitartean, EBBren presidenteak aldarrikatu du EAJ_PNVko emakume eta gizonoe azken egunotan egin duten lana “gure programa ezagutzera emateko. Etorkizunerako programa da, baina horrenbesteko harrotasuna eragiten digun Herriaren alde egindako guztia jasotzen duen zerbitzu orria ere.  Jakina bizitzan edozer hobetu ahal dela. Baina gaurko Euskadi da ahalegina merezi duen herria. Bizitzeko toki ona da. Eta oparotasun eta ongizate maila altua lortu dugu. Oso ondo ateratzen gara  konparazioetan, eta ez bakarrik Espainiaren aldean, baizik eta Europako herrialde aurreratuenekin alderatuta ere. Zoritxar iragarle batzuek Euskadin gainbehera industriala gertatzen ari dela esan arren, datuek guztiz alderantziz esaten dute: ekonomiaren %40 industria  eta zerbitzu aurreratuak dira, langabezia tasa historiako baxuena da, burutzan gaude berrikuntzan eta teknologian. EAJ eredua!”, ziurtatu du. Baina bere buruari eta aurrean izan dituenei galdetu die: Nork esaten dit garapen hau guztia, oparotasun hau guztia betiko bermatuta dagoela? Ez dago. Gaur egun daukaguna urte askoan eginiko lanaren ondorio da , gauzak egitera  eta ondo egitera dedikatu den jende askoren lanaren emaitza. Oparotasuna, garapena, unean uneko gobernuaren araberakoa izan ohi da. Eta halako gobernua  EAJ-PNVk baino ez du bermatzen. Gainerakoak, abentura hutsak. Gainerakoek zuri beltzean zegoen Euskadira eramango gintuzkete. Eta ez dut hitz egin behar Patxi Lopez edo bere gobernuaz, Bilduk Gipuzkoako aldundia bere eskuetan zuen garaiaz, Maroto eta PP Gasteizen zeuden garaiaz.. Zuri beltzeko abenturarik ez! Euskadi aberatsa nahi dugu, ongizatearen Euskadi, Euskadi bidezko eta garatua”, amaitu du Ortuzarrek.

Iñigo Urkullu Lehendakariak berretsi du igandean bi ereduren artean aukeratzen dela: "EAJren gobernu-eredua, lankidetza publiko-pribatuarena eta itunarena, edo inprobisazioaren eta esku-hartzearen eredua; aniztasuna errespetatzekoa edo uniformetasuna inposatzekoa; memoria eta errespetua edo amnesia eta ahanztura; euskal erakundeekiko benetako kogobernantza eta erakunde eta kolektibo ordezkatzaileekiko elkarlaneko gobernantza edo asanblearismoa eta kontrol soziala; EAJren eredu humanista eta justizia sozialekoa edo inboluzio marxista iraultzailea". Gainera, Lehendakariak bere hitz-hartzean nabarmendu du Euskadik kanpoan sortzen duen "konfiantza" EAJ-PNVk egindako politika publikoei esker. Hala, Euskadi "Europako Funtsen aktibazioan eraginkorrena" dela nabarmendu du, atzerriko inbertsioa "bost urtean %350 hazi" dela, eta euskal esportazioak "32.000 milioi eurotik gorakoak” izan direla, “historiako kopururik handiena” izanik.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak argi eta garbi hitz egin du: “Euskal hiritargo osoari dei egiten diot igandean denok botoa ematera joan gaitezen. Igandean asko dugu jokoan eta gutako bakoitzak, gure botoarekin, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko ahalmena izango dugu. Gure errealitateak, gure beharrak eta gure helburuak bertatik bertara ezagutzen dituen liderra hautatzeko boterea dugu gure eskuetan. Aldaketak hitzemateaz gain, aldaketa horiek gauzatzeko eskarmentua eta erabakimena dituen hautagaia aukeratzeko aukera dugu. Imanol aukeratua denean, Barakaldok, Ezkerraldeak, Bizkaiak eta Euskadi osoak jasoko dituztelako onurak, bere jardunbide onarekin, inplikazio eta erantzukizunari esker ekarriko dizkigunak. Horretaz ziur nago, urteak daramatzadalako berarekin lan egiten, soinez soin, elkarlanean”, azpimarratu du.

Interesatu Zaitez